Solstiziotik solstiziora, Amerikan barrena

Ruka Pillañ (edo Villarrica) sumendia, gauez. Pucón, Araucanía (Txile).

Donostiako Informatika Fakultateak 40 urte bete zituela-eta, urteurrena ospatzeko ekitaldien arteko bat izan zen argazki erakusketa hau. Fakultatearen atarian egon zen zabalik, 2017ko azaroaren 10etik abenduaren 22ra; bertan, 2016an Amerikan zehar egindako bidaian ateratako argazkien lagin txiki bat aurkeztu nuen.

Bilduma ikusteko, egin klik gaineko argazkian.

Bidaia eta erakusketa: nondik norakoak, hitz gutxitan

Aspaldiko asmo bat gauzatzeko zortea izan nuen 2016an, motxila hartu eta sei hilabeterako Amerikan zeharko bidaia bati ekin bainion, ekainetik abendura. Udako solstizioarekin Ternuako kostaldean nenbilen, Artikotik behera etorri ohi diren icebergen miraz eta euskal baleazaleek lurralde haietan utzitako arrastoen atzetik; urte erdi geroago, berriz, Patagoniako mendietan gora eta behera. Hego hemisferioan udako solstizioa izan baino egun batzuk lehenago iritsi nintzen Ushuaia mitikora. Guztira, 27.000 km-edo korrituko nituen: Eskozia Berria, Ternua, Quebec Hiria, Concord, New York, New Orleans, Monterrey, Mexiko Hiria, Puebla, Costa Rica, Panama, Medellín, Mompox, Cartagena, Ekuador, Trujillo, Lima, Atacama, Santiago, Araucanía, Chiloé, Bariloche, Perito Moreno, Ushuaia... trenak, autobusak —bai ugari!—, autoak, txalupak, hegazkin gutxi batzuk... kaleak, hiriak, herrixkak, museoak, hondartzak, oihana, basamortua, mendiak, jendea... geltokiak, tabernak, ostatuak. Bidaia bera egunero oraindik gogora etortzen zaidan bizipen ederra izan zen, eta beta izan nuen, besteak beste, naturaz gozatzeko, historia pixka bat ikasteko, kale artean gora eta behera ibiltzeko, jendearekin hitz egiteko, lagunen bat edo beste egiteko, idazteko —blogoetak izeneko blogean—... eta, nola ez, argazkiak egiteko.

Hamabost edo hamasei urte nituela heldu zidan argazkigintzaren harrak, eta iazko bidaia horretan egiaztatu nuen —beste behin— ez nekiela munduan zehar ibiltzen kamerarik gabe. Izan ere, abiatu aurretik egin nituen planen artean ez zegoen argazki asko egitea... baina bueltan txartelak deskargatzen hasi eta 9.000tik gora “raw” gorde nituen ordenagailuko disko gogorrean. Lanera itzulitakoan ez nuen uste material hori guztia lantzeko denborarik aterako nuenik inondik ere; erakusketa hau aurrera atera nahiak, baina, mugiarazi egin nau, eta hona hemen emaitza.

Argazki pila horretatik, lagin ezinbestean txiki bat baino ez da Informatika Fakultateko erakusketa honetara ekarritakoa: jendea, erretratu zenbait, paisaia, monumenturen bat, natura...; 56 irudi, zuri-beltzean batzuk, koloretan gehienak.

Bistan denez, askotariko gaiek erakartzen dute nire begirada, kameraren bisore atzean jartzen naizenean. Eta pozik geratzen naiz erretratu bat egin eta harrapatutako espresioak zerbait esaten badit, irudiak altiplanoko gizon-emakumeen harrotasun jipoitua islatzen duela iruditzen bazait, esaterako; edo ostera sekula errepikatuko ez den une hori atzitu izana uste dudanean; edo, bat-batean eguzkia irten, eta ordura arte grazia izpirik ez zeukan mendi paisaia ilunari uste eztako distira aterarazi diolarik, aurrekoarekin zerikusi gutxi duen irudi iheskor eta berri hori atzematen dudanean. Eta berdin zait hori lortzeko goizeko lauretan jaiki behar izan badut ere, Paineko Dorreen begiratokira eguneko lehen argi txinten aurretik iritsi ahal izateko; edota egun nekagarri baten ondoren ohera noala, urrunean Ruka Pillañ sumendiaren barruko suaren dirdaia sumatu, tripodea jarri eta argazki txukun bat lortu arteko onik gabe aritu behar izatea, azkenean ohera izoztuta ailegatuko banaiz ere.

Horra, bada, erakusketa honen nondik norakoak.

 

2017ko azaroa.

 

Otavaloko azoka, 07:18. Ekuador.