Arimaren zain

Nova Scotiako Halifaxen da dagoeneko bidaiariaren –bidaiarigaiaren, oraindik behintzat, ikusitakoak ikusita– gorputza, auskalo non duen oraindik arima. Atxagari behin baino gehiagotan entzun izan dionez, gaur egungo bidaiatzeko moduak nahitaezkoa du arima atzean uztea, eta, hegazkinez mugitzen garenean, esaterako, ez omen da gurekin batera etortzen. Hortaz, haren zain egon beharra dago: helmugara iritsi eta egun batzuk itxaron, arima noiz helduko.

Horretan da, beraz, bidaiaria, bidaiari ekiterako Eskozia Berriko hiriburuan bizpahiru egun ematen ari den honetan. Horretan… eta motxilaren zain, hura ere atzean geratua baita, inondik ere, ez dirudi Loiuko aireportuan garaiz sartzeko betarik izan zutenik.