Bikingoak Ternuan

Ternuaren ipar mendebaldean dagoen L’Anse aux Meadows garrantzi handiko lekua da historikoki. Erik Gorria bikingo sonatuaren Leif semea iritsi zen hona, Groenlandiatik, duela 1.000 urte inguru, hirurogei bat gizonekin –emakumeren bat ere bai tartean, baina gutxi–. Arkeologoek 1960an aurkitu zituzten haien arrastoak hemen, Erdi Aroan norvegiera zaharrean, eta Islandian batik bat, idatzitako sagetan kontatzen direnei jarraikiz.

Bikingoak Norvegiatik kanporatutako jendea zen, harrapaketan jarduteagatik bidalitakoak. Irlandan, Faroe Uharteetan eta abarretan barrena ibili eta gero, Islandian geratu ziren, eta handik abiatuta Groenlandia aurkitu zuten (beste leku askotara ere iritsi ziren, baina hori beste kontu bat da). Groenlandian zuhaitzik ez zegoenez, eta zuhaitzak behar beren ontziak egin eta konpontzeko, aurrera egin zuten, eta Ternuako mutur honetara iritsi ziren, Labradorreko kostaldean zehar. Garai hartako ontzi teknologia aurreratuenaren jabe izaki, euskaldunak baino –eta La Española uhartea “deskubritu” zuen beste hura ere baino– dezente lehenago heldu ziren ilehoriak Ameriketara. Bostehun bat urte, besterik ez.

L’Anse aux Meadows-en oinarrizko kanpamentu moduko bat ipini zuten, bertatik inguruak esploratzeko helburuarekin. San Lorentzo ibaiaren eskualde aberatsa ezagutu zuten horrela, eta Vinland izena eman zioten (“mahatserria”, mahatsondo makatzak aurkitu baitzituzten bertan). Mahats horrek, ordea, bazuen jabea, Ameriketara 13.000 urte lehenago iritsitakoen ondorengoak bizi baitziren inguru hauetan.

Ez zuen asko iraun L’Anse aux Meadows-eko kanpamentuak, hamar-hamabost urte gehien jota, eta bikingoak joan-etorrian ibili omen ziren, gainera, urte horietan. Bertan lehendik bizi zirenekiko harremana hasieran ona izan bazen ere, ematen du gerora hondatu egin zela, eta azkenean alde egitea erabaki zuten. Ez dirudi borroka baten ondoren alde egin zutenik, beren puskak hartuta joan ziren behintzat. Hala ere, eraikitako guztiari su eman eta gero egin omen zuten martxa. Interpretazio zentrokoek diote ez dagoela argi zergatik egin zuten hori, berek egindakoaz beste inor balia ez zedin-edo izango zela, hori dela probableena.

Kanpamenduari su emate hori, baina… ez da, ba, izango bertakoek lehorretik –eta ontziak bistan oraindik, kostatik urruntzen ari zirela– egindako agur beroa, argi utziz ez zutela nahi ostera itzultzea?