“Bordes” at the border

Listo, pasatu haiz AEBra: honetarako hainbeste komeria?

Autobusa iritsi duk mugara: Highgate Springs, 6:17 PM. Aurrean beste bat zegoan, geldi. Haiekin bukatu dutenean, zuenak aurrera egin dik stoperaino. Ez duk sekula hainbeste kamera ikusi hain metro koadro gutxian.

–Denak kanpora, duzuen guztiarekin. Ez dut ezer ikusi nahi hemen barruan –kankailu galanta builaka, beste bat kanpoan zegok; ederra, hasiera.

Ba denok kanpora. Eta barrura: bulego batera pasarazi zaituztete gero. Eta bulegoan, kankailuarengana banan-banan, galderatxoak erantzutera. Bitartean, bestea autobusera igo duk, eserlekuen azpian miaka zebilek, zer topatuko, gero etxean kontatu ahal izateko izango duk –ai, ama, sandwicha eta platanoa barruan utzi dituk, eta dena ateratzeko esan ditek; gainera, horko kartel horretan dioenez, fruta eta berdura pasatzea ez duk legezkoa: ederki hasi haiz heu ere!

Deitu dik kankailuak, animo, ea nola portatzen haizen:

Why Boston? –ez, hobeto: whyyyyyy Bstn? Hargatik, baboa!, heure artean, jakina; irribarrerik onena atera, eta:
–Ba hementxe, bueltaka nabil-eta, badakizu, ezagutu nahian: travelling around.

Eta galdera bat bestearen atzetik, a zer jarioa morroiak, galdetzen hasita: non, nola, zergatik, nora, norekin, zertarako, noiz arte… Zenbat aldiz izan haizen lehenago Estatu Batuetan, noiz azkenekoz. Eta oraingoan, nondik nora ibiltzeko asmotan? Pardon gutxi batzuk gorabehera, moldatu haiz, poliki moldatu ere: zer den tentsioan egotea… eta zer galdetuko diaten jakitea. Bukatzeko, berriz, ea nola pentsatzen duan bidaiatzea:

Mostly by land –espezial atera zaik mostly hori, bikain; edo basically by land esan diok? Tira, edonola ere, primeran geratu duk, proficiency-a hirea.

Bueno, ba itxoin ezazu hor pixka bat, gero ez dakit zer egin behar dizugun, laster deituko dizut berriz. Tira, segi txokora!, Zuatzuko txakurrari esaten zitzaion bezala.

Pasatu dituk autobuseko bidaiari guztiak –argalak eta lodiak, emakumeak eta gizonak, frantsesez mintzo zirenak eta ingelesdunak, zuriak eta beltzak, ikasleak eta turistak, tximaluzeak eta heu bezalakoak: zirenak, guzti-guztiak, aurrera–, eta txokoan heu bakarrik geratu haiz. Solito íngrimo.

Halako batean, korridore luze batean aurrera joateko agindu dik, bera atzetik zetorrela (badaezpada ere izango zuan, segurtasun neurriak edo). Eta barruan, galdera gehiago. Non egingo duzu lo gaur. Airbnb?, horrek lasaitu dik mutila, hala iruditu zaik.

Orain, hatzak: aurrena bostak batera, gero lodia bakarrik; gauza bera orain ezkerrekoekin. Gero, argazkia: betaurrekoak kendu… listo! Fitxatuta. Eta amaitzeko, ekarri sei dolar. Duela hilabete pare bat ESTA atera huen, bi urterako balio duena, eta hamalau dolar ordaindu. Eta hau zer da orain? VISA Waiver, AEBn 90 egun egoteko baimena. Bejondeizuela: to, ba, beste sei dolar!

Would you like a receipt?
Yes, please. –galdetzea ere!

Autobusera igo haizenean ez ditek txalorik jo, baina beldur hintzen. Platanoa, utzitako lekuan zegoan, eserleku azpian. Txoferrak berehala jarri dik motorra martxan, eta “Amerikan” barrena sartu orduko konexiorik gabe geratu haiz, kontakizun hau berotan argitaratu ezinik.

Greyhound konpainiaren autobusa.
Greyhound konpainiaren autobusa.