Ellis Island

Lehen eguna New Yorken, eta bidaiariak –gaur turista esango diogu hobeto, inoiz baino halakoago ibili baita, izan ere, Askatasunaren Estatua ikustera zihoazen guztien artean, kamera lepotik zintzilik– Ellis Island bisitatzea erabaki du. Ahalegindu da joan-etorriko txartela erosten, baina ezetz esan diote: Ellis Island ikusi nahi duenak Mrs. Liberty-ri ere egin behar dio bisita, dena txartel berean sartzen da, 18 dolar (nahiz eta uharte banatan egon, bata Ellisen eta bestea Libertyn!). Beraz, Ellis, Liberty eta buelta egin behar.

Ellis uhartean egon zen, 1892tik 1957ra bitartean, New Yorkeko portuko Immigrazio Gunea. Bertan egiten zieten harrera amerikak egitera-edo New Yorkera etorkin heltzen ziren guztiei, bertan fitxatzen zituzten, bertan galdekatu eta arakatzen zituzten (aldean gutxieneko diru kopurua bazutela egiaztatzearren, besteak beste), bertan aztertzen zituzten medikuek (gaixotasun txarren bat ez zekartela ziurtatzeko) eta bertan ematen zieten oniritzia –edo atzera bidaltzen zituzten, ekarri zituen ontzi berean etxera berriz, itsasontzi konpainiaren kontura, gainera–. Bidenabar, antzekotasunak bilatu dizkio turistak orain gertatzen denarekin; batez ere, orduan bezalaxe orain, garraio konpainiak baitira aldez aurreko egiaztapenak egin eta oztopoak jartzen dituztenak, pertsona bat itzulerako txartelik gabe halako herrialde batera eraman behar dutenean, adibidez; gero haien kargu da-eta, pertsonari herrialdean sartzea ukatzen bazaio, ostera jatorrira bueltan eramatea.

Immigrazio Gunea, itxi ondoren, museo bihurtu zuten. Eta bikain irudikatuta dago bertan garai hori nolakoa izan zen, eta nolako gertaerak bizi izan ziren urte horietan, Amerikara bizimodu hobe baten bila zetozenen eta Ellisen lan egiten zuten ofizial, funtzionario, inspektore, mediku, interprete eta abarren artean. Hainbat historia eta istorio, askotarikoak; gehiegi, orain hemen kontatzen hasteko.

Bilaketa zerbitzua ere eskaintzen du museoak: altxor bat estatubatuarrentzat, askoren arbasoen sarbide izan baitzen Ellis (gaur egungo 100 milioi estatubatuarren arbasoak iritsi ziren New Yorkeko portura, diotenez), eta horien bilaketa egin daiteke museoan. Etorkinen ondorengoen artean, turistak ere ekin dio bilaketari, jakinmin hutsez: 126 Zubillaga (gehi beste 5, Zuvillaga idatzita) eta 102 Artola ageri dira erregistroetan: noiz heldu ziren, nondik, zein itsasontzitan eta abar!

Horma batean paratutako etorkinen erretratu mordoxka batek erakarri du hurrena. Izen-abizenak eta nongoak ziren idatzita dago argazki bakoitzaren azpian (italiarrak, poloniarrak, errusiarrak, ukraniarrak, txinatarrak…), batenean izan ezik: planta oneko mutila, biboteduna, kapela buruan; eta, azpian, sheperd, artzaina, besterik ez, ez deiturarik ez nondarrik. Eta horrek gogora ekarri dio Sustatun duela urte batzuk irakurritako zerbait, non New York Times egunkariko albiste bat aipatzen baitzuten, 1911ko martxokoa. Albiste horretan immigrazio agenteen komeriak deskribatzen dituzte, nolako lanak izan zituzten “hizkuntza zahar” batean mintzo ziren “Espainiako ipar aldeko euskal arrazako” (sic) 150 heldu berriren hitzak ulertzeko –igande arratsaldean iritsiak, Touraine itsasontzi frantsesaren bigarren kabinan, eta azken helburu Nevada, Idaho eta Montana omen zituztenak–. Eta ikustekoa da zer terminologia erabiltzen duten orain, museoan, ontzi bat iritsitakoan sortzen zen hizkuntzen saltsa aipatzeko: “etorkinek Babelgo Dorrea topatzen zuten bertan”, eta, inspektoreen laguntzaile, “hizkuntza nagusiak eta dialekto ilun asko” menperatzen zituzten interpreteak omen zeuden.

Ez da asko kostatzen imajinatzea zer sentituko zuen, etxekoak utzi eta bidaia nekoso eta luze baten ondoren, leku ezezagun horretara iritsitako etorkinak, bere hizkuntzan baten batek kasu egiten bazion kaitik, adibidez, “Euskaldunik ba ote da hor, ontzian?”.

Halakoxe poza sentituko zuten, noski, eta honekin amaitzen da gaurko saioa, Irene Aguirre newyorktarrak aipatzen dituen bi euskaldun haiek ere (aipu hori Argiaren egutegi takoan argitaratu zen, duela urte batzuk), New Yorkera heldu berri, gela bat errentatzen lagundu zietenean. Afaldu eta gero, lotara joan baino lehen, argia itzali zuten; ez zuten, ordea, hiri gasa ezagutzen, eta kandela bati bezala putz eginda itzali zuten gartxoa, nonbait, ixteko giltzari eman gabe. New Yorken bizi ziren euskaldunen artean bildu behar izan zuten dirua zorigaiztoko bi mutil haien hiletak ordaintzeko; eta horixe omen da, hain zuzen, egun Brooklynen dagoen New Yorkeko Euskal Klubaren –Euzko Etxearen– jatorria.