9.400 m-ko desnibela (2)

[Sarrera hau beste honen jarraipena da: 9.400 m-ko desnibela (1)]

Jurasiko termetara ordu biak aldera igo hau Humbertok. Paraje adiera guztietan izugarria iruditu zaik, kristaurik ez zegoan, zaindaria eta bere zakurra inguruan, beste inor ez… Putzu aseptikoenean sartu haiz aurrena, tenperatura egokia zian urak, 40 gradu inguru esango huke; Humberto, aldiz, gero ohartu haiz, buztin koloreko ura zeukaten putzuetako batean murgildu duk zuzenean (horietan 45 gradutan-edo zegok ura). Hire piszinako hormek ez zitean inolako itzalik ematen ordu horretan, eta biseraren bila irten behar izan duk uretatik.

Beroa goitik, beroa behetik, Aricako hondartza baino 4 km gorago altueran… eldarnio batek irentsi hau, sukar ametsek berenganatu haute. Guanakoak eta bikuinak heltzen ikusi dituk, tropelean, mendi mazeletan behera, eta termen zaindariaren txakurrarekin borrokan jardun dituk, bertakoen eta kanpotik etorritakoen arteko borroka betierekoan; kondorren karrankak ere aditzen zituan denbora guztian, baina ikusi ez, haiek ez zituan inondik ageri. Ikusi, egia esan, ez huen gauza handirik ikusten, altuera horretan argia itsugarria baita gehienetan. Gorputza goxo sentitzen huen, ur azpian, baina ur gainean geratutako zatia, burua izango huen noski, alderrai bezala sumatzen huen, igerian, heurea ez beste batena bailitzan… Gero, honetan guztian pentsatzen jarri haizelarik, hobeto ulertu duk zergatik esaten duten Chungará –ia 700 m gorago oraindik– zerutik gertu dagoela, heuk ere ez dakik inoiz hain gertu sentitu haizen. Halako batean, argazkilari orok izan ohi duen hatz klikalarian mandeuli, ezpara bat ikusi duk: ez zuan eldarnioak eragina, heldu egin dik behintzat aluak, eta horrek espabilarazi hau behingoan!

Herrira jaitsi, eta ez hintzen gauza ezer asko egiteko: zer edo zer afaldu eta ohera joan haiz zuzenean. Baina gaua luze egin zaik oso, ez duk lo askorik egin. Buruan bueltaka denbora guztian erabaki ona izan ote den hona etortzea: Arican eskainitako tour-a hartu eta ordu gutxi batzuk buruko minez ez egotearren, ez ote dituk bi egun osorik emango buruko minez?

Gosaldu, eta zortzietarako gertu hintzen. Eugenio pittin bat berandutu egin duk, baina beste bezero batekin azaldu duk, mutil frantses batekin. Adostu bezala, lehendabizi Chungaráko lakuraino joango zarete, eta gero egingo dituzue txangoaren barne dauden beste bisitak. Aldapa gora duk bidea, noski, eta ordubete behar izan duzue punara, goi ordokira heltzeko. Behin punan, ordu batzuk emango dituzue 4.500-4.700 m-ko altueran, Chungará, Cotacotani, Parinacota eta abar ezagutuz.

Goi ordokia beste mundu bat duk. Argiak ere beste mundu batekoa zirudik han. Gauez hotz galanta egiten dik, baina eguzkia atera orduko, eta urte garai honetan ez dik huts egiten, berehala epeltzen dik; gauetik egunera 30 graduko aldea izaten omen duk maiz. Arropa guztia jantzita eduki behar izatetik ia dena erantzi behar izatera ez duk asko behar. Han ezin duk ezer landu, ezta patatarik ere. Lasto lakar bat hazten duk denean, etxeen estalkia egiteko erabiltzen zena, eta goroldio eta liken batzuk, baina fauna aldetik aberatsa duk: hegazti mota asko (Andeetako flamenkoak eta kaioak, ahateak, kondorrak…), kamelidoak (bikuinak, guanakoak, alpakak eta llamak), bizkatxak (isats luzeko untxi moduko batzuk), azeriak, pumak…

Laku ingurura iristean, bihurgune batetik irten eta errepidea ezohiko kolorez margotuta agertu duk bat-batean: Boliviako mugarainoko kamioi ilara duk, kilometro batzuk bai, eta mugaz bestaldean beste horrenbeste omen zegok. Kamioizaleak gaua bertan emanda zeudek, hotzez eta gose, eta haserre, txiletarren greba dela-eta muga ez baitute biharamunera arte zabalduko. Kamioi guztiak boliviarrak dituk: Aricako portutik gora datorren errepide hau duk, itxuraz, boliviarrei geratu zaien itsasorako irtenbidea.

Parinacota sumendia (ez zirudik, baina 6.342 m-ko altuera dik) nagusi duk inguru osoan, eta blogoeton irakurleak behin eta berriz ikusi beharko dik argazkietan. Haurraren mendi eredua betetzen dik, konoak goi aldean beti duen elur orban zuriari esker –Eugeniok barre egin dik, hori esan duanean–. Sumendiak lakuko ur hotzetan eratzen duen isla postalekoa duk, baina ezin izan diok eutsi behin eta berriz argazkiratzeko tentazioari. Cotacotaniko begiratokian dagoen isiltasuna –errepide honetan ibiltzen diren kamioiak ere geldirik zeudek gaur– eta ikuspegiaren ohiz kanpokoa zirraragarriak dituk; aintzira txiki hauek Parinacotaren lava eremu zaharra –duela 7.000 urte izan omen zian azken erupzioa– pinportatu eta koloreztatzen ditek. Parinacota herrira iritsitakoan, berriz, paraje babesgabe horretan pertsonak nola bizi litezkeen –gutxi samar geratzen omen dituk egun, egia esan–, ezin duk besterik pentsatu.

  • Jurasiko termak. Putre, Txile.
    Jurasiko termak.

 

Goialde horretan ibili haizen bitartean ez haiz gaizki sentitu, bezperan baino dezente hobeto ibili haiz. Eta bezperatik etortzea merezi zuela erabaki duk. Berriro Putrera jaitsitakoan izan duk, bai, ostera ere buruko min sor bat, baina paracetamol bat hartu eta berehala arindu duk. Askoz hobeto lo egin duk, gainera, eta biharamunean beste gorputzaldi batekin jaiki haiz.

(jarraituko du)