Kantatako Iquique eta udal hauteskundeak (eta 2)

[Sarrera hau beste honen jarraipena da: Kantatako Iquique eta udal hauteskundeak (1)]

Museotik irten eta eskola egon zen lekura joan da B, eta han ere gertaera bitxia bizi izan du. Esan bezala, orain ikastetxe berri eta handi batek hartzen du behinola plaza izandakoa, Liceo Bicentenario izenekoak. Bertan hauteskunde mahaiak zeudenez, zaintza lanetan ari zen militar bat etorri zaio sartzerakoan, eta ea nora zihoan galdetu dio. Bk esan dio monolitoa ikusi nahi zuela, ea ba ote zekien non zegoen. Militarrak arrastorik ez zeukala, baina ez zela ikastetxe barruan egongo, eta bilatzeko kanpoan, eskola inguruan. Bazihoan B kanpora, eta hor azaltzen da, eskola barrutik, militarrarekiko elkarrizketa entzun duen tipo bat B erreskatatzera, eta esaten dio berarekin joateko, berak erakutsiko diola monolitoa: militarra aho bete hortz utzi, eta eskolaren barru aldera joan dira biak.

Monolitoa ez zegoen eskola barruan, baina mutil hark barrutik eraman du B eskolako beste ate bateraino, berak jakingo du zergatik. Eta museoko zaindariaren jarrera berdintsua hark ere: jakin dezatela kanpoan hemen zer gertatu zen; zer informazio gutxi dagoen hilketa izugarri hartaz; zer garrantzi gutxi ematen zaion oraindik ere gertaera hari, diktaduraren ondorengo demokrazia garaian ere (Bk letra etzana erabiliko luke Txileko egungo demokrazia aldia aipatzeko, hainbat txiletarrek ez dela benetako demokrazia eman baitiote aditzera, horretaz mintzatzean; baten batek 43 urteko diktaduran daudela ere esan dio)… Kontatu dio birraitona salitreroa zuela, urte beltz hartan; kontatu dio nola okupatzen duten ikastetxe berria urtero –militante petoa tipoa ere, ez oso gaztea baina B baino gazteagoa, halere–, abenduaren 21ean, 1907koaren memoria gal ez dadin; nola Txileko Partido Obrero Socialista delakoa –oinarri anarkistaduna– Iquiquen sortu zen, 1912an, Luis Emilio Recabarren tipografoaren eskutik, eta bertako langile mugimendu indartsutik sortu zela (alderdi horretatik sortuko zen, hamar urte geroago, Txileko Alderdi Komunista ere). Elkarrizketa laburra izan dute, mutila hauteskunde mahai batean zegoelako ikuskatzaile lanak egiten-edo, eta berehala esan baitio alde egin beharra zeukala.

Iquiquera eraman duten lanak eginda, eta pozik, bazkaltzera joan da B, chifa batera (chifa esaten zaie jatetxe txinatarrei Perun-eta, baina, Wikipediak dioenez behintzat, lekuko ohituretara nolabait egokitutako jakiak eskaintzen dituzte, ez erabat txinatarrak). Izkirak eskatu ditu, itsas belar eta perretxikoekin; eta edateko, garagardo bat.

Telebistan, egungo demokrazien kezketako bat: «¿Fue un error hacer el voto voluntario? ¿Hay que volver al voto obligatorio, horixe ari zaie galdetzen kazetaria zuzenean hauteslekuetatik irteten ari diren herritarrei; ez da harritzekoa kezkatuta egotea, udal hauteskunde hauetan abstentzioa % 70ekoa izan baita ia. Bidenabar, esan behar da zentro-eskuina nagusitu dela, eta egun gobernuan dagoen koalizioak egurra jaso duela galanki.

Halako batean, bi zerbitzariak elkarrekin hizketan eta Bren mahaira begira. Zerbitzatu diona ez da konturatu hauteskunde eguna zela, eta halako egunetan ezin dela alkoholik zerbitzatu: «Mire, disculpe, pero hoy día son elecciones municipales, y está prohibido consumir alcohol en establecimientos públicos». B harri eta zur, botilari heldu edo zer egin ez dakiela… kendu egingo ote diote orain izkirekin hain ondo sartzen ari zitzaion garagardoa? Azkenean, betikoa: karabineroak sartzen badira ere, ez dezatela behinik behin ikusi botila mahai gainean: botilakoa edalontzira hustu, eta horretan geratu da kontua.