Amodio bolkanikoak

Atacamako gatz lautada: Licancabur eta Yurique sumendiak, Andeetako mendikatean. San Pedro de Atacama, Txile.
Atacamako gatz lautada: atzean, erditik eskuinaldera, Licancabur (muturduna) eta Jurique (muturmotza) sumendiak, Andeetako mendikatean.

Atacamarren elezahar batek kontatzen duenez… Egia esan, zenbat bertsio entzun edo irakurri, hainbat istorio desberdin aurkituko dituzu, horrelakoetan ohikoa denez herri guztietan. Hona hemen bat:

Likankabur eta Jurike sumendi jainkoen ondoan bizi zen garai batean Kimal mendi jainkosa (argazkian sumendien eskuinaldera ikusten den hutsunean, hain zuzen ere).

Likankabur Kimalekin ezkontzekoa zen, baina Kimalek Jurike maite zuen. Laskar, Kimalen aita, haserretu egin zen (Laskarrek, oraindik ere aktibo dagoen sumendiak, erupzioa izan zuen; argazkian ez ikusiagatik gertu dago besteetatik), eta Jurike jo eta burua moztu zion (erreparatu argazkiari berriro). Hori gutxi bailitzan, Laskarrek Kimal erbesteratu egin zuen, Andeetatik Domeyko mendikatera igorriz, Atacamako gatz lautada zabalaren beste aldera (pare-parean dago mendikate hori, baina urrun Andeetakotik).

Udaberriko solstizioan, eguzkia sartzerakoan, Kimalen itzala luze-luze egiten da, eta Domeyko mendikatetik lehen bizi zen lekuraino iristen da; Jurike kuttunaren ondoraino, alegia.