Hitzak behar: Barilochen, eta kamerarik ez!

Argentinan haiz dagoeneko, Barilochen; gaur bertan –hilak 16– heldu haiz Txiletik, Andeetan barrena autobusez. Club Andinora joan eta mendi buelta bat egiteko apuntatu haiz, bakarrik ibiltzeaz aspertuta. Biharamunean, motxila txukun-txukun prestatu, arropa, jatena, ura… baina zer ahaztuko, eta kamera! Autobusean hintzela akordatu haiz, hiritik irteterakoan: artaburu zabarra!, erremediorik gabeko babo arraioa!

Hitzak sobera!!!
Hitzak sobera!!!

Eguraldia, bikaina. Aurrena, Pampa Linda-ra joan zarete: Degurixa erraldoia duk hura, Andeetako eskalan, bordak eta txabolak ments. Egutegi paisaia duk aurrean duzuena, postaletakoa: Pampa Lindako ordokia, eta, hondoan, ezin dotoreago, Cerro Tronador zuritua. Gure maiatza duk, elurrak lurmentzeko sasoia, eta errekak pozik zetozek mendian behera. Egia esan, eta inori inbidiarik eman nahi gabe, urte sasoirik ederrena duk honelako tokietara etortzeko –Piriniora edo Kanadako Mendi Harritsuetara joateko bezala–, mendi garaienetan oraindik elurra dagoela; nahiz eta bere alde txarra ere baduen, mendi bide batzuk oraindik itxita baitaude.

Ibilbideari ekiterako, Pampa Lindatik Ventisquero Negro glaziar beltza ikustera eraman zaituztete, Tronadorren azpian (glaziar berezia duk, izotzak zikin-zikinak baitatoz, beherako bidean morrenetako hondakinekin nahastuta: horrexegatik beltza). Cerro Tronador hori maputxeen Anon sumendi zaharra duk (3.491 m), eta, izen berriak dioen bezala, trumoilaria esaten ziotek, gailurretik zintzilik dituen glaziarren izotzak zartatzen direnean ateratzen dituen trumoi hots ikaragarriak direla eta. Han zinetela, baina, ez duzue halako hotsik sentitu.

Joango duk denbora, joango dituk hogei, hogeita hamar, berrogeita hamar urte, eta gaurko txangoan etorri zaretenetatik gutxi batzuk geratuko dituk hemen, akaso, orain munduaren jabe zaretela uste duzuen horietako gehienak hauts bihurturik egongo zarete ordurako; Cerro Tronadorrek, ordea, hor jarraituko dik, dotore eta trumoi orroka, beste mila, bi mila, hiru mila urtean.

Ibilbidea polita izan duk, tamainakoa –baina gaur hamabost Torres del Painen egiteko asmoa duan zeharkaldirako entrenamendu gisa, eskasa–. Bi ordu gora, Tronadorretik behera datorren beste glaziar baten muturreraino, eta buelta.

Taldeko argentinarrentzat euskaldunak badik zer kontatua, interesa ditek Euskal Herrian gertatzen denaz. Bere aldetik, euskaldunak ere ikasi dik Argentinako historiaren gertakari ilun baten berri: XIX. mendearen amaieran, Argentinako armadak Patagoniako lurraldea konkistatu zian, bertan bizi ziren maputxe, ranquel eta tehueltxe kolonizatuen kontrako birkonkistatzea eta genozidioa eginez. Euskarazko wikipedian ez zegok ezer Basamortuaren Konkista izendatu zuten honen inguruan1; gaztelaniazkoan irakurri nahi izanez gero, berriz, jo hona. Genozidioa, bai, Argentinan historia ofizialak beste azalpen batzuk asmatu baditu ere: hilketak, lekualdatze behartuak, ume lapurretak… eta, jakina, azken helburua horixe baitzen, lurraldearen ebaste orokortua.

Itzulerako bidea solasean eman duzue, beraz, eta bidea are laburragoa egin zaik. Bukatzeko, eta bestelako argazkirik ezean –egia esan behar bada, bizi, bizi liteke kamerarik gabe ere!–, hona hemen sakelakoarekin ateratako batzuk –ez egin zoom, mesedez!; hori bai, hurrengo mugikorra erosterakoan, kamera hobea duen bat aukeratuko duk–:

  • Cerro Tronador. Bariloche, Argentina.

 

  1. 2022-08-16: Laburra izanagatik, egun bada euskarazko Wikipedian ere Basamortuaren Konkistari buruzko artikulua; ikus hemen.