Kameren aurrean dantzari: argazki erakusketa

Aurrena Donostian eta gero Zarautzen izango dudan erakusketa hau Dantza-ren (Telmo Esnal, 2018) filmatze saioetan egindako argazkiekin osatua da, eta filma ekoitzi duen Txintxua Films-en laguntza jaso du.

Filmatze saio horietan argazkiak egitera gonbidatu nindutenean, ez nekien zer aurkituko nuen; zinemaren mundua ez nuen barrutik ezagutzen eta ez nekien zer-nolako egoerak eta aukerak izango nituen argazkiak egiteko. Estreinakora joan nintzelarik, baina, Igartubeitiko argi-itzaletan eta kameren aurrean dantzarien oin biluziek zurezko zorutik harrotzen zuten hautsaren artean lehen klikak egiten hasi orduko, ernamuindu zen niregan erakusketa honen bidez aurkezten dudan proiektu fotografikoa.

Hona hemen lekuak, datak eta ordutegiak:

  • Gipuzkoako Argazkilari Elkartea. San Juan kalea, 27 (Paseo Berria). DONOSTIA.
    Datak eta ordutegia: 2019ko urtarrilaren 11tik otsailaren 6ra.
    Astelehenetik ostiralera: 17:00-21:00.
    Larunbatean: 17:00-20:00.
  • Photomuseum. San Ignacio kalea, 11. ZARAUTZ.
    Datak eta ordutegia: 2019ko otsailaren 12tik martxoaren 19ra.
    Asteartetik igandera: 10:00-14:00 eta 17:00-20:00.

Eta hor duzu erakusketaren webgunea ere, informazio gehiago nahi izanez gero.

Gonbidatuta zaude, irakurle, ea gustatzen zaizun.