¡Pura vida!

Honaino, beraz, bidaiaren lehen fasea. Iritsi haiz Costa Ricara, egun batzuk lasaiago emateko asmotan. Etentxo bat eten luzearen barruan.

Urrun geratu dituk Ternuako izozmendi herrariak, Eskozia Berriko kostalde ederra… Azken boladan, azken hilabetea, hiri handietan murgil ibili haiz ia erabat, irten gabe: New York, New Orleans, Mexiko DF, Puebla bera… kalearte itogarrian. Mendia behar duk, berde pittin bat, itsasoa, airea… begiratua urrunago finkatzeko premian sentitzen haiz dagoeneko; argazkietan zeruertza non kokatu ere ahaztu egingo zaik martxa honetan bestela.

Blogoeta hauei ere, eta, batik bat, hor dauden –zaudeten– irakurleei, atseden labur bat eman nahi hieke; bihoazkie hemendik eskerrik tropikalenak azken horiei honaino heltzeagatik, ez zekitek ondo zenbat laguntzen duten!

Ez huke erabat moztu nahi, halere, asmoa baduk noizean behin argazki batzuk sikiera igotzeko, Hitzak sobera saileko sarreraren bat edo beste osatzeko. Costa Rican paraje ederrak ba omen dituk, ea edertasun hori argazki bidez islatzen asmatzen duan.

San José (Costa Rica).“Zer moduz” galdetu, eta “¡Pura vida!” erantzuten ditek ticoek, primeran daudela adieraziz. Bizitzen jakitearen balioa ere erakusten omen dik esaldi horrek, bizitzaren aurrean duten jarrera etsi (?), alai eta optimistaren seinale omen duk.

Ea, ba, zer edo zer ikasten duan, ez zaik-eta gaizki etorriko!