Blas Lezo Olabarrieta

Euskaldunak Amerikan, denean ibili dira. Bidaiariak bazekien hori bidaian abiatu aurretik, baina ibilian arrastoak aurkitzen dira han eta hemen, erruz (kale izenak, deiturak, aipamenak… Arzayuz abizeneko kafetegi-jabe atsegina, bart bertan, Cartagenan), eta euskal presentzia hori materialagoa bihurtzen da. Hala ere, jende askori azaldu behar zaio oraindik non dagoen País Vasco delakoa, eta bidaiariak, batzuetan, tankera berriko misiolari gisa ikusten du bere burua, Espainia eta Frantziaren artean badela herri bat, Andorra ez dena, azaltzen hasita. Aspaldiko proiektua du txarteltxo batzuk diseinatu eta inprimatzea, mapa eta guzti, jakina, hor zehar banatuz joateko, baina ez du sekula egin; eta bidaia hauxe zuen aukera horretarako, baldinbaitere.

Itsasoaren alde honetara etorritakoak –edo etorritakoen ondorengoak– artzain ibili dira, enperadore izan dira, esne-saltzaile, diktadore, nekazari, aberats, militar (bada Armando Artola Azcárate izeneko jeneral bat, esaterako, Perun, ezerezetan ezerezena, gainera, eta txiste dezente sortzeko bidea eman omen duena), pirata, sukaldari, esklabo-jabe, apezpiku, marinel, moja, kale-garbitzaile, baleazale, soldadu, arrantzale…

Blas Lezoren estatua, San Felipe de Barajas gotorlekuaren aurrean. Cartagena de Indias.
Blas Lezoren estatua, San Felipe de Barajas gotorlekuaren aurrean. Cartagena de Indias.

Normala denez, batzuek arrasto sakonagoa utzi dute historian beste batzuek baino. Eta Cartagenan, Blas Lezo Olabarrieta heroia da, hementxe dauka estatua handi bat, su eta gar defenditu omen zuen San Felipe de Barajas gotorlekuaren oinean.

Espainiako Armadan goren gradura iritsi zen, ezker begi-hankak eta eskuineko besoa ments zituen pasaitar hori. Bartzelonaren setioan ere parte hartu zuen, Espainiaren alde beti; hain zuzen ere, setio horretan jaso zuen eskuin besoa elbarritu zion tiroa, 1714ko irailaren 11n. [Bide batez, eta setio hura oroitzeko egiten den Diada gaur denez, Visca Catalunya lliure!]

Vernon amiral ingelesak eginarazitako txanpona.
Vernon amiral ingelesak eginarazitako txanpona.

Cartagena de Indiasen, berriz, hiriaren defentsa antolatu zuen, Vernon amiral ingelesak eraso baitzuen, 1741ean. Esaten dutenez, britaniarrek baino askoz soldadu gutxiagorekin lortu zuen hiria babestea eta britainiarrak garaitzea.

Istorio bitxia ere kontatzen dute gertaera honen inguruan, eta hantxe dago heroiaren estatuaren azpian, ikusgai: amiral ingelesak irabazi aurretik jo zuen kanpaia, nonbait, eta Lezo haren aurrean belauniko ageri da eginarazi zituen txanpon berezi batzuetan. Txanpon horien aurkian hauxe dio: “Urguilu espainola Vernon amiralak makurrarazia.” Eta ifrentzuan, berriz: “Heroi britaniarrek Cartagena hartu zuten 1741eko apirilaren 1ean.” (apirilaren 20an etsi behar izan omen zuten)

Lezo oso estratega ona izango zen, baina zorte oneko gizona ez zen, itxuraz, eta azkeneko gudaldi horretan ere zauritu egin zuten: britainiarren kanoi bala batek buruzagi espainolak bilduta zeuden Galicia itsasontziko mahaian jo zuen, eta zur ezkardaren batzuek izterrean eta eskuan zauritu zuten gure Blas. Handik bost hilabetera hil zen, zauriak gaiztotuta. Esker txarra jaso zuen, gainera, espainolek ez baitzioten aitortu egindako lana: Erregeordea eta bera ez ei ziren oso ados ibili hiriaren defentsari zegozkion modu-prozeduretan, eta zigorra jaso zuen horregatik. Kolonbiako eskola liburuetan azaltzen omen da, erdigizon (edo gizon erdi) gisa aipatua bada ere.