Zorionak, B!

Panama Hirian geratu ziren, "osasunarekin urratuak".
Panama Hirian geratu ziren, “osasunez urratuak”.

Bri zorionak eman beharko dizkiok, motel, ekinokziora iristeagatik; solstiziotik solstiziorako bidean, ekinokzioa erdi-erdian zegok eta (blogoeta hau aurtengo ekinokzioaren uneantxe argitaratzeko programatuta zegoan, hala argitaratuko zuan noski).

Bidaian denetik, laugarrenez ikusi dik Bk ilargia betetzen (duela sei egun Medellinen). Ekuatore geografikora oraindik heldu ez bada ere –lastima, batere itzalik ez izatearen bizipena galdu dik, gaur han ez izategatik!–, bidaiarena gainditu berria dik. Eta, gauzak ondo, bihar pasatuko duk Kolonbiatik Ekuadorrera. Ehundik gora sarrera idatzi eta argitaratu ere egin ditik dagoeneko blog honetan, gehi argitaratzeke utzitakoak. Ez duk makala, zorionak mereziko ahal ditu horregatik ere!

Kolonbiako azken herrian geratu zen, bere onenak emanda.
Kolonbian geratu zen, bere onenak emanda.

Joan den ekainaren 18an Halifaxera hegaldatu zen hura beste bat duk orain: den-dena aldatzen duk, ezerk ere ez dik bere hartan irauten, ezta harri koskor batek ere. Beraz, bidaiaria ere aldatuko zuan, noski, bidean daramatzan ia ehun egun hauetan. Horregatik, besteak beste, izena ere aldatzea pentsatu duk, eta B esango diok hemendik aurrera (blogoeton egilea aspertu baldin bada bidaiaria gora eta bidaiaria behera jarduteaz, pentsa balizko irakurleak!).

Edozein bidaiatan bigarren erdia askoz laburragoa izan ohi duk lehenengoa baino; hori duk, bederen, bidaietan beti, bai Bk eta bai hik, izan duzuen inpresioa. Beraz, lasai egon haren zain zaudeketen guztiok (zain-edo, baten bat egongo ahal da!), berehala baita hor berriz.

Agur bero bat, bada, Popayán-etik Ipiales-erainoko autobusetik… (hire bizitza aspaldi honetan autobus bat duk, motel!).