Segurtasuna dela eta

Bidaia aurrera joan ahala, segurtasun hitza ohikotu egin duk hire joanean. New York eta New Orleans bezalako hiritzarretan ere presente zegoan, baina Laredoen arteko muga iragan huenetik haren presentzia indartu egin dela esango huke. Mexikoko autobusetan asaltoak izaten zirela-eta sentitutako beldurrak urrun geratu dituk jada, baina ohartzen hasita hago gero eta gehiago kontsultatzen duala Safety atala Interneteko gidetan, edozein lekutara mugitu behar duanean, segurtasun kontuez gehiago arduratzen haizela bidaiaren hasieran baino.

Ekuadorren egon haizen azken hiria Guayaquil izan duk, beste hiritzar bat. Autobus geltokitik ostatura eraman hauen taxilariak harrituta galdetu dik ea nolatan hartu duan lotarako toki hori, horren inguruan ez dagoela ezer, eta behin ilundu orduko ezingo haizela kalera irten ere egin. Inguratu zaretenean, kosta zaizue ostatua zein zen ere antzematen, ez baitzuen ezta fundamentuzko letrero bat ere atarian. Egun-argia zuan artean, baina auzoa mortu zegoan ordurako, egia esateko.

Etxekoandrea giltzaz ongi hornituta azaldu duk txirrina jotakoan, kanpoko burdin hesia zein barruko atea giltzapetuta zeuzkaan –taxilariak ere agudo alde egin duela iruditu zaik–. Sartu haizelarik giltza eman ziek biei atzera. Fitxa bete eta gero, eta hik ezer galdetu gabe, mapa ziztrin bat atera eta aholku ematen hasi zaik: gu hemen gaude, inguruan jatetxeren bat-edo badago: hemen eta hemen; erdialdera joateko –bi kilometro izango dituk, ez gehiago–, hartu taxia, ez joan oinez; ez atera kalera kamerarekin; ilundu eta gero, taxia hartu beti hirian zehar mugitzeko; ez eraman gainean pasaporterik, ez kreditu txartelik, ahal dela… Zer da hau, nora etorri haiz? Harridura erakutsi dioanean ea Hego Amerikan inoiz ibili haizen bota dik, ea Kolonbian edo Perun ibili haizen inoiz; ba bai, ibili naiz, andrea, baina hotelera iritsi eta kartzela batean bezala sentitu, orain arte ez.

Fundamentuz bazkaldu gabea hintzenez (gehienetan bezala), afaltzera irteteko prestatu haiz; ilundu berria zuan, eta andreak aipatu dik jatena hotelera ekar dezaten eskatzeko aukera ere bazegoela, toki pare bateko menua eskura zuela, nahi izanez gero. Irten egin haiz; ostatutik hurbilen zegoen jatetxeraino joan haiz, axkar-axkar, kale kantoi guztietako mehatxuzko itzal mugikorrei adi. Eta itzulera berdin, axkar-axkar, adi-adi. Ondo afalduta, sikiera.

Hiri guztietan izaten duk muino edo mendixka bat, turistak hiriaren ikuspegi zabala izateko joaten direna. Donostian, Urgull duk; Quiton, El Panecillo; Cuscon, Sacsayhuaman; Caracasen ez haiz sekula izan, baina badakik han ere badela horrelako bat… Guayaquilen, Cerro de Santa Ana duk. Toki horiek arriskutsu sona izaten ditek eskuarki, jende guztiak esango dik ilundu eta gero ez joateko, eta abar eta abar. Baina hiriaren bista ederra ikusten denez, jendea joan egiten duk; batzuk behintzat.

Seguratak Cerro de Santa Ana-n. Guayaquil.
Seguratak Cerro de Santa Ana-n. Guayaquil.

Biharamunean abiatu haiz, ba, Cerro de Santa Ana horretara. Igande goiza, jendea bazebilean: familiak, bikoteak, lagun taldeak… hire moduko solo traveller (bidaiari bakarti?) delakoren bat ere bai. Kamera ordurako motxilatik kanpo heraman eta lasai hindoan. Eta igotzen hasi ahala konturatu haiz: dena segurataz eta poliziaz josita zegoan, Santa Anak balizko bisitariei babes gutxitxo eskaintzen dielakoan edo. Izkina bakoitzean, bertan zegoen tipo armatuak oso modu atseginean adieraziko zian nondik segi, hor ezkerretara eta segi aurrera, hurrengo izkinan bera bezalako beste bat aurkitu arte; eta ez sartu eskuin aldera, segi ezkerretik. Eta horrela goraino. Goian, kapera txiki bat eta itsasargia, jende ugari sartu-irtenean. Jaisteko beste eskailera batzuk hartu dituk, eta beste horrenbeste han ere: izkinako segurata bat edo polizia bat, bidea erakutsiz.

Balen aurkakoak eguzkitan, Cerro de Santa Ana-n. Guayaquil.
Balen aurkakoak eguzkitan, Cerro de Santa Ana-n. Guayaquil.

Taxietan, kamerak (barruan); kaleetan ere bai, jakina. Taxilariak, semaforo batera iritsitakoan, edo abiatu orduko maiz, itxiera bateratuaz (Elhuyar Hiztegia) zerratuko ditik ate guztiak. Seguratak eta poliziak erruz, turista jendea ibiltzen den parajeetan bederen, eta hotel, banketxe, denda handi eta abarren sarreretan ere bai; armatuak, balen kontrako txalekoa gainean, askotan. Eta jendeak ohiz baino gehiago egiten dik kasu kalean, kontuz ibiltzeko edo kamera gordetzeko esateko, maiz.

Azken egunean, ostatuan ordaintzeko txartela hartzen ez zutela ikusi, eta inguruan kutxazainen bat ote zegoen galdetu duk: Bai, hemendik berrehun bat metrora baduzu bat, ez dakit zein bankurena… Supermerkatuan ere bada beste bat, nahi baduzu, betiere segurtasun handiagoa izango duzu. Eguerdia zuan eta jende ugari zebilean kalean ordu horretan, baina, hala ere, horrelako aholkua eman diate.

Hiriak fama txarra dik, ez zegok ukatzerik; etorri aurretik Ekuadorren inori aipatu izan dioanean Guayaquilerako hire asmoa, aholku bera eman dik: «Kontuz ibili, allá hay mucho amigo de lo ajeno!». Hiru egun eman dituk bertan, eta hasierako aditasun-ernetasunak lasaitu egin dituk ezinbestean, paranoiak jaten hau bestela. Ez zegok gaizki, noski, arretaz ibiltzea, baina esan beharra daukak egun hauetan hire inguruan ez duala ez mugida, ez begiratu arrarorik sumatu, eta ez zaiala inor susmagarri hurbildu ezertara; kamera erabili nahi izan duanean, lasai atera duala; eta normal samar ibili haizela hiriko kaleetan zehar, edozein tokitara joateko taxia hartzen ibili gabe.

Zaila duk jakitea zenbateraino den beharrezkoa halako segurtasun aparatua; zaila duk jakitea noraino den premia eta noraino negozioa; gurean ere gero eta gehiago etxekotzen ari dena, bidenabar. Ostatuko andreak, lehen egunean harrituta (edo larrituta) ikusi hinduenean, ateek eta hesiek eta sarrailek segurtasun sentsazioa eman behar ziatela esan zian, lasaiago egongo hintzela horrela. Pentsatu huen, baina ez hion esan, hiri lasaitasun handiagoa ematen diala etxeko atea zabalik ikusteak.