Ez dakigu zer dugun…

Ez dakigu zer dugun… minik ez dugunean.
Ez dakigu zer dugun… osasuntsu gaudenean.
Ez dakigu zer dugun… aldamenean entzuten digun bat dugunean.
Ez dakigu zer dugun… sasoiko egon eta mendi buelta bat egiteko aukera dugunean.
Ez dakigu zer dugun… inguruan gure premia duenik dugunean.
Ez dakigu zer dugun… beharra izan eta zainduko gaituenik dugunean.
Ez dakigu zer dugun… pozik eta gustura gauden bitartean.
Ez dakigu zer dugun… nor maitatu dugunean.
Ez dakigu zer dugun… lana utzi eta sei hilabetean bidaian joateko aukera dugunean.
Ez dakigu zer dugun… 25 edo 40 eskatu digutela, eta gehiago begiratu gabe ordaintzeko arazorik ez daukagunean.
Ez dakigu zer dugun… maite gaituenik dugunean.
Ez dakigu zer dugun… ospitalera joan, eta gurean artatzen gaituzten bezala artatzen gaituztenean.
Ez dakigu zer dugun… oraindik gurasoak bizi ditugunean.
Ez dakigu zer dugun…
Ez dakigu zer dugun… falta dugun arte.

Oharra: Gutxien espero denean, uste ez dela, azaltzen duk erbia beti.

Dutxatik irten, irrist egin, eta sekulako zartakoa hartzea, esaterako, ez duk, berez, bizikletan ibiltzera joan eta erortzea baino probableago… Ala bai? (Bueno, uztak, ez haiz-eta oso iaioa izan inoiz estatistika kontuetan –ere–!) Eta logela zabal samar batean irrist eginda luze erori, eta buruan eta ukondoan eta ipurgainean zauri-kolpeak, eta, gainera, bi saihets hezur puskatzea… Oso probablea ote da hori? Ba ez, ez duk oso probablea, baina gertatu, gertatzen duk batzuetan. Erbia ez dagoela sekula lo, zera!

Bigarren oharra: Perretxikotara joan, batere aurkitu ez, eta, esku hutsik ez etxeratzeagatik, inoiz gustukoa izan ez den tokira abiatu, eta bertan amiltzea ere… Probablea ote da hori? Ba ez, ez duk, baina gertatzen duk. Eta jite horretako albisteak ere ekartzen ditik mezulari berdeak, azkar asko (epailea lekura iritsi baino lehen ere bai, batzuetan). Gogora zetorrek, ezinbestean, bagdadar haren morroiaren istorioa, Heriori itzuri Ispahan-erantz ihes egin, eta segalari beltza bertan zain zuena.

Beti arte, E, gustuko tokia ez bazen ere gustuko zereginean ari hintzela joan haiz behintzat!