Cristina Calderón

Adriana turismo-gidariak argi eta sinple azaltzen ziek turistei nola desagertu zen yaghan edo yamana kultura (eta yaghan herria… baina, tira, alderdi hori ez dik hainbeste azpimarratzen): yaghanak biluzik bizi ziren, eta sua pizten zuten berotzeko, bai beren etxoletan eta bai denbora gehien ematen zuten kanoen barruan ere; mendebaleko kultura heldu zenean, ordea, arropak erabiltzen ikasi zuten… baina arropak, hemen egiten duen giro euritsua medio, busti egiten zitzaizkien, eta horregatik gaixotu egiten ziren.

Horrek azaltzen ei dik zergatik eta nola desagertu zen hemendik yaghan herria: ez lur lapurretarik, ez indio-ehiztaririk, ez ganaduzale handirik, ez urre-bilatzailerik… Ez, arropak melatzen zitzaizkiean gaixoei, eta hara paradero tristea! Eta ez duk batere esajeratzen, hitz horiekin –gaztelaniaz eta ingelesez– entzun diok hik heuk Adrianari gaur goizean azalpena. Sinetsita hago, gainera, neskak ez zuela inolako intentzio gaiztorik, fede onez ari zela.

Yaghan herria Suaren Lurraldearen hego aldean bizi zuan, Beagle kanalaren inguruko kosta eta uharteetan, eta itsasoan egiten zian bere bizimodua. Historialarien arabera, hauek ere 3.000 bat inguru zituan, ipar alderago bizi ziren selknam-en antzeratsu, Patagonia kolonizatzen hasi ziren garaian, XIX. mendearen bigarren erdialdean. Eta herri honek ere selknam herriak izandako patuaren antzekoa izan zian: paretik kendu zitiztean, enbarazu egiten baitzuten. Nonbait irakurri duk, besteak beste, tiro praktikak ere egiten zituztela kanalean barrena zebiltzan itsasontzietatik, ertzera azaltzeko suerte txarra zutenen kontra: harkaitzetan eguzkitan egon ohi diren itsas lehoiak bezalaxe botatzen zitiztean. Itsasontzi horietan, esploratzaileak, abenturazaleak, piratak, urre-bilatzaileak, itsas lehoien ehiztariak eta abar ibiltzen zituan garai hartan. Darwin bera ere ibili zuan hemendik, Fitz Roy-ren agindupean zebilen Beagle itsasontzian, eta irakurtzekoak dituk zientzialari ospetsuaren oharrak ere hemen aurkitutako jendeari buruz; baina horiek beste kontu bat dituk.

Baina, Adrianak dioenez, emakume yaghan bat bizi duk oraindik: Cristina Calderón. Kanalaren hego aldean bizi duk, Txileko parte den Puerto Williams-etik gertu; 88 urte ditik orain. Eta biloba bat omen dik, Cristina Zárraga, hizkuntza ikasi duena. Adrianak pozik esan dizue gero albiste ona duela emateko: bilobaren laguntzaz, Calderón gaztelania-yaghan hiztegi bat lantzen ari omen duk; albistearen ontasuna, antza, gaztelaniari dagokion horretan zegok, lehendik ba omen zuan-eta ingelesa-yaghan hiztegia. Itzela, aurrerapena!

Cristina Calderóni buruz gehiago jakin nahi duenak, Wikipediara jo besterik ez dik: Txilen Magallanes eskualdeko Hija Ilustre duk eta Tesoro Humano Vivo gisa izendatuta zegok, UNESCOren Ondare Ez-materiala (?) Babesteko Konbentzioaren testuinguruan… Ez dik alferrik galtzekorik kontuak, egia esan, ikusteko jaio gaituk!

Oharra (2022-08-15): Cristina Calderón aurten zendu da, otsailaren 16an.