Eraitsi, akabatu

DV, 2017-08-26

Ohitzen ari gara.

Atzoko DVren azalekoa da goiko irudia: gizakiak ere –gizaki batzuk, jakina– eraitsi egiten dituzte, akabatu. Somaliarra “eraitsi” egin dute, ehizakia bailitzan eraitsi ere; akabatu, animaliak –basurdeak,  kasu– akabatzen diren legez akabatu; garbitu.

Oharra: Espainiako Akademiaren arabera, abatir hitzak hainbat esanahi ditu. Besteak beste: derribar algo, derrocarlo, echarlo por tierra; hacer caer sin vida a una persona o animal; baita humillar a alguien ere.

Eman diezaiogun buelta izenburuari: “Izua berriro Muqdisho-n, Somaliako hiriburuan: Europar bat garbitu dute, hark gazte bat tirokatu ondoren.” Zein egunkaritan irakurri ahal izango genuke hori, nongoan?

Gizaki guztiak ez dira (gara) berdinak –ez dira (gara) inoiz izan, egia esan–: batzuek (giza) eskubide batzuk dituzten (ditugun) bitartean, beste batzuek ez dute halakoen arrastorik ere. Lehengoak zioen bezala, batzuk berdinagoak dira beste batzuk baino.

Segurtasunaren izenean, protokoloak aipatuko dizkigute: “badaezpada ere, tiro egin eta gero galdetu!” Eta komunikabide gehienek protokolo horien aldeko jarrera hartuko dute –etsaia deuseztatu egin behar baita–, eta espresuki hautatutako hitzen bitartez indartuko dituzte.

Eta ohitu egingo gara… baina ez dago eskubiderik!