Besteri opa, norberari ez toka

Frantziako presidente Macronek “zerbitzu nazional unibertsala” –soldadutzaren eufemismo berria, inondik ere– iragarri berri du. Hauteskunde kanpainan aurreratu omen zuen, eta betetzeko asmoa duela berretsi du joan den astean, uniformedunen aurrean egindako hitzaldi batean. Hilabeteko iraupena, 18 urtetik 21era bitarteko neska-mutil guztiek –bai, orain neskek ere bai; berdintasunaren izenean, jakina– nahitaez bete beharrekoa. Patriotismoz urri ikusten dituzte, nonbait, gazte frantsesak, eta Frantziaren handiaz behar bezala jabetu daitezen lagundu nahi liekete, antza, programa berri honekin.

Espainian, Celia Villalobos politikari profesionalak eman du zeresana, erretiroaz esan dituenen harira. Beretzat nahi ez dituzkeen baldintzak opa dizkie honek erretiratzeko adinan dauden bere herrikideei, horietako asko eta asko alfertzat joz, gainera. Erretiratuek urte askotan zehar jasotzen dituzten pentsioek kezkatzen dute, bada, duela 28 urtetik parlamentari eredugarri den anderea, eta ahalik eta gehien atzeratu nahiko luke erretiroa hartzeko adina; ez dute kezkatzen, ordea, bera bezalakoei egokitzen zaizkien komisio, dieta, osagarri, kargua utzi ondorengo ordainsari eta bestelako baldintza bereziek.

Gurera etorrita, berriz, Eusko Jaurlaritzak, EAEko aldundiek eta Eudelek itun berri bat aurkeztu dute, bigarren haurragatik ematen den laguntza bi urtetik hiru bete arte luzatzeko. Itunaren berri emateko egin duten agerraldiko argazkiak sortu du hizpidea sare sozialetan: bost gizaseme ageri dira bertan, euskal emazteen produktibotasun eskasak kezkatuta –emakume bat ere bazen, gizon talde horren ezker aldean, baina ez dut inon aurkitu haren izenik, eta protokolo lanak betetzen ote zebilen nago; ez dakidana da, hala baldin bada, zer demonio egiten zuen argazkian!–. Gizonek noratutako gizartearen isla perfektua, inondik ere, argazkikoa; eta oso sentsibilitate eskasa, gutxiena esateko, irudi hori eskaini izana, gaia zein den, eta, batik bat, nor inplikatzen duen gehien kontuan hartuta.

Ez dira betiko garai onenak, dio kantak, eta nekez beteko dira ilusio guztiak, beharbada; baina amets egitea libre da. Eta manifestazioekin egiten dut amets horrelakoetan. Norberari tokatzen ez eta besteri onena opa dioten horien kontra, esaterako, Paris, Madril edota Bilboko kaleak oihuz beteko lituzketen manifestazio erraldoiak irudikatzen ditut nire ametsik kuttunenetan, ezezkoa indarrez aldarrikatuko luketen agerraldi jendetsuak. Gizartea beste era batera kudeatzeko aukerek argitzen naute nire eldarnioan, politikari profesionalen esku egon gabe denon artean kudeatuko genukeen gizartearekin egiten dut amets. Eta Kataluniako CUPen eredua datorkit gogora ezinbestean, haien jardunbide politiko ez-ohikoan zerbait berria –eta zaharra, aldi berean– dagokeelakoan bainago.