Ikuspegi politikoa eta etikoa

Eusko Jaurlaritza ez da Kanbon izango, Arnaga Etxean maiatzaren 4an egingo den ekitaldian. López ere ez zen Aieteko Jauregian izan, 2011n egindakoan; ez eta Urkullu ere Baionan, iazkoan.

Oraingoan, Jaurlaritzak ezin omen du «edukiz ezezaguna den» zerbait babestu, ez omen dituzte horretaz behar bezala informatu. Edukia zein izango den ez daki, beraz; baina ekitaldiari eman nahi zaizkion «ikuspegi politikoa eta etikoa» zer-nolakoak diren badaki, antza: ez dituela gustukoak adierazi baitu, hain zuzen.

Nafarroako Gobernua ere ez da Kanbon egongo. Bai Eusko Jaurlaritza, bai Nafarroako Gobernua kexu dira ez dutelako ekitaldia antolatzen parte hartzerik izan: nahi izan ote dute?

Bestalde –edo ez hain bestalde?–, EAJk adostu du dagoeneko Espainiako Gobernuarekin aurrekontuen tramitazioari ekitea. Horren azpian daudekeen oinarri politiko eta etikoek ez diete, nonbait, azkurarik ematen jeltzaleei: aski izan dute Rajoyk esatea 155.a indargabetu eta elkarrizketak hasiko dituztela Katalunian –“gobernu egonkor bat” osa dezatenean, betiere–. Ez zuten asko behar!

Biharamuneko oharrak (2018-05-05):

  • Erkorekak Kanbo ez zela Euskadi aipatu zuen joan den astean, Jaurlaritza zergatik ez zen hara joango (nolabait) zuritzeko aitzakien artean: Euskadi ez bada, Euzkadi ba ote da? Eta Euskal Herri?
  • Urkullu Bertizko Jauregian izan zen, atzo arratsaldean, Barkosekin batera: Bertiz Euskadi ote da? Egunen batean argituko ahal digute EAJkoek beren deituran duten Euzko horren bidetik zein herri eraiki nahi duten?
  • Goizean, berriz, trenean ibili zen Urkullu, Hendaiatik Donostiara oraingoan: zer ote dute EAEko lehendakariek, ETAren amaierako mugarri orok trenen batean harrapa ditzan? Zerbaitetik ihesean, agian? Patxi López ez zen Aieten izan: Estatu Batuetako tren batetik mintzatu zitzaigun, mugikorra eskuan. Urkullu iaz Baionan ere ez, armagabetzeko ekitaldian: Bilboko metroaren linea berri bat inauguratu behar zuela ailegatu zuen, ez joateko; eta atzo goizean, topoan ibili zen, tunelik tunel.
  • Trena, baina, Arnagan zegoen atzo goizean. Eta Arnagan Euskal Herriko hiru presidenteetako bat baino ez zegoen: Etxegarai. Ez du samurra izan behar, ez duenez, Urkullu batentzat, halako ekitaldi garrantzitsu batean euskal jendearen ordezkari nagusia bera izan ez izana! Ez dakit trena galdu izanaz damu izango ote den, auskalo!, baina berak jakingo du zerk lotzen duen gel-tokian.
  • Ortuzarrek dio atzo iragana zegoela Kanbon, etorkizuna Bertizen. Bi ekitaldietan irakurri ziren agiriei begiratu bat ematea besterik ez dago, egiaztatzeko alderantziz dela, hain xuxen: Kanbon, etorkizunari erreparatu zitzaion; Bertizen, aldiz, iraganari lotu zitzaizkion. Lastima!