Itsaso Gorriaren zeharkaldia, Napolin zein Jakartan

Trafikoa kaotikoa da Jakartan, gida guztietan irakurriko duzu. Eta, nahiz eta beste leku askotan trafikoaren kaosa nozitu izana izan, hara bazoaz aitortu beharko duzu: kaotikoetan kaotikoa, oso, gainera!

Napolin ere antzeratsu, hala dio behintzat La Natura Esposta-ko protagonistak. Eta komeriak biziko ditu gizonak kalea zeharkatzerakoan, Jakartan turista dabilenak nola. Baina bertakoek nola egiten duten ikusi, eta ikasi egingo du. Honelaxe deskribatzen du:

Herrixka batetik etorritako menditarra hor aurkitzen da, bat-batean, Napolin, trenetik irten eta geltokiaren plazaren erdian. Lehenik eta behin, egoera aztertu behar du. Kalea nola zeharkatu, horrexetan datza berehalako arazoa. Kalearen beste aldera iristeko oinezkoek egiten dutenari erreparatzen diot. Automobil korronteak ez du etenik.

Zera egiten dute: ertzetik uretara jotzen dute, fluxuak erabat enoratzen dituela aurrera dagien bitartean. Ibian segi egiten dute gero, autoek, azalera irtendako harriak bailiran, inguratu eta igurzten dituztela. Arin jarraitzen dute beste ertzeraino. Ez da Itsaso Gorri bat bitan zabaltzen dela berentzat, ez; itsaso gorri lokal bat da, elastikoa, martxan doan herria saihesten duena. Abegi egiten dio eta beste aldean paratzen du, salbu. Begira geratzen naiz. Dinamikari buruzko ikus-ohar harrituak hartzen ditut, pausoa ematera ausartzen ez naizela. Egin beharrekoa zera da: behin korrontean sartuz gero, zalantzarik ez. Itsaso Gorriak haztatu egiten du sarkina, haren pausoak deliberozkoak ote diren, eta amorru biziz eta indarrez erantzuten du, zalantzaldirik edo damutze zantzurik sumatuz gero.

Eta honela jarraitzen du hurrengo paragrafoetan:

Zeharkatu, erabakitasunez egin behar da, mendian, erreka bat pasatzerakoan, galtza-barrenak belaunetaraino jaso eta oinetakoak eskuetan hartuta egiten den bezala. Agudo ibili behar da ez izozteko. Ia ez daramat ezer gainean, kamuflatze aldera bizkarretik kentzen dudan zakutxo bat baino ez. Zain geratzen naiz, bertakoren bat nire aurretik korrontean noiz murgilduko. Agure bat ohartzen da ez naizela oso aritua.

–Etorri nirekin.

Itzal baten itsaskortasunez obeditzen diot, makila eskuan gora hartuta uholdeari eustearren. Bi autok igurzten nautela, motozale baten besoetan ikusten dut neure burua. Azkenean salbu naiz; eskerrak eman eta hemendik aurrera jakingo dut nola egin.

Turistak berdin jokatu behar du Jakartan ere, Napolitik oso urrun egonagatik berbera baita kalea alde batetik bestera zeharkatzeko dinamika: erabakitasunez hartu eta uretan murgil egin, eta, auto eta motoen igurtziak sentitzen dituela, eta gizakiarenganako fede on-onez, ahalik eta arinen egin aurrera, beste aldeko espaloia jo arte. Eta eskerrak eman gero.

Itzulitako zatiei buruzko oharra: Erri De Luca, La Natura Esposta. 2016. Gaztelaniazko ediziotik euskaratua: La natura expuesta. Seix Barral, 2018. Itzulpena: Carlos Gumpert.