Lurraren erraietarainoko bidaia: Ijen, bakarti izateari utzi zion mendia

Goizeko ordu batean zabaldu dute langa, jende pila geunden zain. Lagunak dio Behobia-Donostia-ren abiatzea dirudiela, irteera eman orduko korrika abiatuko direla denak behetik gora, kraterraren ertzera nor arinago helduko.

Iraileko igandeetan Zelatungo lepotik Herniora igo ohi den jendetza ez da ezer hemengo emanarekin: turista, mendizale, bidaiari, argazkilari, erromes, militar, polizia, meatzari, garraiatzaile, polizia, zamaketari, gida… zientoka, milaka orotara. Kraterraren ertzerainoko bidea zabala eta erraza da, mendi pista malkartsu bat: aldapa latza, lehen bi kilometroetako une batzuetan. Arnasestuka goaz gora, mantso, asko geratu gabe. Atertu berria da, eta giro heze batean murgil eginda goazela sentitzen dugu. Lurrari argi egiten dioten esku- eta kopeta-argiek urratzen dute iluna han eta hemen, ibiltarien oinetakoen askotarikoa bistan utziz tarteka: zapatilak, sandaliak, txankletak, zapatak, espartin modukoak… bota batzuk –oinutsik ere izango zen bakarren bat, larri ibili!–.

Jendez gainezka dagoen ostatu bat pasatu eta gero malda ez da horren pikoa, eta aise gainditzen dugu azken kilometroa. Ijen-en kraterraren ertzera iritsi gara: ez da gehiago mendi bakarti bat, bistan da, javeraz horixe baldin bada ere haren izenaren esanahia. Ilun dago oraindik –goizeko hirurak izango dira–, baina eskuetan eta buruan daramatzagun argiek bistan uzten dute inguru berez eder hartan egunez egun pasatutako jendetzak utzitako zikinkeria: paperak, plastikoak, janari hondarrak… kaka. Haize fina dabil, freskoa, eta fin-fin ari duen langarraz busti egiten gaitu. Egunsentira arte –hori ikustera igo ei gara-eta, hotzari aurre egiteko bueltaka gabiltzan milaka horiek!– bi ordu baino gehiago falta dira.

Kraterrera jaisten hasi gara, eguzkiaren lehen argi gorrizta baino lehenago lurraren erraietatik ateratzen omen den argi urdina ere ikusi behar omen dugu eta. Abiatu, jende gehiena abiatzen da behera, baina aurki ematen dute buelta askok eta askok. Kraterrera jaisteko bidea mendi bidea da, ez orain artekoa bezalako pista erraza; harriak bustita daude, eta labainkorra da une batzuetan –zapatilak, sandaliak, txankletak, zapatak–; eta ilunak ere ez du laguntzen, noski.

Lagunek ere gorako bidea hartu ditek luze baino lehen, bakarrik geratu haiz. Behin honaino etorrita, krater zuloraino jaitsi nahi huke, hainbeste jende zerk erakartzen duen ikusi nahi huke hik ere. Botak dauzkak jantzita eta arin mugitzen haiz beherantz, mendian ibiltzeko ohitura handirik ez duen jendearen artean. Zortziehun metro besterik ez omen dituk kraterraren sakonean dagoen laku urdin turkesaraino, ez dituk hamabost minutu behar izan inguratzeko.

Fumarola handi bat zegok bidearen ezkerretara, eta jendea pilan inguruan, kamerak eta mugikorrak eskuetan. Han izan behar dik, inondik ere, su urdinak, horixe ikuskatzera etorri haiz honaino. Haizeak nondik jotzen duen, airea ezin arnastuzko bihurtzen dik. Jende gehienak maskarak jantzita zeuzkak, baina ez duk batere erosoa (buruko argia, betaurrekoak, kamera, txanoa, gas maskara… ez dira, izan ere, bata bestearekin ondo moldatzen diren zerak!) eta motxilan utzi duk oraingoz; begietan sentitzen hasi haizen azkurak, baina, laster damutuko haizela erakutsi dik berehala!

Meatzaria lanean, Ijen-eko kraterrean
Meatzaria lanean, Ijen-eko kraterrean

Sufrea kentzen ziotek lurrari infernu ilun honetan jarduten duten hirurehun inguru meatzarik, gauero-gaueroko lantegi gogorrean. Harritzar horiak bizkarrean ateratzen ditiztek kraterretik gero, hutsaren truke segurutik. Ke arteko lan horretan aritzeko ez ditek maskararik erabiltzen, aurpegian lotzen dituzten painelu ziztrin batzuk baino ez. Meatzari bat bere painelua turista bati saldu nahian ari zuan iritsi haizenean: turistak erosi egin ziok, baina ez dik hartu ordaindu eta gero: Take the money for your family! Zer pentsatua eman dik: Zertan ari zarete hemen, zientoka eta zientoka arrotz, pertsona hauen lana eragozten –eta betiko eraldatzen– goizeko ordu txikietan, erabat bestelakoa den mundu batetik begira, talaia batetik nola? Zer pentsatuko ote dute langile txiro hauek gutaz –beren soldata urriak nolabait osatzeko balio dugula ez ezik, jakina–, kamerak eta mugikorrak eskutan gauero-gauero beren zereginean sudurra sartzera gatozen sarkin hauetaz?

Sufre haitzak bide ondoan.
Sufre haitzak bide ondoan.

Sufre gasak erretzean sortzen dituen sugar urdin-biziak dituk honaino jaistearen arrazoirik behinena askorentzat. Egia esan, heu ere horrek erakarrita etorri haiz beheraino, parke nazionaleko sarrera ordaintzeko zain zeundetela gida lanak eskaintzera etorritako batek bere mugikorrean erakutsitako bideo txundigarria ikusi eta gero. Sugar urdinak ikustea, ordea, ez duk hain erraza, ez behintzat gaur bezalako egun euritsu batean –hala entzun diok han ari zen gida bati–. Bestalde, sumendiaren zulotik irteten den fumarolak ere lausotu egiten ditik harkaitzean han-hemenka sortzen diren gar urdin horiek, tarteka bakarren bati antzeman badiok ere ke artean; halakoetan, inguruan bildutako jende osteak oka, oika, ai eneka erantzuten dik, sumendiaren orro isila tarte batez indargetuz.

Maskara jantzi egin duk, azkenean; bentaja handia egiten dik. Ke handiena dagoen ingurutik alde eta laku ertzeraino jaitsi haiz: han zer dagoen ikusi eta gora abiatu nahi duk lehenbailehen, lagunekin izendatutako lehen hitzordurako iristearren. Han egondako hiruzpalau minutuak ahanzten kostako zaik. Zerua argitu egin dik, eta izarrak ikusten dituk, argiak eta keak uzten dutenean; lakuko ura, berriz, sumatu baino ez duk egiten giro horitsu hartan; hi bezalako turista batzuk bazebiltzak han behean, baina gutxi oraindik, ematen dik fumarola handiaren inguruan, goraxeago, pilatzen dela gehiengoa. Meatzari batzuk harpe batean zeudek, arropaz aldatzen iruditu zaik, ozta ikusten badira ere. Beste batzuek harri koskor batzuen gainean ohol luze zahar bat plantatu ditek, eta hantxe zabaldu ditiztek hainbat sufre puska distiratsu, salgai: souvenirs, souvenirs, egiten ditek oihu. Ilun zegok, baina eszenaren horitasuna geratu zaik gogoan. Infernuan hago, baina hotz egiten dik. Paisaia irreala duk, surrealista egoera.

Gorantz abiatu haiz. Gas maskarak egiten dik bere lana, baina arnasa hartzea ere zailtzen dik zertxobait. Hala ere, fumarola handiaren gunea gainditu arte ez kentzea erabaki duk. Handik ostera pasatzean meatzari bat hurbildu zaik, ea su urdina gertuagotik behatu nahi duan galdezka, bere burua eskainiz naturaren ikuskizun hori hiri erakusteko; ezetz erantzun diok.

Bideari jarraitu diok, baina laster geratu behar izan duk, krater barreneko xendran eratu den txolopoteak aurrera egitea eragozten dik eta: zenbait gune estu samarrak dituk, eta ez duk posible bi pertsona batera pasatzerik. Jende asko zegok, bai behekoa ikusi eta dagoeneko gorako bidea hartu dutenak, eta bai oraindik behera datozenak ere. Txandak antolatzeak zirudik zentzuzkoena, eta halaxe egiten dik jendeak zenbait unetan; beste batzuetan, baina, ez duk hala gerta dadin amore emate nahikorik suertatzen, eta gida bat baino gehiago ikusi dituk beren bezeroengandik tiraka, aurrera egin dezaten eta ez diezaioten bidea eman kontrako norabidean datorren inori. Baliko txoferrak esaten zian hurkoarekiko errespetua zela uharteko trafikoaren kaosean istripu gutxi egotearen gakoa, baina ez dakik non ote den orain errespetu hura. Jende batzuk baldar mugitzen dituk bidezidorrean behera, trauskil –zapatilak, sandaliak, txankletak, zapatak–, eta horrek ere ez dik laguntzen buxadura askatzen. Gora erreparatuz gero, kraterraren barruko magal harritsuan behera datorren argizko suge luze bat baino ez duk ikusten; behera, berriz, sumendiaren aho nagusitik ateratzen den ke bafada izugarria, eta haren inguruan su urdinaren peskizan bildutako jendearen argitxoak dir-dir.

Atzerritar batzuk aspertzen hasi dituk, nonbait, ez-aurrera-ez-atzera gogaikarri hura dela medio, eta builaka nabarmentzeari ekin ziotek. Hire ondoan zegoen italiarrak, hasteko, Leterenaren tankerako ahots ozena erakutsi nahi izan dik, Urepeleko artzainaz gabe bere maiteaz galde eginez: Flavio, amore mio, dove sei?, non hago, maitea, mendi hegaletan gora joana al haiz, ez haut ikusten iluntasun honetan. Geroxeago, eta latinoaren ausardiak kutsatuta-edo, anglosaxoiak ere egin nahi izan dik bere saiotxoa: Women with children first, please! oihukatu dik, harro –haren lagunei ere ez diela grazia handirik egin esango huke, barre handirik behintzat ez duk inguruan sumatu.

Buxadura askatu duk behingoan –bistan duk gerora ere eratuko direla galantak malda hartan, baina heu ordurako aldendua izango haiz–, eta gora egin duk zalu batean. Hamar minutu berandu iritsi haiz lehen hitzordurako, goizeko bostak arte itxaron beharko duk. Goian dagoen panorama ere bitxia duk: lurrean kuzkur-kuzkur eginda dagoen jendea, mantapean batzuk, gorputzetik hotza uxatu eta nolabait epeldu nahian; aurrera eta atzera beste batzuk, geldirik ez egotearren; su baten inguruan bildutakoak; kraterraren ertzetik gora doazenak, beste asko, egunsentiaren ikuskizunerako talaia hobeago baten bila edo.

Jendetza krater ertzean, egunsentiaren zain.
Jendetza krater ertzean, egunsentiaren zain.

Hirurok elkartu eta gorantz abiatu gara gu ere, kraterraren ertzetik metro batzuetara aurrera eginez. Lehen argi-txintak sumatzen hasi dira inguruko mendi hegien gainetik, egun ederra dakarrela dirudi. Lekua eta unea paregabeak lirateke, selfieak atera eta atera dabilen jende pilarengatik ez balitz; baina gu geu ere oso bestelakoak ez garenez, ezin kexatu. Lehen argiei esker begiztatu ahal izan dugun bista –krater zulo izugarri hura, laku urdin oraindik griskara, haizeak leunki mugiarazitako ke azidoaren formak…– ederra izan da oso, baina aurki hasi dira haraneko lainoak goraka, eta berehala ezkutatu digute berriz kraterraren ikuspegia.

Ijen-eko kraterra, egunsentian.
Ijen-eko kraterra, egunsentian.

Militar talde handi bat ere bada bertan, eta ehunka bandera zuri-gorri zabaldu dituzte bat-batean krater inguruan, militar jendeak ohiko dituen paradetako bat inprobisatuz –edo–. Indonesiaren independentzia ospatzen duten egunerako bost egun falta dira, eta prestakizunetan dabiltzala dirudi.

Turista organ, beherako bidean.
Turista organ, beherako bidean.

Hoztuta gaude eta behera abiatzeko tenorea dela pentsatu dugu: gorantz egindako hiru kilometroak desegin, parke nazionalaren sarreraraino ekarri gaituen txoferrarekin elkartu, eta ea ostatura gosaritarako garaiz iristen garen. Beherakoan, espero izatekoa zen txolopoteaz gain, jendetzak euripean zapaldutako bidean sortutako txokolatea ere traba gertatzen da, eta badira irrist batean dabiltzanak –zapatilak, sandaliak, txankletak, zapatak–. Beheranko prozesio isila gora eta behera dabiltzan eskorgek hausten dute tarteka, nolabaiteko lehentasuna dutela ematen du. Eskorgotan –burdinazko kaxa gurpildun akoltxatu batzuk, bizikleta baten frenu manetaz hornitutako bi helduleku luzerekin– turistak etzanda –Lourdes gogoraraziko lioke han egondako edonori– eta, kasu bakan batzuetan, bestelako zamak garraiatzen dituzte, gora eta behera, % 20tik gorako pendiza duten malda lokaztu labainkorretan: bi gizonen artean goraka, batak tira eta besteak bultza, eta gizon bakar batek beheraka, heldulekuetatik eta frenuen laguntzaz kargari nola edo hala eutsiz.

Itzulerako bidea ere nekagarria izan da, baina goizeko zazpiak eta laurdenetarako sarrerako langa atzean utzi eta ostatura eramango gintuen jeepean ginen. Ordubete luzeko triki-traka geratzen zitzaigun oraindik, ostatura iritsi, dutxa bero bat hartu, eta gosariaren bueltan gau luzeko gertaera guztiak berritzeko.