Beste ezpal bat

Ostatuan egin duzue topo, kafea hartu berria hintzen. Aldamenean jarri zaik, eta egunerokoa eskatu ziok tabernariari: kafea eta kopa, koñaka.

Berriketan hasi nahi zuela sumatu diok. Erretiratu haizela, ezta? bota dik, elkarrizketari nolabait ekiteko-edo, Ez, oraindik ez, erantzun diok, hala adituta zeukala, berak… bada bera baietz, berrogeita hamabost urte bete dituela eta dagoeneko erretiroa hartua duela esan dik barrez, kar, kar, kar! Nolatan, ba?, hik, eta hor hasi duk, bateko herniak eta besteko bihotzekoak aletzen, izorratuta dagoela eta erretiroa eman diotela, horrelaxe bota dik, lasai asko. Zaindu egin beharko duk, orduan, hik, herabe, barra gainean dagoeneko erdi hustuta zuen kopari erreparatuz, eta, Bai zera!, zaindu?, zertarako?, azkenean zuloan bukatu behar diagu denok eta! Alfer-alferrik duk, jarraitu ziok, irribarreari eutsiz beti: bizkarrezurreko bizpahiru hernia, aorta inflamatuta, duela gutxiko infartua… Infartua: ohera zihoala eta derrepente min handia sumatu zuela sabelean, eta andreari esan omen zioan, Ospitalera igo beharko dinagu, ez nagon ondo!, eta hala joan omen zituan (zuhaitz handi bat botatzen ibilia zela egun hartan, eta, sargori nonbait, litro eta erdi ur frigotik atera eta edan zuela, kolpetik: ur izoztu harexek egin ziola kalte, hara!); pare bat stent jarri ziotela, baina ospitaletik berehala alde egiten uzten ez, huraxe komeria, eta berak etxera etorri nahi zuela lehenbailehen, alferrikakoa zela han egotea, ea non egongo zen etxean baino hobeto… Eta horri tiraka hasi, eta kontatu zian lehen ere alde egindakoa dela bitan ospitaletik, ez dutela bera luze egonaraziko horrelako lekuetan; eta errehabilitazioa ere, zertarako?, etxean badaukala berak bizikleta estatikoa eta ez duela zertan inora joan denbora alferrik galtzera… Halaxe zihoaan elkarrizketa, eta berriro saiatu haiz: Baina zaindu beharko duk, ba, heure burua, pixka bat bada ere? Zer esaten dik emazteak? Ez al diate gatza kendu? Bai, horixe kendu zidatek, gatza, besterik ez; baina horiek denak txorakeriak dituk, azkenean zuloan bukatuko diagu denok, berdin ziok zer egiten dugun; medikuari esan nion bezala, erretzeari utzi eta bi hilabetera eman zidak bihotzekoak, horra tabakoa utzi izanaren porru haziak! Eta emaztea, diok… etsi-etsita honezkero, motel, por imposible utzita naukak!

Kafeak ordaindu, eta biok batera irten zarete ostatutik. Ateratzerakoan, barrez kontatu dik Villabonan duen lagunarena ere: Egunean bi txuri besterik ez dik hartzen, eta gibela izorratuta, hi; niri, berriz, gibela-eta oso ondo ematen zidak beti analisietan, txorakeriak dituk! Motoa hartu eta mendira zihoala esan dik –hamalau urte arte asko ibili izan zela bizikletan, baina geroztik motoa duela gustukoa, bizikleta nekagarria egiten zaiola–. Adio, ba, tokaio, segi bizkor!

Beste ezpal batekoa, inondik ere!