Argazkien gaur egungo balioa

Zer balio du argazki batek gaur egun? Urtero-urtero munduan bilioika argazki ekoitzi eta iruditan blai —iruditoan— bizi garen aro honetan; argazkiak egiteko trepeta bat edonoiz eta edozeinen esku dagoenean; argazkigile –argazkilari?– edonor den garai hauetan… zer balio du argazki batek? Kontzertu baten programa orriak, kale kantoiko paperontzian amaituko du aretotik irten orduko. Gaurko egunkariak, edukiontzi urdinean bukatuko du bihar. Egungo argazki bat, berriz… behin ikusi eta gero harenak egin du! (eta sekula santan inork ikusi gabeko argazkirik ere izango da makina bat hortik zehar, telefono mugikorren erraietan galduta).

Argazki bat, egun, puntu multzo iheskor bat besterik ez da, behin-ikusiko irudi bat; behin ikusi, eta, sekula papereratu gabe, egileak ez bestek sekula ikustatu gabe, gailu magnetiko edo optiko batean betiko preso geratzeko patua duen inpresio bat baino ez –eta onenean, hori.

Badira ehun urte baino zaharragoak diren argazkiak –gutako edozein baino luzeago bizi izan diren eta biziko diren erretratuak–, gelatina geruza batez babestutako zilarrezko gatzetan betiko inpresionatuta geratu ziren istantak jasotzen dituztenak. Erretratu horiek behin eta berriz ikustatu izan dira, eta behin eta berriz ikusiko dira aurrerantzean ere. Hainbat belaunalditako gizon eta emakumeek ikusi eta gozatu –edo sufritu– izan dute irudi horiek eskuan hartuta, edo haiek zintzilik jarritako hormaren aurrean zutik. Irudi horiei begira, pertsona askok ikasi dituzte beren tartekoen istorioak eta historiak, berritu dute beren memoria, ekarri dituzte gogora hainbat eta hainbat oroitzapen; irudi horiei begira, pertsona askok “bizi” ahal izan dute berriro kameraren obturadorea zabaldu zeneko memento bakar eta errepikaezin hura. Papera ahula da, suntsikorra: hezetasunak lizundu eta suak erre egingo du; argiak marguldu egingo ditu haren gaineko tintak eta koloreak, horitu egingo ditu behinolako zuriak; baina papera –haren azala urratuz irarri den irudia bezala– luze irauteko egina da.

Gaur egungo irudiak gutxitan iraultzen dira paperean, eta, euskarri teorian iraunkorragoetan gordetzen badira ere, uste baino lehenago galtzen dira maiz –sakelakoa berritzerakoan, diskoa hondatutakoan, formatua zaharkituta geratzean…–. Garai batean uste nuen hori arazo bat izango zela, eta konponbideak asmatuko zirela; denborak erakutsi dit, baina, argazkien funtsa bera dela aldatu dena, eta ez dagoela zertan iraunarazi irauteko sortu ez den zerbait: egungo irudiak behin-ikusiko argi dirdai iheskorrak besterik ez dira, kontsumo azkarreko objektuak, ikusi eta ahanzteko sortutako zer alegiazkoak.

Duela ia bi urte egindako argazki batzuk landu nituen joan den astean, lankideen artean banatzeko asmoarekin. Bi urte egonak ziren, beraz, irudi haiek nire ordenagailuaren diskoan gordeta; bitartean denbora ez zen gelditu, jakina, eta gu guztion bizitzak ere aurrera egin zuen. Garai batean, edozein talde edo kuadrillatan batek edo bik egiten zituzten argazkiak, eta normala zen gero, argazkiak egiten zituen horrek, karreteak errebelatu ondoren, kopiak atera eta lagunen artean banatzea –aro digitalaren aurreko garaiez ari naiz, jakina, orain baino askoz ere irudi gutxiago produzitzen ziren garai ez hain urrunaz–. Argazkien balioa bestelakoa zen garaiak ziren, fotoak kartoizko kaxetan sailkatuta edo albumen orrietan itsatsita gordetzen ziren garaiak. Baina gaur egun, zertarako banatu argazkiak? Kasu asko eta askotan, ziur naiz, aldi bakar batean ikusiko dira, mugikorrarekin ateratako argazki asko bezala: behin ikusi eta kito! Kasu gutxi batzuetan, bakarren batzuk partekatu egingo dira, lagunei bidaliko zaizkie; baten batek gorde ere egingo ditu, akaso, horietako batzuk, eta egilearena ez den disko gogorren batek egingo die abegi on azkenean –onenean, hori ere.

Hirurogeita lau argazki ziren, bada, bi egun iraun zuen taldeko bilera batean egindako pilatik lantzeko hautatutakoak: aurkezpenetan hartuak batzuk, aisialdian lapurtutakoak beste batzuk, talde argazkiren bat edo beste, denetarik pixka bat. Lanketa bukatu nuelarik, mezua taldearen zerrendara zabaldu nuen, eta bertan bilduma webean ikusi ahal izateko esteka zehaztu nuen. Hirurogei bat lagunek jasoko zuten mezu hura: laneguna zen, eguarteko hamaikak eta hogeita bost.

Eguerdiko hamabietarako, 3.512 ikustaldi erregistratzen zituen argazkiok argitara emateko baliatu nuen webguneko bildumak –laneguna bazen ere, ordu erdi pasatxoan 45etik gora lagunek hartua zuten tarte bat argazkiei gainbegiratu bat emateko; behin betiko gainbegiratua, segurutik, behin betikoa eta bakarra–. Arratsaldeko seietan, ia 5.500; eta egunaren amaieran, 6.259 ziren erregistratutako ikustaldiak. Ikusi nahia bazegoen, beraz, ez dirudi geure burua irudietan ikusteko grina hori ilaundu denik; baina nago egiten duguna ikuste azkar-bakar bat dela, kontsumitze arin-egonezin bat.

Jaso nituen esker oneko mezu zenbait, eta argazkiak gustukoak izan zituztela adierazten zuten esaldi batzuk; kexuzko aiene bakarren bat ere bai, denboraren lorratzak Photoshopez leuntzerik ez ote nuen eskatuz (eta hori nork bere irudia bi urtez gazteago ikusten zuela!). Horixe izan zen dena: hurrengo egunetan, apenas erregistratu zen bisitaldirik webguneko bilduman. Ez daukat jakiterik inork argazkirik jaitsi ote zuen gordetzeko, baina apustu egingo nuke ez zirela asko izango –batik izan bazen.

Argazki horiek, bada, egun horretan bertan zendu ziren, atera eta bi urte eskasera –eta horrenbeste iraun baldin bazuten, egilearen alferkeria eta nagikeria direla medio iraun zuten, lantzeko eta banatzeko erabakia hartzeko ia bi urte behar izan zituelako, ez beste ezein arrazoirengatik.

Zer balio du argazki batek gaur egun? Zergatik eta zertarako egiten ote ditugu, orduan, hainbeste?