Klik eta klak

Aurtengo Korrikak klikaren leloa eraman du izenean bertan, digitalaren bidea hartu du irudi, euskara egoera hobe baterantz bultzatzen laguntzeko.

Klika eta korrika hitzen errimatik abiatuz, puntuka erantzun dio bertsolariak, zurezko lekukoak, Euskal Herri osoa korritu ondoren, bere altzotik askatu eta aireratu duen mezuan. Lujanbiok eutsi egin dio mezuan digitalaren bideari, eta, euskarak behar lukeen egoera irudikatzeko, normal-normal txertatu ditu testuan duela urte gutxi zibernetiko zoro batzuen terminoak baino ez zirenak. Euskara ez dela euskararen gauzetarako aplikazio soil bat gogorarazi digu, eguneratua eta software librekoa izan behar duela, eta elikatzera eta instalatzera egin digu gonbit; memoria handiko herri honen sistema eragilean (letra larriz testuan) behar duela euskarak adierazi du, prentsa osoari titularrak eginda eskainiz. Gigak eta datuak ere ez zaizkio ahaztu, katu, sarde eta mantalekin batera, euskarak nonahiko behar duela aldarrikatzerakoan.

Zibernetiko zoro horietako batzuei hainbeste urtetan zehar terminologiaren arloan egindako lana etorri zaie gogora, Neolitoan hitz egiten omen zen hizkuntza haren egungo aldaera teknologiak eskatzen duen mundu kontzeptuala adierazteko ere gai bihurtzen egindako ahalegina. Eta harrotasunez eta pozik egiaztatu dute bertsolariak aukeratutako irudiak oso ongi transmititzen ahal duela haren buruan zegoena, terminoaren gardentasunak mesede egiten diola komunikatu nahi zuena komunikatu eta mezuaren jasotzaileari helarazteko –nahiz eta jasotzaile horietako askok eta askok batere ez jakin, esaterako, sistema eragile bat zer den.

Egin, eragiteko. Eragin, eginarazteko. Sistema eragilea, eragiten duen zera. Windows, Linux, Android, macOS, iOS… Egin, eragin, eginarazi. Gu, zuek, haiek. Datozenak. Erakundeak, alderdi politikoak, komunikabideak. Neskenegunak. Eskaini eta eskatu. Eskatu eta eginarazi! Euskarak batuak eta euskara batua. Dena ukitu du Lujanbiok mezu ezinbestean laburrean, maistraki ukitu ere, Gasteizko Andra Mariaren plaza gogo biziz eta, batez ere, bizi gogoz koloreztatzen zuen jendetzaren aurrean. Hitzez eta kantuz, gako jakingarriak aipatu ditu, baita lerro artean irakurri nahi duenarentzat ere.

Klik batek beste egoera batera eraman gaitzake. Klik batez beste mundu batera hegalda gaitezke; halaxe gertatzen da, maiz, nabigatzailean klik egin, eta geunden lekutik beste batera aldatzen garelarik. Bistan da euskarak klik bat behintzat behar duela –klik baten indarra, klik baten magia–, dagoen bidezidorretik irten eta errepide zabalago batera lekualdatuko bada. Klik bat ez ezik, baita klak bat ere. Eta klik birtual bat gabe, klik erreal bat, gauzak aldatu eta norabide hobean jarriko badira.