Autoestimua

Urrutitik erreparatu diek, hire espaloi beretik zetozean. Mutikoaren gorputz jarrerak ez zian zalantzarako tarte izpirik uzten: burumakur zetorrean gizagaixoa, amonaren eskutik helduta, erdi arrastaka; eta negarrez intzirika, arnasa hartu ezinik ia, zotin batean.

Zazpi edo zortzi urte izango zitian, ez gehiago. Zer ote zuen horrela egoteko, egin duk heure baitan, amonak masaileko batzuk eman ote dizkion izan duk burura etorri zaian estreinako gauza. Berehala baztertu duk hipotesia, ordea: gaur egungo amonek ez ditiztek bilobak jipoitzen –atxilotu egingo litizketek agudo.

Baten bat, eta, batez ere, ume bat, hala ikusten duanean, negar hipaka, gauza bera etortzen zaik beti gogora nahi gabe ere. Urte asko-asko joan dituk arratsalde ilun hartatik, baina ez zaik ahazten; eta ez zaik sekula ahaztuko, ondo asko dakik hori. Txikitako auzoko eliz atari gris hartara joaten zaik gogoa horrelakoetan, eta hire izeba hura ikusten duk lauso artean, eta orain hire aldamenetik pasatzera doan mutiko horren tankeran hi heu azaltzen haiz koadroan, negar zotinka, arnasa hartu ezinik ia, eman eta eman ari zaian emakume harenganako gorrotoa kolpe bakoitzarekin haziz nola doan ikusten. Astinaldia bera ahazteko ez duan bezalaxe, zerk eragin ote zuen xuxen, ordea, ez duk gogoratzen, baina eliz konturen bat izango zuan, hori ziur: halako adinean, nazka-nazka eginda egongo hintzen noski ia eguneroko arrosario, meza eta errezoekin, eta aurre egingo hion izeba jainkojale hari, behingoagatik libratuko hintzelakoan edo. Baina errebeldiak larrutik ordaintzen ziren garaiak zituan, eta errepresio katea ahulenganaino iristen zuan. Izeba zahar batek –espaloitik datorren amona hori bezalakoa izango zuan adinez, baina oraingo amonak askoz ere gazteago ikusten dituk garai bateko izebak baino– bazian, beraz, iloba jipoitzeko eskubide osoa, eta inori ez zitzaioan burutik pasatzen horregatik atxilo eraman zezaketenik.

Kontu zaharrak alde batera utzi, eta gatozen ostera gaur arratsaldeko espaloira. Hire ondotik pasatu direnean, aise ikusi ahal izan duk nola jausi zaion mutikoari malko potolo bat masailean behera aurrena, eta nola, aurpegi osoa korritu duelarik, libratu eta lurrerainoko bidea osatu duen. Eta hitz batzuk ere entzun dizkiok, zotin artean:

— Ni tontoa naiz, tontoa naiz, amona, lehen ere erori egin naiz. Eta atzo bi aldiz erori nintzen, beti lurretik nabil!

Gizajoa, ezingo huen gehiago enpatizatu mutil koskorrarekin! Izan ere, estropezu edo irrist eginda erortzen den bakarra ez haizela ikusteak eman dian poxaz gain, ez baihuen usteko horrelako sentimenduak hain gazterik izan zitezkeenik, beste adin batekoen kontua zirela esango huen. Eta mutilari bere burua modu horretan gutxiesten entzun dioanean, irribarre zabal bat eskapatu zaik, eta hire begiek amonaren begi irribarretsuekin egin ditek topo lipar batez: eskerrak mutikoa ez den jabetu!