Lehen mailako albisteak

Gorka Lupiañez torturatu egin zutela ebatzi du Nazio Batuen Erakundeak.

Bi langile hil dira bi istriputan: bata Zestoan eta bestea Zarautzen.

Ez dakit xuxen noiz aireratu diren bi berriok: Zestoan pinuak mozten ari zen langilearen istripua gaur goizeko hamarrak baino lehen gertatu da, eta eguerdiko albistegian entzun dut nik, irratian; Zarauzkoa ordu biak aldera izan da, garabi batetik erorita hil da hogeita hamar urteko gaztea. Gorka Lupiañez torturatu egin zutelako ebazpena ere gaur arratsaldean jakinarazi du NBEk, oker ez banago –baina baliteke goizekoa izatea berri hori ere.

Gaueko hamaikak dira, eta lehenengo albistea beste bat da, Berriaren webgunean: Osasuna Lehen Mailara igo da (titularrean ez du «Espainiako Futbol Ligaren Lehen Maila» esaten, testua irakurtzen hasi beharra dago Espainiako futbol ligaz ari dela jakiteko). Beste bi albisteak, berriz, eta egunean zehar lehen albiste izan badira ere, lehenengoaren azpian ageri dira orain.