Barkamenaren inguruan

The Happy Prince (Rupert Everett, 2018) filma ikusi berritan, harri eta zur geratzen da bat. Pelikularen amaitu orduko ohar bat irakur daiteke pantailan: «Britainia Handiko gobernuak hil osteko barkamena eman zion Oscar Wilderi, 2017an». Harekin batera beste 75.000 gizon homosexual (ohartaraziak edo kondenatuak izandakoak) ere barkatu zituen Erresuma Batuak urte horretan, informalki Alan Turing Legea esaten zaion legearen bitartez.

Bai, barkamena «eman»… ez barkamena eskatu. 2017an, atzo goizean.

Homosexuala zela-eta auzipetu eta espetxeratu zuten Oscar Wilde, 1895ean (XIX. mendearen amaieran) –Alan Turing matematikari eta informatikaria, berriz, XX. mendeko 1952an hartu zuen mendean patu gaizto berak, eta, kartzela saihestearren, kastrazio kimikoa onartu behar izan zuen–. Idazlearen gainbehera kontatzen digu filmak, kartzelatik irten eta gero (1897an, 2 urtez bortxako lanak egin ondoren) Napolin eta Parisen eman zituen zoritxarreko urteetan bizi izan zuen miseria latza. Oscar Wilde mende berriarekin batera hil zen, 1900eko azaroaren 25ean –Turingek ere ez zuen asko iraun, 1954an hil baitzen, zianuroz pozoitua (suizidioa izan zela ebatzi bazuten ere, biografo batzuek zalantzan jartzen dute).

Azken boladan, barkamenari eta barkatzeari buruz jendea nahastuta dabilela ematen du, askok ez dituztela ongi bereizten ematea eta eskatzea. Iraintzaileari, min eman eta kalte egin duenari dagokio barkamena eskatzea; iraindu eta kaltetuari, berriz, ematea –hala egitea egoki jo eta nahi izanez gero– edo ez ematea. Wildek eta Turingek ezingo lukete inor barkatu honezkero, baina haiei legokieke, inondik ere, barkamena ematea, eta ez haiek iraindu eta hil arteko min sendaezina eman zietenei.

Baina botereak ez du inoiz ikusten bere burua barkamen-eskatzaile; izatekotan, emaile.

Oharra: Aipatu den filmeko ohar horretan ingelesezko to pardon aditza erabiltzen da, euskarazko barkatu-ren baliokidea. Aditzak, baina, badu ingelesez beste esanahi bat, antza denez: euskarazko indultatu-ren baliokidea ere bada, hizkera juridikoan behintzat. Edonola ere, norbait edo zerbait indultatzen denean –amnistiatzen denean ez bezala–, zigorra kentzen da, baina delitua egin izana auzitan jarri gabe. Britainia Handiak, beraz, gizon horiei guztiei barkamena eman zien, indultatu egin zituen Alan Turing Legearen bitartez; bere garaian ederki bete zuten zigorra kendu egin zien.