1946

Félix Antoñanak mira egiten du, auzolan behartuan eginarazitako errepidean barrena etxera bueltan datorrela. Oker ez badago, leku hartantxe izan zen, bera atxilo zeramatela, kamionetari alto eman, alkatea eta beste batzuk jaitsarazi, eta fusilatu zituzten lekua. Ondo gogoan du harri librezko estrata zela artean, orain galipot kerua darion errepide hau. Gorpu eraitsi berriak ditu akorduan, mahasti ertzeko erretenean. Hamar urte joan dira harrezkero. Emaztea zena haurdun zen, gajoa, kartzelara bisitan azkenekoz joan zitzaionean.

Paquitok bederatzi urte baino ez ditu, baina hasia da dagoeneko lanean, osaba artzainari laguntzen. Gaur harritu egin da, urrunetik huraxe iruditu baitzaio –ibileragatik, edo auskalo zergatik–, beti isil-isilik pasatu ohi den paraje hartan geldi: hurreratu denean, ordea, berehala ohartu da arlote itxurako gizon hura, petatea –eta begiratua– erretenean tinko, ez zuela osaba.

Gizona so geratu zaio, eta oihu egin dio:

–¿Tú de qué casa eres, buen mozo?