Hiru egun bizikletan, Nafarroan zehar (I)

Aspaldiko partez, bizikleta kargatu eta bidean jarri haiz, hiru bat egunetan Nafarroa aldeko zenbait leku ezezagun korritzeko asmoz. Eskuin aldeko alforja baino ez duk hartu; leporaino beteta, hori bai: hiru egunerako baino luzeago irten nahi baduk, ezker aldekoa ere hartu beharko duala pentsatzen geratu haiz. Hamarrak jota zeudek irten haizenerako, nahi baino gehiago berandutu zaik. Eguraldi ederra datorrela ematen dik…

Etxetik atera haizenez, aurreneko kilometroetan ohiko lekuetatik ibili beharra daukak; ez, baina, ohiko abiaduran, kargatuta motelago joan beharra zegok. Baina ez duk txarra erritmo horretara ohitzea ere.

Ordiziara hurreratu arte ez haiz jabetu gaur asteazkena zenik, merkatu eguna. Hala ere, ez zebilek jende asko-asko ere eta aise pasatu haiz –abuztuan gaudelako izango duk, mortu geratu ohi dituk gure herrietako kaleak–. Beasain aldeko industrialdea atzean utzi, eta Zegamara iritsi haiz: kioskoa bandera estatubatuarrez josita zegok, buelta guztian (Alaskan ote habil, ba, oraindik?). Sanbartolomeak hasten dituk gaur Zegaman. Festa egitaraua webean kontsultatu, baina ez duk topatu bandera horien presentzia eta ugaria ulertaraziko dian ezer, non eta ez den jaiei hasiera emateko mozorro eguna antolatzen dutela hemen… Kioskoa ere mozorrotu egin ote dute?

Aizkorri Otzaurte aldetik.
Aizkorri Otzaurte aldetik.

Zegamatik irten eta paisaia ederragoa duk, basagoa. Aizkorriko haitzak eskuin aldean dituala, errepidea Nafarroa aldeko zerura begira jarri zaik, pedalei eragin beharra zegok. Otzaurteko malda igotzen hasi eta berehala, baserri baten izenak eman dik atentzioa: Ezpaleo. Toponimia errazerako –berdin ziok okerra bada ere, jolasa jolasa duk– jokoa ematen dik deiturak, ematen duenez. Ezpaleo… ez geundeke hemen. Ezpaleo… ezingo genuke. Ezpaleo… ekarri egin beharko genuke. Ezpaleo… Ez balego…, baina bazegok! Horixe kontua, hausnarrean hasita: badagoela, alegia; badugula, ez garela gaizki bizi hemen –batzuk behintzat–. Badituk, eta asko, gu baino okerrago bizi direnak munduan: bart agindu dik fiskal batek, azkenean, Open Arms-en zeuden pertsona guztiak Lampedusan lehorreratzea, egoera ontzian eutsiezina zela eta.

Otzaurte gaina, Nafarroako muga, Altsasu. Pankarta handi batek egin dik ongietorria, azkenaldian bertakoek nahi baino gehiago aipatzen den herri honetan: herri baten bakean bizi nahia ezinezko egin nahi duenik baduk, inondik ere, eta altsasuarrek hil honen 31rako izendatu ditek Ospa Eguna, horixe iragartzen dik pankartak —ostia egun bihurtzen ez bada, gaitz erdi!–. Herriko gazte batzuk kartzelan zeudek –lehenengo atxilotu zituztenak 1.000 egunetik gora barruan, dagoeneko: aise esaten duk, zenbat gauza ez ote dituk hik egin denbora horretan guztian!–, taberna batean guardia zibil batzuekin izandako liskar batengatik.

Errepide ondoko Irubide tabernan –zenbat “hirubide” Euskal Herriko bidegurutzeetan!– ogitarteko erdi bat, kafea, eta abian berriz ere: Sakana utzi eta Urbasako gainera igo behar duk orain. Portu eroso samarra zela huen gogoan, baina oroimena gezurti hutsa duk, ez zaiok kasu handirik egin behar –are gutxiago, tartean duela hogeitaka urteko oroitzapenak direnean, eta portuak, mendiak eta abar dituztenean gai–. Ez duk aldapa zaila, baina eragin egin behar hemen ere.

Urbasako igoera.
Urbasako igoera.

Urbasa ere ez duk hire oroimeneko baso zabal eta, udan behintzat, fresko eta ilun samar hura. Autoak dezente, aparkalekuak asko –eta esango huke horietako batzuetan P seinalea autoek espazioa kolonizatu ondorengoa dela, eta ez, beharko lukeenez, lehenagokoa–. Aparkalekuak 200 metroero, autoak nonahi (P seinaledun berdeguneetan zein P-rik gabekoetan); letreroak eta seinaleak errepidean, baita ezertarako balio ez dutenak ere, inolako informaziorik ematen ez dutenez (Urbasako bihotzean “Urbasa” dioen letrerotzarra, kasu); domingeroak ere mordoa, bazterretan –asteazkena izanagatik–, kitasolak, mahaiak eta tunbonak zabalduta han eta hemen.

Ubabako Behatokian (Pilatosen Balkoia) geldialditxo bat, eta aurrera; behera denez, betiere aiseago: Ameskoabarreneko herriak dituk zain Urbasaren beste aldeko sakanean, ziztu bizian jaitsi haiz. Arratsaldeko bostak dituk, eta Zudairin haiz, lehen eguneko lanak beteta. Bertan emango duk gaua.

Ubabako behatokia.
Ubabako behatokia.
Zudairiko Ametz Zelataria.
Zudairiko Ametz Zelataria.

Afaldu aurretik Ametz Zelataria (edo Zelatariaren Ametza) ikustera joan haiz. Ametz Zelataria herriaren goi aldean dagoen ametz zahar eta handi bat duk (Quercus Faginea), eta, kontatzen dutenez, gerra edo izurrite garaian hantxe paratzen zituan zelatariak, herrira nor sartzen zen kontrolatzeko. Hantxe, ametzaren azpian, andaluziar bikote batekin jardun duk solasean –semetxoa ere haiekin zuan, baina hark ez zian burua altxatzen bideo kontsolatik: oso joko interesgarria, antza, esku artean zeukana–, hizkuntzaz, naturaz, berotze globalaz, pertsonen izaeraz… Jende jatorra, eta gauza askotan hirekin bat zetorrena: ez duk maiz gertatzen hain bat-batean sintonizatzea ezezagun batzuekin.

Afaldu eta lotara, biharamunean ere bide luzeak espero hau eta.