Hiru egun bizikletan, Nafarroan zehar (II)

Jaiki haizenean fresko duk Zudairin, baina beroa zetorrek eguna. Gosaldu, bizikleta muntatu eta aurrera (gaur hamarrak baino lehenago abiatu haiz behintzat).

Artabia.
Artabia.

Aise jaitsi haiz Lizarra aldera, gorabeherak gorabehera, goizeko freskotasunean. Herriaren sarreran ezkerretara jo, eta Abartzuza aldera hartu duk, maldan gora. Kilometro gutxi batzuetara, berriz, Bearin gainditu eta gero eskuinerantz, NA-700 errepidean barrena abiatu haiz, Iruñea eta Lizarra lotzen dituen errepide zaharretik.

Deierrin habil. Haran ederra duk, baina ezezaguna –hiretzat, jakina–, bakartia; hau ere, Baldorba bezala, bidetik baztertu zian, nonbait, madarikaturen batek. Soroak gorri zeudek, agor –agorrilean gaudek, zer nahi duk!–. Eguartea aurrera zoak, eta eguzkia bizkarra berotzen hasi zaik; ekiloreak ere burumakur ageri dituk ezker-eskuin errepide alboan, harrokeria handirik gabe. Murugarren, Zabal (Zábal, gaztelaniaz, argi gera bedi non dagoen azentua!), Zirizako Etxeak, Muez… Jaitzen (Salinas de Oro, gaztelaniazko izena gehiago duk oraingoan ere: ez dakik, halere, gatzetik garai bateko irabaziak aterako dituzten gaur egun, kaxa dotoreetan merkaturatuagatik) aurkitu duk denda-taberna edo taberna-denda bakarra. Eguzkitarako krema ere behar huenez –alforjan tokia egiteko atera huen, eta gero berriz sartzea ahaztu–, barruko freskotasunean babestu haiz, tarte batez. Zerbait edan ondoren, Etxauriko gainerantz abiatu haiz, hura gainditu eta Etxauri herrian bazkaltzeko asmotan.

Jaizko gatzaga.
Jaizko gatzaga.
Izurtzuko oroitarri txikia.
Izurtzuko oroitarri txikia.

Izurtzu pasatu eta gero –inoiz ibilia hintzen paraje hauetan, baina ez huen gogoan Jaitz eta Etxauri artean beste herririk bazenik ere–, oroitarri txiki bat bide bazterrean, gogorarazten dituenak urte luzez bezain bazterrean hura ere: “Eraildako eta errepresio faxista jasan duten guztien oroimenez, lurra, aurrerapena eta askatasuna defendatzeagatik.” Egia, justizia eta kalte-ordaina erregutzen ditik testuak –80 urte geroago–, ezkutukeriaren, zigorgabetasunaren eta mendekuaren gainetik. Harriaren aldamenean elorri beltz bat aldatu ditek, basaranez beteta zegoan. Etxauritik Ororbiarako tartean ere ikusi duk gero beste oroitarri handiago bat, Oltza Zendean eraildako guztien omenez paratua –zerrenda ikaragarria duk, zinez.

Oltza Zendeako oroitarriko xehetasuna.
Oltza Zendeako oroitarriko xehetasuna.

Etxauriko gainean haiz, eta han beti gelditu beharra zegok, paregabea dituk tokia eta bertatik dagoen ikusmira zabala. Ez duk unerik onena argazkiak egiteko –eguerdian kamera zorrotik ere ez dela atera behar ziotek argazkilari askok–, baina ezin alde egin batere egin gabe. Handik Etxaurira ia 7 km-ko jaitsiera erraza, aurreko gorabehera ugariek eragindako nekeak arintzeko opari.

Etxauri gainetiko ikuspegia.
Etxauri gainetiko ikuspegia.

Ogitarteko erdi bat gaur ere –zer gertatzen da, lehen baino handiagoak egiten dituztela orain, edo heu haiz oso bat jateko ezgauza dena?–, kafetxoa eta aurrera.

Handik aurrerakoak, berriz, ez dik kontatzea ere merezi, baina hona hemen, labur-labur: Ororbia, Arazuri, Orkoien –izena bai ondo emana, “hor goien” baitago Orkoien… eta 33 graduk ez ditek aldapatxoa igotzen laguntzen–, Iruñea. Trafikoa, semaforoak, kamioiak, beroa, bero handia… Atarrabia pasatu eta Arrera iritsi haiz behingoan, handik ipar aldera hartu, eta Olaberaino laster batean; han emango duk bigarren gaua. Gaurko ostatua ere ez duk idilikoetan idilikoena: errepide ondoan zegok, gasolindegi baten aldamenean, eta gelako leihotik “Repsol” eta “Perfinasa” irakur daitekek, bi letrero handitan.

Afaltzeko, Nafarroan habilela eta ajoarrieroa eskatu duk, baina dezepzio txiki bat hartu duk: herorrek ere egingo huke hobea! Gau osoa bueltaka eman duk gero: nekeagatik, seguru asko… edo ajoarrieroagatik, bestela.