Bidegorrietan, bide orririk ez

Donostiako auzo berri bateko kale zabalean, bizikletaria bazterretik. Atzetik doakion auto gidaria ez da lasai, antza, eta birritan jo dio klaxona. Semaforora iritsitakoan, bizikletaren parean jarri eta kopilotuaren aldeko leihatila jaitsarazi du gidariak:

— Aizu!, hor bertan duzu bidegorria –gidariak, zakar.
— Bai, ikusten dut. Baina ez daukat zertan hortik joan, zuk bezalakoxe eskubidea dut galtzada erabiltzeko.
— Horregatik gertatzen dira gertatzen direnak… –gidariak, are zakarrago.

Bizikletariak ez du erantzun, ez zaio berehalakoan etorri erantzuna: “Gertatzen badira, denon artean egin beharko dugu zerbait gerta ez daitezen!”. Zer pentsa eman dio topaketak, eta gogoetari eman dio. Handik aurrera saiatu da bere helbururantz bidegorriak ere erabiltzen, tarteka bada ere, baina beste behin ere beti pentsatu duena egiaztatu du: ez dago modurik!

Donostian, eta gure herrian, oro har, ematen du bidegorriak asteburuan paseoan ibiltzeko pentsatuta daudela, aisialdirako batik bat; ez behintzat garraiobide gisa, eta ez bizikleta kirola egiteko tresna dutenentzat ere. Paseoan ibiltzeko baino ez, eta ez bizikletarientzat bakarrik, gainera, bidegorriok oinezkoekin, korrikalariekin, patinatzaileekin, libre –edo lotuta– dabiltzan txakurrekin eta beste zer askorekin partekatu behar izaten baitira. Salbuespenak salbuespen, jakina. Baina, askotan, bidegorria bera da salbuespen gurean, bidegorri sare, azpiegitura egoki bat behar baita; eta halakorik ez dago.

Hemen ez dago bidegorri sare behar bezala konektatu bat: bidegorriak hasi eta buka egiten dira, eta ez da samurra jakitea non hasi eta non bukatzen diren, eta zergatik hasten eta bukatzen diren hasten eta bukatzen diren leku edo ez-lekuetan.  Bidegorri sare bat baino gehiago, bidegorri zatiz osatutako puzzle soluziorik gabeko bat da daukaguna. Zoaz Añorga aldera Antiguatik, esaterako, eta Añorga Txiki gainditutakoan har ezazu ezker aldetik jarraitzen duen bidegorria; Añorga atzean utzi eta aurrera egiten du, bai, eta esango zenuke norabait eramango zaituela… baina halako batean fini, akabo, inolako oharrik gabe amaitu egiten da, eta handik joatera menturatu den bizikletariak ezinbestean irten beharko du bestelako ibilgailuak dabiltzan galtzadara.

Oharrik gabe esan dugu? Oharrak eta seinaleak ez dira behar bidegorrietan, zertarako! Bizikletariak, auto gidariak ez bezala, nonbait, bizkorrak dira oso, eta kale artean eta bide sareetan orientatzeko ez dute inolako seinale, letrero eta bestelako adierazpideren premiarik. Hirian jaioa izanda ere, hiria ondo samar ezagutu arren, Donostia batean ez dago jakiterik nondik eta nola joan auzo batetik bestera bizikletan –bidegorritik, esan nahi da–, seinale bakar bat ere ez dago (lurrean margotutako abiadura mugak eta beste zenbait debeku izan ezik). Gurean errukitzeko modukoak dira turistak, hirian batetik bestera mugitzeko bizikleta bat alokatu eta erabiltzen dutenak –ez naiz markoaren ertzetik itsasoari begira dabiltzan horietaz ari, noski–; aurrez Danimarkan, Holandan edo Alemanian ibiliak badira, esaterako, ezingo dituzte konparazioak saihestu, saihestu ezingo dituztenez! Eta zer esan zakutoak hartu eta bizikletan bidaiatzen dutenei buruz: hor ikusiko dituzu maiz, koitadu errukarriok, autobide debekaturen bateko bazterbidean pedalei eragiten –ataka horretara zerk erakarri dituen ez dakitela–, aurrerantz burumakur ezinbestean, auto gidarien tutu jotze, arao eta birao zaparradaren pean izu; harik eta poliziak gerarazten dituen arte.

Uste dut oraindik urrun gaudela hemen bidegorri azpiegitura erabilgarri eta joan-etorrietarako egoki eta zentzuzko bat izatetik. Baina txarrena da ez zaidala iruditzen agintariek halako zerbaiten beharrik sumatzen dutenik ere, eta ez dudala ikusten benetako asmorik dutenik bizikleta garraiobide gisa hobestearren kontzientziazio eta heziketa politikak ezartzeko ere. Aldarrikatu beharra dago bizikletak ere ibilgailuak direla, eta nago espazioak partekatzea izango dela, azken batean, irtenbidea.