Berrogeialdiko hiztegi pertsonala (I)

akaso Ziurgabetasunaren aurrean esan ohi dugun hitza, geroak zer ekarriko duen ez dakigunean edo gertaera baten nondik norakoez zalantza egiten dugunean. Akaso izango zen egia bolada hartan kontatzen ziguten guztia. Akaso irten ahal izango gara hemendik uda baino lehen.

amesgaizto Gertagaitzena edo/eta izugarriena jazotzen deneko gertaera, zeina gu geu protagonista gaituen beldurrezko film baten moduan ikusten dugun.

ardura 1 Erantzukizuna. Garai hartako agintarien ardura handia izan zen, ezjakintasun eta ezintasun handiz, itsu-itsuan ia, hartu behar izan baitzituzten oso erabaki garrantzitsuak, gerora ekarriko zituzketen ondorioen irismena norainokoa izango zen jakin gabe. 2 Kezka. Norbanakoen ardura izan zen etxean geratzea, bistakoa baitzen besteekiko harremanak gutxitzea zela, norbera ez ezik besteak ere ez kutsatzeko modu bakarra. 

argi Ilunaldi baten amaiera dakarren albiste itxaropentsua, egoera berri baten zantzuak dakartzana.

beldur Pertsonarik harroenak eta jendarterik burgoienak ere kikildu eta geldiarazteko ahala duen emozio edo sentimendua.

berrogeialdi Besterik esanagatik –eta pertsonok hala sinetsi nahi izanagatik–, hamabost egunekoa baino luzeagoa izaten den bakarraldia, eta, EHn1 dioen bezala, “lehen berrogeiren bat egunekoa” izan ohi zena –lehen eta beti, gehiago ez bada.

birus Izaki ziztrina, bere gisa bizitzeko gauza ez dena –beste inoren zelula bizidunak hartu behar ditu ostatu, aurrera egingo badu–, baina bere burua naturaren jaun eta jabetzat duen gizarte oso bat hilabete gutxi batzuetan dantzan –eta ataka estuan– jartzeko gai dena. Azkenaldian birus informatikoek baino ez gintuzten kezkatzen, bestelakoak erabat menperatuta genituela uste genuen.

denbora 1 Mugimendua hautemateko dugun modua, erabat erlatibizatzen dena mugimendurik ez dagoenean. EHren arabera, “Gauzak gertatzen eta izakiak aldatzen diren bitarte mugagabea” (garai hauetan zer pentsa ematen duen definizioa, erreparatu ondo osagai guztiei: gauzak gertatu, izakiak aldatu, mugagabea…). Eta denbora geratu egin zen, edo hala zirudien behintzat. 2 Eguraldia. Sasoi hartan, ez zitzaigun batere axola denbora ona edo txarra egingo zuen, etxe barruan berdintsua egiten baitzuen beti.

dilema etiko Arazo baten soluzioen artean hautu bat egitera behartzen gaituen egoera, eskueran ditugun aukeren eta norberaren balio etikoen artean gatazka dagoelarik. ZIUetan2 nor sartu–eta nor ez– hautatu beharraren dilema etikoaren aurrean aurkitu ziren mediku asko, aurreko hamarkadako inbertsio murrizketak zirela-eta degradatutako osasun sistema batean.

elkartasun Pertsonen artean sortzen den harremana, batak besteari laguntzeko helburua duena. Elkartasunarekin batera sortu ohi dira jarrerarik egoistenak ere, egoera zailetan nagusiki.

eskubide Gutxien uste denean gal daitekeen ahalmena. Batetik bestera mugitzeko eskubidea galdu genuen bat-batean.

esperantza Azkena galtzen den sentimendua, gainerako guztia galdutzat emandakoan ere irauten omen duena. Noiz arte eutsi genion gaitzak guri –europarroi, euskaldunoi, lagunoi, etxekooi– eragingo ez zigulako esperantzari?

etorkizun Orainean sortzen dugun amets edo gurari bat, geure gogotik at existitzen ez dena. Aurretik genituen amets eta eginbeharreko asko hantxe geratu ziren, lau hormaren artean izozturik, etorkizuna urruntzen zela sumatu orduko.

gaixotasun Beti besterena den zerbait… norberarena izatera iristen den arte.

geldialdi Edozein ibilgailuk egin beharreko ezinbesteko ekintza, noranzkoaz erabat aldatuko badu. Geldialdian hausnarrari eman zioten, baina ateak zabaldu orduko atzendu zituzten hausnarketa haietan gogoetatutakoak. Geldialdian adina ez zuen inoiz produzitu blogari hark.

geroratu Bertan behera utzi oraingoz, geroko gerotan egiteko asmotan. Urte hartan, udaberrirako asmo eta planak geroratu egin behar izan genituen.

giza bizitza Beti balio sakratu eta ezin bortxatuzkotzat aipatu ohi den arren, gerra baten kariaz edo merkatuari hala komeni zaionean uko egiten ahal zaion eta sakrifikatzen ahal den kondizioa. Hona hemen US News-en 2020ko martxoaren 24an argitara emandako artikuluaren izenburua, COVID-19a dela eta: “Donald Trump-en hautua: ekonomia ala giza bizitzak”.

goi 1 Gailurra, tontorra, sabaia. Epidemia batean kutsatutakoen kopuruak adierazten dituzten kurbek jo behar duten puntua, lasaitzen has gaitezen (handik aurrera beherantz egin behar baitute nahitaez). 2 Estualdietan, norberak eutsi beharreko egoera.

harrokeria ideologiko Nagusitasun edo nartzisismo ideologikoa, kultura eta gizarte batzuek, beren buruei beste batzuenen gainetik irizten dietelarik, praktikatzen dutena. Etnozentrismoa. Harrokeria ideologikoak eraman zuen Europa kaosera, koronabirusa Ekialdean izaten ari zen bilakaera gaiztoari entzungor egin eta besoak antxumaturik geratu zenean. 

heriotza Bizitzak berezkoa badu ere, zerbaitek ondora ekartzen ez digun arte iskin egin eta ahazten saiatzen garen gertaera. COVID-19 gaixotasunaren kariaz, heriotza bakartu eta garestitu egin zen.

[hiztegiaren bigarren partea, hemen]

  1. Euskaltzaindiaren Hiztegia
  2. Zaintza Intentsiboen Unitateetan