Sa Calobra

Izerdi patsetan hago, esnatu ezinik, amets betean. Aurrean duan aldapa ez duk handia, baina gora egiten dik etengabe –bizikletan joanda aldapa guztiek egiten duten bezala, jakina; txirrindujaleen taldean, “malda polita” esango zenioketen horietakoa duk, tamainakoa: Kaixo, zer moduz zaudete, lagunak, nola ari zarete eramaten oraingo Hau?–. Itsasoa sumatzen duk ipurdi aldetik, handik datorren brisarak freskatzen dik gerrialde dagoeneko bustitzen hasia.

Lekua ezaguna egiten zaik: errepidea, landaredia, udaberrian baino izaten ez den usain gozo hori… Mediterraneo ingurua behar dik, inondik ere. Aldapa pikotzen hasi duk orain, errepidea estutzen. Lau minutu badituk gorantz hasia haizela, eta ordura arte berotze ariketa erraza izan dena zaildu egin duk bat-batean; barruko ahots batek pinoi txikiago batera jaisteko agindu eta kasu egin diok: men egiten hezia haiz txikitatik, eta otzan bete ohi duk esandakoa.

Lehenengo bihurgune itxiak iritsi dituk, ondotik halako beste hamaika etorriko direla iragartzen duten horietakoak. Eta horietako bat gainditu orduko, han agertu zaik, ehun metro beherago, urdin eta eder, itsasoa: bai, zalantzarik ez zegok, toki hura ezaguna duk…  a bai, Sa Calobratik gora hator, han ari haiz ekinean: itsas mailatik hasi, eta, sigi-saga, 10 km-tan 700 m-tik gorako garaiera hartzen duen aldats tente samarra.

Lau minutu gehiago, eta berriro ere barne ahots madarikatu hura aditu duk, beste pinoi txikiago batera jaistera behartu hauena: malda gora eta pinoiak jaisten, hori duk hori, gauza xelebrea, egin duk heure baitan; bizikletan inoiz ibili denak ondo zekik hori ez dela horrela, aldapa zaildu ahala pinoi handiagoetara jo behar izaten dela, ez alderantziz. Pinoi aldaketaz gain, bihotz taupadak maximoaren zein ehunekotan izan behar dituan ere gomendatu dik oraingoan ditxosozko ahotsak; taupada sentsorerik ez daukak, ordea, eta ezin esan, beraz, gomendioa betetzen ari haizen ala ez.

Birritan izana haiz orain baino lehenago Sa Calobran, eta gogoan duk orain hurrengoan bizikletan atera hintzela zoko magiko honetatik, lagun gutxi batzuekin (baina orduan ez zineten ibili, noski, orain pinoiekin egiten ari haizen joko deabruzko horretan). Orduko hartan gaua hondartzan eman zenuten –ez duk uste kanpin denda zabaltzeko lana hartu zenutenik ere, izarpean lotaratu zinetela esango huke–. Goizean, gosaritakoan, istripu bat izan zian lagun batek, eta anbulantzian atera behar izan zitean handik; ez zuan gauza handia izan, eta, zorionez, arratsalderako elkarrekin zineten denok berriz.

Bosgarren kilometroa gainditua duk, eta gainera iristeko gogoa besterik ez daukak. Lau minutuero gauzak zailtzera datorkian ahots horrengatik ez balitz, aise igotzen ari haizela iruditzen zaik, baina lau minutuero pinoi bat jaitsi beharrak ez dik txorakeria askotarako lekurik uzten; hortzak estutu, burua apaldu eta aurreko gurpilaren jiratze mantsoari erreparatzea besterik ez zegok horrelakoetan. Eguzkia ere altu samar zegok dagoeneko –udaberri berandua duk, ez haiz oso goiztiar ibili abiatzeko–, eta burua berotzen dik; ongi berotu ere. Ez duk garbi gogoratzen, urte asko joan dituk harrezkero, baina honelako zerbait kontatu ziaten anbulantzian joan ziren lagunek, ospitalean gertatutakoez: ondoezik zegoen laguna anbulantziatik jaitsi eta larrialdietara sartu orduko, zeladore bat etorri omen zitzaioan ero moduan neska gajoari, buila batean, eta errieta egin omen ziean bai berari eta bai berarekin ziren lagunei, ea zer uste zuten, munduan bizitzen ari zen egoera zela-eta ez ote zekiten larrialdietako zerbitzuak gainezka zeudela, eta hor zebiltzala berak, firin-faran, arriskuak hartzen beren bizikletekin errepidean, ez zela batere solidarioa jarrera hura…; salaketa jartzearekin ere mehatxatu omen zitian, eta ez omen zuan isildu, gainera, azaldu zioten arte benetan gertatutakoa zer izan zen, gosaltzeko hartu zuen zerbaitek erreakzio alergiko bat eragin ziola, ez zela bizikleta istripua izan. Isildu, azkenean isildu zuan, baina korridorean marmarka omen zihoaan artean ikusi zuten azken aldian (bizitzen ari ginen egoeraren larria, ganoragabe batzuen jarrera insolidarioa…  txor-txor-txor, txor-txor-txor, isildu gabe korridore luzean ezkutatzen ikusi zuten arte). Beti izan dituk papistak, pentsatu duk pedalei eragiteari utzi gabe, nonahi sasi poliziak, beren legeari itsuan men egin eta, bestearen arrazoiak jakin aurretik–edo batere jakin gabe–, edonor salatzeko prest egoten direnak.

Bederatzigarren kilometro mugarriak aldaparen parterik zailena hastera doala adierazten dik –% 8,6ko malda–; baina azken kilometroa duk, hau egina zegok! Goi aldean itzalguneak eskasago dituk, eta kaskoa oso bero sumatzen duk, kasko barruan lehertzear. Azken kilometro horretan zegok, hori duk gogoan behintzat aurrekotik, Nus de sa Corbata sonatua, ingeniari ausarten batek diseinatutako bihurgune totala, non errepidea makurtu eta bere buruaren azpitik pasarazi zuen, begizta bat eginez. Gorbata lepoan estu, eguzki galda zigor, iruditzen zaik zorabio batean ari haizela gorantz, pedalei eragin ezinik ia, eta izerdi tanta potolo batzuk sumatu dituk, kasko azpian sortu eta kopetan behera irristan, betertzak inguratu eta masailean barrena gero, harik eta libratu eta lurreraino erortzen diren arte, tanga-tanga, plaust-plaust. Plaust-plaust, plaust. Eta pot… Pot eginda esnatu haiz, baina goian hago azkenean (ezin duk zeladorea burutik kendu, han ariko duk txor-txor-txor orain ere).

“Aste erabakigarriak” duk artikuluaren lerroburua, juxtuan irakurri ahal izan duk hire eldarnioan lepoa luzatuz, eskulekuaren saihetsetik; hitzen gainean dagoen argazkian, emakume bat ageri duk maskara jantzita, Vatikanoko San Pedro plaza turistaz hustuan, paseatzen. Isuritako izerdi tantek zirkulu ilunak margotu ditiztek bizikletaren azpian zabaldutako Berria-ren 12. orrian; Youtube-ko bideoa1 amaitu denean, bizikletatik jaitsi eta egunkaria zein egunetakoa zen jakin nahi izan duk: 2020ko martxoaren 17a.

Erlojuari erreparatu dioanean, Sa Calobrako aldapatzarra igotzeko ordu erdi bat behar izan duala kalkulatu duk (aurreko hartan baino dezente gutxiago, hala esango huke): bejondeiala!

  1. https://www.youtube.com/watch?v=lQxo1lZ8H1Q