Agur eta ohore, Álvarez-Solís

Antonio Álvarez-Solís hil da. Uztailaren 18an –ironikoa bizitza, beste behin– beteko zituen 91 urte.

Omenaldi xume gisa, eta esker onez urteetan Gara-ren orrietan eskaini dizkigun artikulu mamitsuengatik –zenbat pentsarazi digun, zenbat irribarre lorarazi dizkigun–, duela sei egun Garan argitaratu zuen bere azken artikuluaren zati batzuk ekarri nahi izan ditut hona, euskaratuta. Álvarez-Solísen prosa landua ez da zitzultzen erraza, niretzat behintzat. Horregatik, nahi duenak hementxe aurkituko du jatorrizkoa.

Honela hasten da aipatu artikulua, Fedea eta iruzurra1 izenburupean:

Honako hau da Espainiako erregeak esan beharko ez zukeen gauza bakarra: «Birus honek ez gaitu garaituko. Indartu egingo gaitu gizarte moduan. Gizarte konprometituago bat, solidarioagoa, batuagoa;  edozein ezbeharren aurrean zutik iraungo duena». Urre aizuna latorrizko marko batean, gure gizartea immoralitatez betetako hondakindegi bat besterik ez da.

Eta honela jarraitzen du (esan bezala, zati batzuk baino ez dakartzat hona, euskaratuta; esanguratsuenak-edo egin zaizkidanak):

Gure denbora gogaitzen duten astinaldi sozial bizi eta sakonek –gure malur guztiak begi bistan utzi dituen pandemia, kasu– gizartea bere buruaren aurrean jartzera eramaten dute, erradikalki eta mingoski egiaztatzera hamaika nahasmendu ezkutaezin eta dramatikok kontsumitutako izaki bat dela. Gizarte horretan bizimodu duin bat bermatzeko ardura duen botereak agerian utzi du demokratikoki jokatzeko duen ezgaitasuna. Non da askatasuna, non berdintasuna, non senidetasuna?

[…]

Hau da, nik jarrai diezaioket neure bideari, gezurretan «tolesik gabe»2 ari zaizkidala ohartzen banaiz –defendatuko dut neure burua nik–, baina bizikidetzatik at uzten naute batere begirunerik gabe engainatzen banaute. Eta horixe da egun hauetan gure agintari itzaltsuak egiten ari direna; koronabirusak ez bezala, zeinak bere txikitasuna medio gezurra esan eta hil egiten baitu, baina iruzurrik egin gabe.

Etxetik atera ezinik nagoenez, horrenbeste guardia eta horrenbeste isunen beldur, pentsatzen jardun dut egoera lehergarri honetaz, zeina, berriz diot, lehergarriagoa baita agintariek beren «eraginkortasun aldarria» egiten duten harrokeriagatik birusagatik beragatik baino. Bat beti dago heriotzaren jakitun, baina ez da ohitzen agintariaren «engainu patriotiko» edo iruzurkeriara, zeinak berak ere hil egiten baitu. Niri gustatuko litzaidake, orain hiltzera, hilerrira eramango banindute begirunez, eta ez autokraziaren zorroztasun iruzurrezko batean. Demokratikoki hil nahi dut, eta herentzian utzi.

[…]

Zati premonitorio horren ondoren –aspaldion sarri aipatzen zuen heriotza bere artikuluetan; hurre sumatzen zuen, nonbait–, eta bukatzeko, Estatuko nazioenganako erakusten zuen maitasuna berriro aitortzera datozen esaldi hauek:

Bada hauxe nahi dut, dagoeneko gor, erdi itsu eta neure buruari eusteko ezgai nagoen honek: goiko zerura alde egin, Sánchez jaunaren lehengo eguneko bezalako erretolika nahasgarririk entzun beharrik izan gabe: «Birusaren aurrean, ez dago ideologia politikorik, ez lurralderik. Garen herri handia izan behar dugu, administrazio guztiak Espainiako Gobernuaren lidergopean jarriz». Hori al da ideala? Diktadura sorgor, ezjakin eta zakar bat, zoritxarreko hiru nota horiek ez dituen diktadurarik baldin badago? Ez! Nik badut ideologia bat, errealitatea hautemateko dudan moduak eratua; nire subkontzientean, bizitzarako nire estetika moldatzen duen lurraldeak transmititutako etnizitateak eragiten du, beste berezitasun batzuen artean. Birusak harrapatzen banau, hor joango naiz Montserrateko Amaren ereserkia abestuz –«Rosa de abril, / morena de la serra» (sic)– edo aitagurea euskaraz errezatuz –«gure aita, zeruetan zerana» (sic)–, nazionalista bainaiz, nire banderak orientatzen nau, gorroto dut nor bere kortan errenditzera behartzen duen globalizazioa, eta ez dut burua makurtzen, zuk, Sánchez jauna, monarka erdian dela Moncloako etxaldean bildu duzun artalde handiusteko horren aurrean, zertarako-eta azkenean esku artean dugun desastre honetan amaitzeko, zeina besteratzen ahalegintzen baitzara, baina ez gezur politikoen bidez, baizik eta «engainagarritasun» moral baten bidez.

[…]

Agur eta ohore, Álvarez-Solís kazetari eta idazlea.

  1. Fé y engaño
  2. Komatxo artekoak Xavier Zubiriren gaztelaniazko testu batzuei egindako erreferentziak dira; goiko kasuan, komatxo arteko hitza «sano» da.