Zeraren garaiko gizartearen erretratu bat, hamaika argazkitan

Lehen argazkia

Lehen argazki honetan, gizarte gaztezentriko bat ageri da, non gaztea urre den eta zaharra txatar, gaztetasuna indar eta zahartasuna ahulezia. Argazkiaren hondoan oraindik hauteman daiteke, azken egunotan zertxobait lausotu bada ere, Zera honen lehen egunetan hainbat aldiz entzunarazi ziguten leloa: birusak hildako guztiak zaharrak dira (ez da horrenbesterako, gazteak salbu dira… Zaharraren halabeharra, zein da, bada, ezpada heriotza?). Gaur egun argazkiekin egiten ez bada ere, komeni da estreinako argazki hau gordetzea, hemendik hilabete edo urte batzuetara atzera begira jartzen garenerako; beldur bainaiz izutzeko moduko irudia begietaratuko zaigula, gertatu zenari erreparatu eta zaharrekin zer egin genuen ikusten dugunean.

Bigarren argazkia

Argazki honetan, desberdintasunak onartu ez eta desberdinkeria lege bihurtzen duen gizarte bat ikusten da, non batzuk betiere fokuan ageri diren eta beste batzuk fokutik kanpo(ago). Gizasemeak versus emakumeak, bertakoak versus kanpotarrak, aberatsak versus txiroak, paioak versus ijitoak, zuriak versus hain zuriak ez direnak, osasuntsuak versus gaixoak… Beren etxeetan dituzten Interneterako konexioek, edo telelanerako edo teleikasteko baldintzek bereiziko dituzte oraingoan langile batzuk eta besteak, ikasle batzuk eta besteak. Gerrateek nola, Zerak eta bere ondorenak ere bereziki kolpatuko ditu emakumeak: etxekoen zaintzaren zama estra, 24 ordutako kontrol erabatekoa, ohiko etenik gabeko tratu txarrak, langabezia gero… Zertan ote dira etxetzat kalea dutenak, nola moldatuko dira etxealdiaren araua betetzeko?

Hirugarren argazkia

Non gaixotasuna zokoratzen duen gizarte bat ikusten den, osasuntsuak bale eta gaixoak kale egiten duenekoa. Gaixoak berarekin du estigma, eta, zenbait kasutan, handia; gaixotasuna gutxi bailitzan, estigmak dakarren isolamendua eta gutxiespena nozitu behar izaten ditu. Zeraren garaiak beste birus batzuk ekarri ditu gogora, gizarte honetan biktima asko eragin eta bazterketa mingarrien iturri izan zirenak batzuk. Eta garai honetan ere, hasi da komunitatea gehiengoaren biziraupena arriskuan jar dezaketenak seinalatzen, oraindik oso modu herabean izan arren. Argazki honen atzealdean, esaterako, etxeko atean oharra josi zioten erizainaren soslaia antzeman daiteke: ohar ohargarri hartan, adeitasunez aholkatzen zioten autoa beste nonbait aparka zezan, eta bizitzera beste norabait joan zedin –auzokideen, komunitatearen hobe beharrez.

Laugarren argazkia

Gizarte eurozentrikoa (edo mendebaldezentrikoa, bere burua aipatzeko Lehen Mundu deitura asmatu zuena); tsunamia zetorrela ikusita, eta mugetako eraikin gotorrek eutsiko ziotelakoan, pantaila aurrean eseri eta ea Ekialde Urrunekoak nola erraztatzen zituen begira geratu zena, lasai ederrean. Itxura denez, argazkia egiteko erabili den objektiboak erabat urez beterik egon behar du, tsunamiak eragindako hondamendiaren xehetasunik ezin baita oraindik ongi antzeman. Latza izango da, inondik ere, urak erretiratutakoan geratuko den panorama lokaztua.

Bosgarren argazkia

Hiriaren eta landagunearen artean, hiria hobesten duen jendartea; kalearen eta baserriaren artean, kalea lehenesten duena –asfaltoa gailen–. Hobetsi eta lehenetsi ez ezik, bestea enoratzen –are, arbuiatzen– duena, existituko ez balitz bezala. Araugileek ez dituzte atzendu kaleko pisuetan bizi diren txakurrak, eta baimendu egin dute haiekin paseoan ateratzea; zalantzarik ez dute izan superrak eta hiperrak zabaltzen uzteko, baina ederki kosta zaie herrietako azokak egitea baimentzen; lanera metroan pilatuta joatea zilegitu duten bitartean, baratzera joatea zail jarri diote baserritarrari; lanera bizikletaz joan nahi duen langileak erne ibili behar du, eta paperak aldean eraman, erakusteko prest…

Seigarren argazkia

Non heriotzari ez ikusi egiten dion gizartea ageri baita, biziak hiltzea berezkoa ez balu bezala. Heriotzak zenbaki huts bihurtzen dituena; gaixoak bakarrik –ohe alboan eskua estutuko dienik ez dutela– hiltzen ari zirela konturatzeko, gizarte gisa ohartzerako, hilabete luze behar izan duena; hildakoen senideei agurrik egiten utzi gabe eta dolua behar bezala garatu eta gainditzen hasteko aukerak murriztu eta galarazi dizkiena. Esaera zaharra aspaldikoa da: hilak lurpera, biziak asera (edo hila lurrari eta bizia mahaiari); baina asera –edo mahaira– jo aurretik, eta behar bezala egingo bada, ezinbestekoa da agurra: argazki honetan jende askori ukatu zaiona.

Zazpigarren argazkia

Argazki honetan herri euskalduna1 ikusten da, zeinak, beste behin ere –eta mendeak dira dagoeneko–, egiaztatu baitu zein urria den bere hizkuntzaren balioa; tartean muntako kontuak daudenean ahuntzaren gauerdiko eztularen parekoa dena. Gaztelania eta frantsesa dira hemen balio dutenak, hil ala biziko –edo ez hain hil ala biziko– gauza garrantzitsuei buruz jardun behar denean. Zer nahi duzue, mediku ona ala euskalduna? Ona, jakina! Horregatik, herri horrek erdal kateetara jo behar izan du bolada honetan zenbait edukiren bila; eta bestela, bere hizkuntzan duen telebista bakarrean, duela zenbait urteko futbol partidei edo honezkero erretiratuta dauden txirrindulariei begira egon behar izan du, denbora pasa.

Zortzigarren argazkia

Non gizarte esanekoa, otzana ikusten baita, agindutako guztia txintxo-txintxo betetzen duena, bidegabekeria nabarmenak diren kasuan ere –non geratu ote da objektatzeko eskubidea, non intsumisioa? Beldurrak zintzurretik helduta ditugu kontzientziak–. Jendarte bat, non agintariek hiritarrak umetzat hartu eta halakotzat tratatzen baitituzte: errekreoko kontrola, erdi egiak –gezur osoak ez direnean–, kopuru manipulatuak, kurba zuzenduak… Poliziak nagusi nonahi, legeak gogara interpretatzen, beren indar, borra eta isunekin; txakur bekaiztiak leiho-balkoietan, txakurra promenatzera ateratzen diren auzoen kontulari; militarrak harroxko, kale mortuetan martxan, beren izatea eta premia aldarrikatuz; eguneroko eszenaratze –eta hiztegi– belikoak indarrean: ilunez jantzitako zortzi gizon (Intxaurrondo berdez, bat, ezker aldean); emakume bat gorriz, erdian; galoiak, izarrak eta dominak deslekuan.

Bederatzigarren eta hamargarren argazkiak

Argazki collage bat dugu hemen, bi argazki hauen artean osatua, Zeraren garaiko gizartearen erretratua kolore anitzez, argi-ilun ugariz, zuri, beltz eta grisez ñabartu eta zehaztera datorrena. Hemen ageri da helduak haurren gainetik ezartzen dituen komunitate bat, haurrak eta haien eskubideak atzentzeko joera nabarmena erakutsiz (garai honetako esaera zahar berria litzatekeena txiokatu du baten batek egunotan: Haurrak etxean, txakurrak kalean). Zentroa periferiaren gainetik ezartzen duena, zentroa are zentroago bihurtuz, boterea zentralizatzeko gose mugarik gabea justifikatuz. Zerak ezarri gaituen egoera ezohiko eta berezi honetatiko irtenbideari gagozkiola, berriz, argazkiotan jende anitz ageri da distopiatik utopiarako bide nekezari ekingo diogula uste –edo sinetsi nahi– duena; baina bada, halaber, askoz ere jende gehiago, nire uste apalean, lehengoan jarraituko dugula uste duena, eta, zerbait aldatzekotan, lehengoari eutsi ahal izateko aldaketa lampedusarrak –kosmetikoak– baino ez direla izango uste duena.

Eta hamaikagarren argazkia

Dirua bizitzaren eta osasunaren gainetik jartzen duen gizartea ageri da, gordin, azken argazkian. Gordin (raw) esaten zaio, argazkigintza digitalean, kameraren sentsoreak jasotzen duen informazioa bere horretan, inolako bihurketarik egin gabe, gordetzen duen formatuari, eta argazkilariak ongi daki irudiak modu gordin horretan erregistratzea komeni zaiola beti, gero irudi hori landu (errebelatu ere esaten zaio, argazkigintza analogikoan egiten zen prozesuarekiko analogiaz) eta ahalik eta xehetasun eta ñabardura gehien aterako badu. Hamaikagarren argazki honek, bada, begi bistan uzten du, hinki-hankarik gabe, zerk duen garrantzia hemen eta orain: osasunak bai, baina…; biziak bai, baina… (a, baina ez al zen, bada, bizia, balio gorena?). Onargarria da (batzuen) diruaren izenean sakrifizio batzuk egin beharra; are, ezinbestekoa da (horretan bai, gerretan bezala da: Aberriaren izenean, bizia emateko gertu egon behar da), baita sakrifizio horiek bizitza batzuk galtzea esan nahi badu ere. Burdinak, makinak, autoak, ahtrenak, gigawattak, erraustegiak, autobideak, hormigoia… Hazi, hazi, hazi… lehertu arte.

Bukatzeko, ohar bat

Erretratu iluna, esango didazue… Baina, zer nahi duzue, ikusitakoak ikusita? Badakit beste kolore bateko argazkiak ere badirela, eta ez gutxi: badira, Zeraren garai honetan, elkartasun istorio ederrak, badira lan boluntarioan diharduten pertsonak, badira hurkoaren alde ahalegin betean ari direnak…; baina horiekin album polit bat egitea beste bati utziko diodan lana da. Hala ere, amaitzeko gustatuko litzaidake esatea –esan ahal izatea– distopiatik irtendakoan utopiaranzko bide horri ekingo diogula, jendarte pittin bat hobea –pittin bat baino ez, ez dut horrenbeste eskatzen– egiteko helburuari atxikiko gatzaizkiola… Horrek, baina, gu guztion konpromisoa eskatzen du: dioGu eta Gatzaizkio g-dun adizkiak dira. Polita litzateke, ez dut esango ezinezkoa denik.

 

 

 

 

  1. Euskal Herri geografiko eta politikoaren parte bat: euskaldunen herria (euskara dutenen herria). Barkatu, baina ematen du azken boladan kaka ere esplikatu beharra dagoela, gauzak ondo ulertuko badira.