Berrogeialdia leihotik, 50 argazkitan

Gauza orok du amaiera, eta eguneroko argazkien kontu honi ere etorri behar zitzaion halako batean. Leihoak kanpotik ikusteko aukera gehixeago dugun honetan (oraingoz behintzat), une egokia dirudi leihaki sail honi bukaera emateko.

Gaur, “Egunsentia leihotik” izendatu dudan timelapsea ekarri dut hona; goizean egina da eta 33 segundoko iraupena du1. Honekin, beraz, fini; honaino argazkien sail luze hau.

Egunsentia leihotik: 2020-05-05, 07:07:15 / 07:34:40

Berrogeita hamar irudi izan dira, martxoaren 16 urrun hartan hasi eta atzo arte, gauero-gauero hamarretan plazaratu ditudanak (greba egunetan argitaratu gabeko biak kontatuta). Argazki horietan barrena, denok “leihotik begira geundela”, gauza asko gertatu dira —eta jende asko joan da, gertukoak ere bai—: leihoan geundela iritsi zen udaberria; aldatu gintuzten udako ordutegira; Hernio zurituta ikusi genuen martxo amaieran, eta apirilean sartu ginen; kukua ere entzun genuen leihotik; ilargia bete zen beste behin; bi egunez isildu zen kultura mundua, ikus zezaten, ikus genezan; herriari kolorea emandako margolaria zendu zen; eta maiatzean sartuak gara dagoeneko. Gauza asko, denbora ere luzea izan da eta. Esperimentu honen bidez ikusi ahal izan dugu eguraldiak paisaia nola aldarazten duen, natura egunetik egunera mudatzen, hosto berriak ateratzen, basoa berdetzen… Leihoa bera ere aldatu da, eta triptikoa zena kuadriptiko bihurtu zen: aldatu ote da gure begiratua ere bitarte horretan?

Leihotik begira egon gara —egonarazi gaituzte— denbora honetan, zer etorriko. Horrela gaude oraindik, eta horrela jarraituko dugu puska batean, hala esango nuke; gorabeherekin segurutik, auskalo. Edonola ere, balia dezagun aukera inork behartu gabe geure leihotik begira —kanpora zein barrura— jarraitzeko; beharbada zerbait berria aurkituko dugu erreparatzen dugun aldiro.

Eskerrik asko egunero-egunero klik egin eta leihoan barrena Hernioren magal eder honi begiratu bat ematera hurbildu zaretenoi; eta, batez ere, gauero-gauero, argazkia argitaratu orduko bere irakurketa egin eta irudiaren azpian iruzkina utzi duen lagun on horri: norabide bateko bakarrizketa dudan hau elkarrizketa bihurrarazi du, eta eskertzekoa da (onartu behar badut ere, askotan ez didala erraza jarri erantzuna 😉 ).

Oharra: Teknika aldetik akats dezente egon dira argazki sail horretan, hala nola, kamera desberdinak erabiltzea (aurreneko argazkiak mugikorrarekin eginak ziren eta gerokoak beste kamera batekin),  tripoderik erabili ez izana (gaurko timelapse hau egiteko izan ezik, noski), enkoadratze eta distantzia fokal desberdinak… Tira, hurrengo batean hobeto!

 

  1. Timelapse hori 330 argazkik osatzen dute, 5 segundotik 5 segundora atereak, eta gero 10 fps-ko bideo bakar batean muntatuak. Musika T. Albinoniren Adagio ezagunaren zatitxo bat da.

    Timelapse gehiago ikusi nahi izanez gero, egin klik hemen.