Zarrantza

Ez zegoan hire planetan Bearnoko Zarrantzara etortzea, ibaian goraxeago dagoen Bedous-en geratzea baizik. Baina halako batean, mapak arakatzen ari hintzela, Sarrance –euskaraz Zarrantza edo Sarrantze izena duen herri txiki bat– non zegoen deskubritu huen, Aspeko ur handiaren ertzean eta Bedousetik oso gertu. Eta hementxe bukatu duk gaurko etapa, Zarrantzan.

Zarrantza

Mila gau eta bat gehiago, Dekamerona, Baigorriko zazpi liliak, Heptamerona… Horietan guztietan, istorioak oinarrizko gertaera baten inguruan ardazten dira, gertaera hori da hainbat istorio edo ipuin kontatzeko aitzakia: dela emakume batek luzarazten dituela kontakizunak, egunsentian hil ez dezaten; dela izurriak jotako Florentzian etxalde batean bildutakoek denbora-pasa kontatzen dituztela istorioak; dela…

Zarrantzako etxeak

Heptamerona ere horietakoa da, eta Nafarroako Margarita erreginak idatzi zuen XVI. mendean; non eta, bada Zarrantzan hain zuzen ere. Eta ez da soilik herri honetan egindako egonaldi batean idatzi zuela, antza, obraren parterik handiena, baizik eta herri honetan kokatu zuela istorioak harilkatzen dituen gertaera oinarrizkoa: oso urrun ez dagoen Cauterets herrian eta inguruetan izandako uholde handitik ihesi datozela, eta aipatutako ibai handia zeharkatu ezinik dabiltzala, Zarrantzako santutegian elkartzen ditu autoreak bere pertsonaiak1. Pertsonaia horiek, Dekameronekoen antzera hemen ere denbora pasatzeko moduren bat behar dutenez –ibaiak dakartzan urak jaitsi eta beren bideari jarraitu ahal izan arte, behintzat–, istorioak kontatzen jarriko ditu Margaritak: hamar pertsonaia; zazpi egun (hortik, noski, argitaratu zenean obrari eman zitzaion izena); hirurogeita hamabi istorio guztira (badirudi lana zeharo amaitu gabe hil zela egilea).

Obra L’Heptaméron des nouvelles (Nobela edo eleberrien heptamerona) izenburuarekin argitaratu zen, 1559an, egilea hil eta hamar urte geroago. Istorio horietan gizonak eta emakumeak ageri dira –apaizak, nobleziako jendea, errege-erreginak, kapareak…–, eta emakumeen eta gizonen arteko kontuak aipatzen dira, tonu satiriko batez aipatu ere. Ikertzaile batzuek diote ahozkotasuna dariela istorioei, entzundako istorio benetazkoak transkribatu zituela Margaritak, nahiz eta izenak eta lekuak aldatu –zenbait kasutan, gertatu berriak izaki, istorioen protagonista zirenak inork ezagut ez zitzan.

Zarrantzako eliza eta komentua

Bada, Cauteretseko bainuetxean beren egonaldia egin eta gero, eta, eurite izugarri haiek zirela medio, Zarrantzako komentuan elkartu zirenak honako hauek ziren: bost emazteki: Parlamente, Oisille, Longarine, Ennasuite eta Nomerfide; eta bost gizaseme: Hircan, Guebron, Simontault, Dagoucin eta Saffredent. Horien ahoan jartzen ditu Margarita Nafarroakoak 72 istorioak, eta horien arteko elkarrizketetan irakurtzen ahal dugu, halaber, garai hartako jende hark zer-nolako iritziak zituen emakumeen eta gizonen arteko harremanez. Ez dakit egia izango den, ez eta kontua nondik sortua den ere, baina Zarrantzako museoko panel batean dioenez, pertsona horiek beren istorioak kontatzen ari ziren bitartean, han egoten omen ziren fraideak, hesi baten atzean zelatan, zer entzungo.

Zarrantzako Ama Birjina.

Hona hemen, bukatzeko, liburuaren hitzaurreko zatitxo bi:

Eta arratsean, oheratzear zirela, heldu zen Zarrantzako iraileko Ama Birjinarenera urtero huts egin gabe etorri ohi zen fraide zahar bat, eta, bere bidaiaren berri galdegitean, erran zuen ezen, uholde handien ondorioz, menditik etorria zela, inoiz ibili zituen bide makurrenetatik, baina zoritxar handi bat ikusteko parada izan zuela: Simontault izeneko zalduna kausitu zuen, zeina, ibaiko urak jaitsi zain zeraman denboraz unaturik, nola edo hala iragatera deliberatu baitzen, bere zaldiaren senaz fidaturik, eta bere zerbitzari guztiak inguruan ezarri zituela, korrontearen indarra haustearren. Baina, korronte handiaren erdian zeudelarik, gaizkien muntaturik zeudenak urak eraman zituen, gizonezkoen eta zaldien ahaleginak gorabehera, eta ez zen gehiago haien berririk izan. Zaldunak, berriz, bere burua bakarrik kausitzean, zaldia abiatu zen punturantz itzularazi nahi izan zuen, baina ez zuen behar bezain zalu egiten asmatu eta zaldia azpian hondoratu zitzaion; baina Jainkoak nahi izan zuen zalduna ertzetik hurbil gertatzea eta, ur asko irentsi arren, lau hankan herrestaka kanporatu egin zen harri gogorretaraino, hain akiturik eta ahul ezen ezin baitzen zutik ere egon. Eta halako zortea izan zuen, non artzain batek, arratsean ardi biltzen zebilela, harri artean jarririk kausitu baitzuen, osoki blai eta triste, begien aitzinean galtzen ikusiak zituen bere jende haiengatik. Artzainak, haren premia ulertu baitzuen, ia hobeki ikusiz haren eleak entzunez baino, eskutik heldu eta bere etxe pobrera eraman zuen, non ahalik eta hobekien lehortu zuen egurtxo batzuk sutan jarriz. Eta, arrats hartan, fraide on hura igorri zuen hara Jainkoak, eta hark erakutsi zion Andredena Maria Zarrantzakorako bidea, eta segurtatu zion hantxe bertze inon baino hobeki aloituko zela, eta bertan kausituko zuela Oisille izeneko alargun zaharra, abenturetan lagun izanen zitzaiona.

[…]

Eta lagunarte osoa akort egon zen horrekin. Parlamente, ikusiz egokitu zitzaiola jokoaren zortea, honela mintzatu zitzaien: «Neure burua arteak atzeman zituzten antzinakoena bezain gai sentituko banu, asmatuko nuke denbora-pasaren bat eman didazuen mandatua betetzeko; baina, neure jakituriaren eta ahalen berri badakidanez, nekez baitira gai ongi eginiko gauzak oroitzeko ere, oso uros izanen naiz zuen galdea jadaneko bete dutenei hurbiletik jarraituz. Bertzeak bertze, ez dut uste zuen artean inor dagoenik Boccaccioren ehun nobelak —frantsesera berriki ekarriak italieratik— irakurri ez dituenik; nobela horiei halako garrantzia aitortu diete François Erregek —izen hori daraman lehenak—, Delfin jaunak, Delfina andereak eta Margarita andereak, ezen Boccacciok, dagokeen lekutik, entzunen balie, berpiztuko eginen bailitzateke halako jendeen laudorioen kari. Eta, orain, entzuna dut aipatu bi damek, gorteko bertze hainbatekin batera, deliberatu dutela bertze horrenbertze egitea, baina Boccacciorenetik desberdin gauza batean: ez dute egiazko istorioa ez den nobelarik izkiriatuko. Eta dama horiek eta Delfin jauna akort jarri ziren bakoitzak hamar egiteko, eta elkartzeko hamar lagun, kontatzeko zerbait zuketenen artean egokienak, ikasiak zirenak eta letrazaleak izan ezik; izan ere, Delfin jaunak ez zuen nahi haien artea hor nahastea, eta beldur zen, orobat, erretorikaren edertasunak istorioaren egiari nolabait egiten ahal zion kalteaz. Baina Erregek gerora izan zituen afera larriek, eta bai beraren eta Ingalaterrako erregearen arteko bakeak, Delfina anderearen erditzeak eta gorte osoaren aria trabatzeko moduko bertze hainbat gauzak ere, ahantzarazi egin zuten egingai hori guztia, zeina, gure egonaldi luze honi esker, amaitu ahal izanen dugun hamar egunetan, gure zubia burutu zain gauden bitartean. Hortaz, plazer baduzue, joaten ahal gara egunero, eguerditik arrastiriko lau orenak arte, Gave ur handiaren ondoko pentze eder horretara, non zuhamuak hain dira hostotsu, ezen eguzkiak ezinen bailuke itzala zulatu ez eta freskura epeldu ere; eta han, eroso jarririk, kontatuko du bakoitzak istorioren bat, bai berak ikusia zein fidatzeko moduko jenderen bati entzuna. Hamar egunen buruan ehun bat osatuko ditugu; eta, Jainkoak nahi badu gure lanak merezi izatea gorago aipatu jauntxo eta damen begiek ikustea, opari eginen diegu bidaia honetatik itzultzean, imajina eta paternosterren ordez; edonola ere, inork asmatzen badu nik diodan hau baino gauza gustagarriagorik, hari eginen diot men dudarik gabe.» Baina guztiek ihardetsi zuten ez zela posible deus hoberik pentsatzea, eta biharamuna noiz etorriko zeudela hasi ahal izateko.

Post scriptum

Aurtengo martxoaren azken egunaz, itxialdi betean, lagunaren whatsappa:

–Ahal duanean, deitu. Mesedez.

Deitu huen, jakina, eta lan berri bat hartuta amaitu huen deia: “Heptamerona ez zegok euskarara ekarria, egingo al dugu? Pentsa ezak, esango didak.” Beste lan bat, baina erronka polita ere bai. Pentsatzeko beta hartu huen, eta, horretan ari hintzela, beste lagun bati eskatu hion iritzia: “Zeinek irakurriko du gero, zuek biok kenduta noski?” Kontxo, ez zaiok arrazoirik falta. Baina horrela hasten bagara, ez al genuke galdera bera egin behar beste hainbat obra klasikoren kasuan ere? Ez ote dugu merezi euskaldunok lan horiek guztiak euskaraz irakurtzeko moduan egotea? Hizkuntzaren beraren lanketagatik besterik ez bada ere… Tira, luze pentsatu gabe, baiezkoa eman hion, azkenean, itzulpena egitea proposatu zianari. Zarrantzan bildurik zeudenak, gure itxialdiaren oso bestelako arrazoi batzuengatik zeudean han: azken finean, Zarrantzan, ibaia pasatu ahal izateko zubi bat eginarazi edo konpondu behar zitean, eta lan hori amaitu zain zeudean han itxita Oisille eta besteak; eta gure itxialdian, zeren zain geunden? Bizitzen ari ginen egoera bitxiak ere izan zian, bada, bere garrantzia emandako baiezkoan.

Planteamendua polita zuan, gainera, lagunak proposatzen zuena lehen eguna euskaratzea baitzen, proiektu ireki bat abiatzea, gerora itzulpena osatuko dutenak azalduko direlakoan. Zuek biok egin duzue zeuena, hitzaurrea eta lehen eguneko hamar istorioak itzuli dituzue dagoeneko, erdi bana; lana zuzentzaile baten esku zegok orain, eta, ondo bidean, udazkenerako edonork irakurtzeko moduan izango duk. Gero gerokoak.

 

  1. Museoan diotenez, santutegi honetara euskaldun asko etorri ohi dira, bertako Ama Birjinari bisitan, irailaren 8ko bere festa nagusian, batez ere. Euskaltzaindiaren Hiztegian, komentu hitzaren sarreran, honako adibide hauxe dakar: “Sarrantzeko Ama Birjinaren eliza eta komentua” (sic).