Martxa hartzen

Uztailak 9, osteguna. Lehen atseden eguna: gosaldu eta gero, bueltaxka bat Aucun herritik (elizak beti zabalik zeudek hemen, atea bultza eta barrura); eguerdian, bizikleta hartu eta Arrens-eraino (6 km joan eta etorri), bazkaltzera… Arratsaldean, bakar-bakarrik piszinan: irakurri, idatzi, bainu bat hartu… Oso ondo etorri zaik atsedena, gorputza bere onera etortzen sentitu duk eguna aurrera joan ahala.

Uztailak 10, ostirala. Atzo ere ekaitz trumoitsua izan zuan arratsaldean Aucunen, eta gaurko iragarpenak ere gauza bera ziok: ekaitzak mendi inguruetan, eta goiz samar hasita gainera. Hire gaurko plana Tourmaleten barrena joatea zuan, baina eguarteko hamaiketarako ekaitza iragartzen ditek bertan: duela hogeita hamar urteko apunteak berrirakurtzean, ikusi duk orduan ere ekaitzak harrapatu zintuztetela La Mongie eski estazioaren inguruan, Tourmaleteko gainaren aurretik; baina garai hartan ez zenuten hainbeste informazio izaten eskura, ez eta ekaitz bat datorrela-eta alarma konturik, gaur bezala. Edonola ere, Tourmaleten azken kilometroak ezagutzen dituk, eta hura paraje mortua duk erabat, han ez zegok ezer (gailurrean dagoen taberna kuriosoa izan ezik); ez dik atsegina izan behar han ekaitza tokatzeak. Lastima, bada, bidaiako lehen selfiea hantxe egiteko asmotan hintzen eta!

Bidaiatzearen gauzarik ederrenetako bat planak aldatzeko aukera eta malgutasuna izatea duk. Ez huen uste erraza izango zenik, kasu honetan, Tourmaleten barrena iritsi nahi huen Sainte Marie de Campan herrixkaraino iristeko beste bide egoki bat topatzea, baina bai, lortu duk. Mapetan behintzat itxura ona dik, hirurogei bat kilometro dituk, eta, noski, egin beharreko desnibela askoz txikiagoa duk planifikatutako bidetik joanda baino.

Gosaldu eta goiz atera haiz, beti bezala. Lanbro itxia zegok Aucun inguruan, eta errepidean aurrera egin ahala gero eta itxiagoa, gainera; errepide nagusi samarra duk, autoek argiak piztuta zeramatzatek. Argelés-en –dezente beherago– argixeago zegok, baina ez dik itxura onik, halere. Handik aurrera, eta GPSari esker –ondo portatzen ari duk oraingoz–, aise aurkitzen dituk errepide estuak eta autorik gabekoak. Goizeko lanbroa zirimiri bihurtuz joan duk ezarian, eta hezetasuna hezurretaraino sartuz doakiala sentitzen hasi haiz. Herri txikiak, etxalde bakartiak… Zuberoa aldean miruak eta saiak sumatzen hituen inguruan, miraz; hemen, orkatza ikusi duk hiri begira, nora ote doa tipo hori piura horiekin eginez bere artean.

Baignères de Bigorre-ra blai iritsi haiz, eta taberna batera jo duk zerbait jatera: hemen goiz bazkaltzeko ohitura zeukatek, baina itxoin behar izan duk, halere (musuko gehiago ikusten duk hemen, haranetik haranera nabaritzen dituk aldeak).

Gerde

Bazkaldu, eta euritan egin behar izan dituk Sainte Marie de Campan-eraino falta zitzaizkian 12 kilometroak ere. Bidean, Campanen geratu haiz, bertako mounaque-ak (panpinak, okzitanieraz) ikustera eta argazki batzuk egitera: mounaque horiek txorimalo moduko batzuk dituk, oihalez jantziak eta lastoz beteak, Campanen –eta Pirinioetako beste herri batzuetan ere bai, antza– udan kaleetan eta etxeetako balkoietan jartzen dituztenak. Irakurri duanez, mounaque-en usadio honek, jatorrian, Europa osoko ohitura izan diren xaribariekin –zintzarrots edo tobera ere esaten zaiek Euskal Herrian– lotura omen dik; xaribariok herrietan epaiketa moralak egiteko jokatzen zituan aurrena –herritik kanpora ezkontzen zirenen aurka, esaterako–, baina gerora herri antzerki moduko bat bihurtu zituan.

Uztailak 11, larunbata. Goizean atzo baino ilunago argitu dik eguna (ilunago argitu, ba ote?), atzo baino are umelago. Iparra sartuta zegok, nonbait, mendialde honetan. Sainte Marie de Campaneko hotela bizikleteroz —bizikleta-eroz?— beteta zegok, izena ere halakoxea dik: Hôtel des deux cols. Batzuk Tourmaletera zoaztek, beste batzuk Aspinera… Hi haiz bakarra mando gisa kargatua –bidean ikusten dituk hi bezala zeharkaldia egiten ari direnak-edo, baina oraindik ez duk inorekin solasean jarduteko betarik izan–, eta hi haiz, antza, bakarra Hourquette d’Ancizan aldera doana gaur goizean.

Hourquette d’Ancizan ez duk ezagutzen, eta jende guztiak ziok oso mendate ederra dela, eta ez dela zaila. Itxura polita hartu diok, baiki, basoarekin bat egindako errepide estu eta sigi-sagatsua duk, baina gaurko eguraldiarekin ez duk nahi bezala gozatzerik izan: bustita iritsi haiz gora, nahiz eta euria, esateko, ez duen egin bide osoan; baina lanbro honek ederki zekik bustitzen, ederki dakienez. Barrita bat jateko denbora hartu, beherakoan hotzik ez izateko dituan guztiak jantzi, eta ospa handik. Ancizan herrira iritsitakoan egoera hobetu egin duk zertxobait: lehorrago zegok, eta epelago.

Ancizan

Gaurko zailtasunik handiena Peyresourde duk. Gorakoan hippy itxurako bat elkartu zaik, tipo zarpail samarra (ederra lukek jakitea berak hitaz zer pentsatu ote duen): hi baino urte batzuk zaharrago bai, eta hitz egiteko gogoa ere bai, hik baino dezente gehiago; bizikleta, ordea, ez duk hippy batengan espero hukeena, bazirudik hauetako batzuk modernizatu egin direla (kontagailua ere bazeramak eskutokian!). Bizikletan bata bestearen ondoan joanda ez huen uste segurtasuneko distantzia gordetzea arazoa izango zenik, baina gizon honekin baduk; eta hori Frantzian metro batekoa dela oraindik, oker ez bahago. Diskurtsoa ere, konformidadean: Europan gaindituta dago birusak ekarri duen gaitz hori, talde immunitatea % 100ekoa da ia (eguzkiak eta bera egiten ari den bezalako ariketa fisikoak asko laguntzen omen du horretan, zeharo sinetsita esaten du),  eta politikariek gezurrak baino ez dituzte esaten, gizartea kontrolpean izatearren. “Hori ez dakit nik”, erantzun diok immunitatearen kontuari, zer esango hioan! Saiatu haiz azaltzen gurean egindako azterketek ez dutela halakorik ziurtatzen, % 4 eta 6ren artean dagoela Hego Euskal Herrian immunitate hori; baina alferrik, berak bereari eusten zioan. Aldapan gora baten batekin solasean joateak baditik bere abantailak: ez diok hainbeste erreparatzen abiadurari, maldaren zenbatekoari, aurreko gurpilari, asko-falta-da-ri…; baina gogaitu egin hau, azkenerako. Eta aurrera joaten utzi diok (gertutik ere jarraitu gabe, atzetik uzten zuen kirats ubera ez baitzen oso atsegina), mendate gainean itxoin eta berriro itsatsiko zitzaian beldurrez: baina ez, erdi bideko ostatu batean geratu duk, eta hantxe esan diozue agur elkarri.

Peyresourde gainean lehen furgoneta bat besterik ez zuan izaten, jatekoak-eta saltzen; hori duk gogoan behintzat. Orain, kreperia bat zegok: hantxe jan duk zerbait eta kafetxoa hartu. Méteo-ak ez dik erabat asmatu gaur, ordu bietarako euria ematen baitzuen hemen; ordu bietan-edo abiatu haiz hi behera, eta eguraldi goxoa zegoan artean gainean: lainotuta, oro har, baina eguzkiak ere tarteka kuku egiten zuela, eta epel.

Baignères-de-Luchon-era iritsi, eta ostatu xelebrea hartu duk lotarako: villa zahar bat, non bizikleta gordetzeko kapera eskaini diaten –bihartik aurrera bedeinkatua izango duk mandoa–, eta, familia bat bataio bat ospatzen ari zelako-edo, bihar goizean gosaria nahi izatera, gelan izan beharko duela esan diaten. Ez zaik oso argi geratu zergatik hori, baina COVID-19arekin zerikusia duela esango huke.

P.S. Azken hiru egun hauek ikusita, martxa hartzen-edo ari haizela iruditzen zaik, gorputza eta burua lehen egunetan baino adosago jartzen ari direla.

Eta gaur egin beharreko hausnarketa dela-eta, nahikoa egin duk aldapa gora tokatu zaizkian kilometro luzeetan, lehengo ondorio berera heltzeko; beraz, postaz bidali huen botua garaiz iritsiko ahal da iritsi behar duen lekura!