Fikzioa eta egia

Hona azkena irakurri dudan liburuaren1 epilogoko zatitxo bat, euskaratuta:

Fikzioaren munduaren egiazkotasuna ez da ez handiagoa ez txikiagoa, bestelakoa da. Poetak egia historikoarekin eta eguneroko munduarekin duen harremana zurginak zurarekin edo eskultoreak marmolarekin duena bezalakoa da. Harreman intimo eta erabilgarri bat da; komenentziako ezkontza bat, baina ez horregatik maitasunik gabea. Artista plastikoak lehengaia manipulatu egiten du, ebaki, ataldu, birmoldatu, handitu eta txikitu, landu, zizelkatu, nahieran leundu eta torneatzen du. Poetak eta narratzaileak gauza bera egiten dute hitzarekin. Gidari, betiko lelo hau dute: «Ez iezaiozu inoiz utzi egiari sartzen zure eta istorio on baten tartean». Horrek darama poeta berariazko kalkulu bat egitera, eta egia historikoari huts egitea erabakitzen du ebidentzia eraikitzeko, eta, inoiz, hura deformatu, makillatu, okertu, mutilatu egingo du. Poetak, beraz, gezurra esaten du, baina ez dio gezurrik esaten bere buruari, ez baitu sekula ahazten George Constanzak Seinfeld-i argi egiteko emandako aholkua, honek, gezur detektagailu batetik pasatu behar zuela-eta, engainugintzan treba zezan eskatu ziolarik: «Jerry, just remember, it’s not a lie if you believe it»2.

Obrarekin bat egin eta artistaren gezurra sinesten duenak ere ez dio gezurrik esaten bere buruari. Ez ditugu ipuinak sinesten nahi dugulako, ahal dugulako baizik. Bat egiteko gaitasuna berezkoa du gizakiak, imajinazioa edo hizkuntza gaitasunak berezkoak dituen modu berean. Anfibioak gara, zentzumenen munduan bezalaxe har dezakegu arnasa arteak eta fantasiak sortutako lurraldeetan. Baina, tarteka lehorrean eta tarteka ur azpian bizi diren, edo brankiak birika bihurrarazten dituzten animaliak ez bezala, gizakia gai da bi mundu horietan aldi berean bizitzeko. Horri esker, gaitasuna du arteak zabaltzen dizkion munduetan sinetsi eta berorietan normal bizitzeko, bere egunerokotasuna ordezkatu beharrik gabe. Bestela esanda, erabat naturala zaigu fikzioarekin bat egitea munduari lotzen gaituen zilbor hestea eten gabe. Eta hori, bi munduei egia maila goren hori esleitzen diena, zeinetan oinarritzen baita gure lotura, bat eta bera delako da: ebidentzia. Film bat izan edo eleberri bat, serie bat edo ipuin bat, prest gaude beti fikzioaren jokoan beste partida bati ekiteko. Buru argitasun anfibio eta ludiko hori soil-soilik erabiliko bagenu funsgabeko zurrumurruen, ele-mele mamitsuen, konspirazio teorien edo eguneko albiste faltsuaren aurrean, beste oilar batek joko liguke kukurruku.

Honaino, bada, fikzioaz eta egiaz —fikzioaren egiaz— diharduen testu iradokitzaile hau.

  1. Por qué nos creemos los cuentos, Pablo Maurette. Clave intelectual, Madrid (2021).
  2. Jerry, gogoratu hauxe: ez da gezurra zeuk sinesten baduzu.