Galeanoren klasikoa euskaraz

Iñaki Alegria lagunak gure belaunaldikoontzat irakurri beharrekoa zen —eta, esango nuke, oraindik ere baden, baita gazteagoentzat ere— liburua ekarri digu euskarara, UEUren eskutik: Eduardo Galeanoren Latinoamerikaren zain urratuak1.

Iñaki Alegria, “Las venas”en itzultzailea.
Iñaki Alegria, “Las venas”en itzultzailea.

Itzulpenaren aurkezpenean itzultzaileak esan bezala, euskaraz behar genuen liburua da Galeanorena. Argitaratu zenetik berrogeita hamar urtera etorri bada ere, biz ongi etorria, eta ea aitzakia polita den askorentzat berrirakurtzeko eta beste askorentzat estreinakoz irakurtzeko. Merezi du, ziur naiz, eta ez dut uste inola ere zaharkituta geratu den liburu bat denik. Liburua, historia ofizialak —garaileek idatzitakoak— ezkutatzen duena agerian jartzeko idatzi zuela zioen Galeanok, eta honelako galderak egiten zizkion bere buruari: Latinoamerika pobreziara eta umiliaziora kondenatutako eskualde bat ote da? Nork kondenatua? Jainkoak, naturak? Ez ote da malur hori historiak ekarria, gizakiok sorrarazia, eta, beraz, gizakiok zuzendu dezaketena?

Iban Zaldua, Zihara Enbeita eta Iñaki Alegria itzulpenaren aurkezpenean (Donostia, 2021-10-06).
Iban Zaldua, Zihara Enbeita eta Iñaki Alegria itzulpenaren aurkezpenean (Donostia, 2021-10-06).

Amerikara lehen aldiz 1991n joan nintzen bidaian, Guatemalara. Eta Galeanoren liburuaren nire aleak (61. edizioa, 1990ekoa) 1991ko iraileko data du eskuz idatzia, lehen orrialdearen goi-eskuinaldean. Guatemalatik bueltan erosi, eta orduan ekin ote nion, bada, irakurtzeari? Hala ematen du. Geroztik askotan joan naiz Atlantikoaren beste aldera, turista edo bidaiari, laneko kontuengatik edo bestela, eta hango errealitateari erreparatzeko orduan ez dut inolako zalantzarik: Las venas irakurri izanak moldatu du nire ikuspegia 30 urte hauetan, liburu horrek ulertarazi dizkit hobeto hango ibilietan ikusi eta bizi izan ditudan hainbat gauza, hango herrietako pobrezia-umiliazioak, hango diferentzia sozial ikaragarriak, hango jatorrizko hizkuntzen egoera penagarria…; hango herrien mendeetako odolustea, zain urratu horiek itxi ezina.

Liburu bikaina, zenbait hitz eta terminoren esanahiaz jabetzeko: kolonizazioa, mendekotasuna, esklabotza, arrazismoa, espoliazioa, lapurreta, genozidioa, bipiltzea, arpilatzea, sarraskia, garbiketa… Liburu bikaina, historiaz ikasteko, zenbait produkturen arabera: urrea eta zilarra; azukrea, kafea eta kakaoa; kautxua; nitroa; petrolioa.  Liburu bikaina, ulertzeko zer dela-eta “gu” aberatsak garen eta “haiek” pobreak. Erreferentziazko liburua, Latinoamerikaren historiak, XV. mendearen bukaeratik XX. mendera arte eta ekonomiaren ikuspuntutik, batik bat, izan dituen nondik norakoen berri izan nahi duenarentzat: Europako kolonizatzaileetatik hasi eta Estatu Batuen interbentzionismo inperialistaraino.

2009an, Venezuelako Chávezek Estatu Batuetako Obamari liburuaren ale bat oparitu zion, Trinidad eta Tobagon egin zen goi bilera batean (diote, egia izango da, agian, liburua Amazoneko salduenen arteko zerrendan aparra bezala igo zela gero, egun bakar batean: 60.280. postutik 10.era). Galeanok, gertaeraren berri jakin zuelarik, esan omen zuen krudel samarra iruditu zitzaiola, Chávezen aldetik, liburua oparitzea, Obamak “ulertzen ez zuen hizkuntza batean zegoelako”; oparitutakoa gaztelaniazko alea omen zen, eta agian horregatik esango zuen egileak esan zuena, baina, Galeanoren ironia fina ezagututa, ulertzeko zailtasun horren azpian bestelako esanahi bat zegokeelakoan nago. Edonola ere, eta euskarazko bertsio honi arrakastarik handiena opaz, ea baten bati okurritzen zaion antzeko propaganda ekintzaren bat, liburuak UEUren liburu salduenen zerrendan lehen postua irits dezan: nork egingo du Chávezena eta nork Obamarena gure mundu txiki honetan? Ideiak jasotzeko prest!

Duela bi urte baino gehiago, Iñaki etorri zitzaidanean liburua euskaratzeko ideia (zoroa?) buruan zerabilela —buruan baino gehiago, ordurako puska ederra itzulia baitzeukan—, eta ea egina zuen zatia irakurri eta iritzia emango nion esanez, ikaratu egin nintzen, bai bainekien Las venas euskaratzea ez zela lan samurra izango, eta ez bolumenagatik bakarrik. Orduan egin nizkion oharren dokumentua kontsultatu dut orain, eta, ohar xeheen aurretik, hau idatzi nuela ikusi dut: «Erronka zaila da… baina polita ere bai, eta liburua euskaraz egotea ederra litzateke. Beraz, animo!». Orain jabetzen naiz “polita… litzateke” bat bota niola, nahi gabe (barkatu, badakigu ondo biok polita-litzateke horiek nolako fardel puska bihurtzen ahal diren, deskuidatuz gero), eta ezin dut jakin “erronka zaila” horren azpian zer-nolako erronka eta zenbaterainoko zailtasuna nituen buruan hura idatzi nuenean. Edonola ere, bistan da, Alegriarentzat erronka zailik ez dago, eta horra hor emaitza. Zorionak, Iñaki, eta eskerrik asko!

“Latinoamerikaren zain urratuak”. Eduardo Galeano, 1971. Itzultzailea: Iñaki Alegria. UEU, Bilbo (2021).
“Latinoamerikaren zain urratuak”. Eduardo Galeano, 1971. Itzultzailea: Iñaki Alegria. UEU, Bilbo (2021).

 

  1. “Las venas abiertas de América Latina”. Eduardo Galeano. Siglo XXI Editores, Madril (1971).