Mundua urritzen ari

Mundua urritzen ari

Gaur da ama hizkuntzen eguna.

Bi astean behin, hizkuntza bat hiltzen da.

Mundua urritu egiten da bere giza esateak galtzen dituelarik, bertako landare-piztien aniztasuna galtzen duen gisa berean urritu ere.

1974an, Ángela Loij, Suaren Lurraldeko ona indigenetako azkenetariko bat –eta beretarren hizkuntzan mintzatzen zen azkena–, zendu zen han harat, munduaren amaierako hartan.

Bakar-bakarrik aritzen zen kantuan Ángela, inorentzat ez, dagoeneko inork ere gogoratzen ez zuen hizkuntza hartan:

Joan direnen oinatzen
gainetik nabilen.
Galdua naun.

Behiala onek zenbait jainko gurtzen zituzten. Nagusiak Pemaulk zuen izena.

Pemaulk hitzak ‘hitz’ esan nahi du.

– o – o – o – o – o –

Otsailaren 21ean omen da ama hizkuntzen eguna, hala dio nazioarteko egunen egutegi bitxiak1. Halako egun batez idatziko zukeen, inondik ere, Galeanok, goiko testu hori (Mujeres, Siglo XXI de España Editores. Madril, 2015), euskaratu eta hona ekarri nahi izan dizuedana.

Gaur, berriz, otsailak 22. 2022. Ez da oraindik astebete, Suaren Lurraldean bertan Cristina Calderón hil dela. Cristina Calderón, yaghanen azken hiztuna edo. Duela bost urte baino gehixeago, hegoalde eder hartan barrena nenbilela, blog honetan bertan idatzi nuen emakume horren izena izenburu zuen artikulu laburra: 88 urte zituen orduan.

  1. Zeinen arabera, ama hizkuntzen eguna bezalaxe, ospatzen baitira justizia sozialarena, emakumearena edo lanarena; baina baita jende xelebrearena, ezinezko amodioena, burusoilena edo txakurra lantokira eramatekoa, gutxi batzuk aipatzearren.