Aditua

Duela bi urte eskas, inork ez zuen A ezagutzen. A-k idatzi egiten du, eta, orain arte behintzat, zekien gaiez idazten zuen, kito. Aldizkari baterako egiten zuen lan, han argitaratzen zizkioten artikuluak. Bere lana oso ongi betetzen zuen, puntalakurlo, eta bukatutakoan etxera joaten zen, beste edozein langile bezala. Eta garai hartan ez zen batere ezaguna.

Ditxosozko pandemia heldu zen, ordea, eta A-k beste inor baino zaluago ibiltzen asmatu zuen. Zaluago, zertan? Aditu bihurtu zen, hara: aditu pandemian, eta biomedikuntzan, eta birologian, eta osasun publikoan, eta txertogintzan, eta negazionismoan… Zertaz ez zekien gure A-k, bat-batean? Denetik idazten zuen –pandemiaren inguruko kontuez, esan nahi da–, edo irratian aritzen zen, edo apain-apain jarri eta telebistan ere azaltzen hasi zen. Gerora ugaldu baziren ere, aditu gutxi zegoen pandemiaren gaian lehen egun eta aste haietan; eta, jakina da, itsuen herrian argia alkate.

Bere lana xuxen betetzen zuen orduan ere, eta etxera joandakoan ez zen edozein. Haren izena aipatzen zuten batzuek eta besteek, haren artikuluak bolo-bolo zebiltzan batera eta bestera, “atsegin dut”-ak eta birtxioak jasotzen zituen handik eta hemendik. Eta idazten zituen artikuluen aipu, irratiko korte edo telebista programetako agerpenak, berriz, tsunami batek ekarri bailituen hedatzen ziren sare sozialetako hareetan barrena, A-ren izena ezagutzera eman eta –gure mundu txikian bederen– neurrigabe barreiatuz. Esan beharrik ez dago, hasieratik jakin zuen A-k egon behar zen aldean egoten, eta horrek, bistan da, aise leuntzen dizkizu bideak. A gustura zebilen, oso gustura, bere egoera berrian.

Baina Lapurdin ez da beti festa izaten. Izugarri luzatu zen arren, pandemiaren lehentasuna ere bigarrendu zen halako batean, eta, bat-batean, hainbeste kostata ikasitako guztiak ez ziola deus askotarako balioko ohartu zen A. Jendearen interesak aldatu egin ziren tipustapastean, aurretiazko inolako gaztigurik gabe gerra kontuak nagusitu baitziren albistegietan, irrati-telebistetan, sare sozialetako hareetan. Inor ez zen dagoeneko bi urte iraun zuen pandemia hartaz kezkatzen. Eta, ez si eta ez no, bereganatua zuen jakinduria berriak ez ziola jadanik batere balio geratu zen A. Jarraitu zuen idazten –irrati-telebistetatik ez zion jada inork deitzen, noski–, baina nork irakurriko zizkion orain birusaren gainean idazten zituen artikulu eta blog sarrera interes gabekoak, jende ororen gogo-arimak aspaldi handiko lehen gerra bailitzan piztu berri hark xurgatuak zituelarik?

Berritu ezean, baina, badakigu zer dagoen, egin zuen bere artean A-k. Eta argi ikusi zuen bere jakinduria beste ildo batzuetara bideratu beharra zeukala: geopolitika, nazioarteko harreman, armagintza… estrategia militar eta gerra kontuez ikasi beharko zuen, bada, oraingoan, halako ahaleginez irabazitako izen-sonei eutsiko bazien.