Egilearen xerka (eta 8): Istorioak kontatzeaz eta itzultzeaz

Gaueko ilunari buru egiteko elkartu izan dira jendeak sutondoan antzinatik, eta elkarri istorioak kontatuz eman izan dituzte gaueko lehen orenak kultura anitzetan. Antzinakoa bide dugu istorioak kontatzeko beharra, odolean daramagula erran liteke: literatura (ahozkoa zein idatzia), zinea… zer dira, bada, ezpada kontatzeko premia hori bideratzeko moduak?

XIV. mendea, 1348: Italiako Florentzia izurri bubonikoak jorik dago, hondamena da, desmasia kale eta plazetan. Boccacciok egoera hori hartzen du abiapuntutzat bere Dekamerona kokatzeko. Eta Florentziatik hurbil den Fiesole-ko villa batean elkartzen ditu zazpi emazteki eta hiru gizon, zeinak istorioak kontatzen ipintzen dituen, denbora-pasa edo.

XVI. mendea, 1546: Cauteretseko eurite izugarri batzuk direla-eta, noble batzuk beren etxeetara itzuli ezinik gelditzen dira, eta, nor bere bidetik, Zarrantzako komentura arribatzen dira. Margarita Nafarroakoak egoera hori hartzen du abiapuntutzat bere Heptamerona kokatzeko. Eta Zarrantzako komentuan elkartzen ditu bortz emazteki eta bortz gizon, zeinak istorioak kontatzen ipintzen dituen, denbora-pasa edo.

XIX. mendea, 1816: Aitzineko urtean Indonesiako Tambora sumendiaren leherketa dela-eta, Europan ez da udarik, negu bolkanikoak goibeldu eta ospeldua da oro Lurrean. Udarik gabeko urte horretan, Lord Byron-ek Mary Shelley eta haren senarra —Percy Bysshe Shelley— gonbidatu ditu Suitzan duen Villa Diodatira, eta, denbora-pasa gisa edo, bikoteari eta bere mediku pertsonala den John Polidoriri jolas bat proposatzen die: bakoitzak beldurrezko istorio bat asmatu eta izkiriatu beharko du. Egoera horretatik sortu ziren The Vampyre, John Polidorik 1819an argitaratua (Lord Byronen zirriborro batean oinarriturik), zeinak banpiroen arloari abioa emanen baitzion literaturan, eta, guztiz ere, Mary Shelleyk 1818an argitaraturiko Frankenstein edo Prometeo modernoa, zientzia fikzioaren lan aitzindarietarik bat dena.

Izurriteari, uholdeei, negu itxurako udari… gauaren ilunari buru egiteko, elkartu eta istorioak kontatu. Heptamerona euskaratzeko proiektua ere aro ilun baten hastapenean jaio zen, 2020ko udaberrian, hain zuzen, koronabirus berri batek sortu pandemia zela-eta berrogeialdian sartu berriak ginela. Itzulpenaren bidez, oro har, irakurtzaileari jatorrizko bertsioan ilun zaiokeen testuari argi egiten zaio, haren mintzairara hurbilduz; baina, horretarako, itzultzaileak pulunpatu behar du lehenik autorearen munduan, itzultzaileak jabetu behar du osoki bihurtu beharreko testuaz.

Heptameronaren itzultzaile-nahiak blogoeta sail honen bitartez kontatu gura izan du bizikleta hartu eta egilearen —eta haren obraren— xerka egin bidaia. Eta itzultzailea Nérac-etik partitu zen egun berean (2022-08-27), Joxeme López de Aranak El Correo egunkarian Literatura zaharra euskaratzeaz izenburuko artikulua argitaratu zuen, non XVI. mendeko idazlan bat itzultzerakoan nola jokatu azaltzen baitu, zer egiten ahal den testuari “jatorrizkoaren klasiko/zahar kutsua” emateko. Itzultzaileak sarrera honen bukaeran atxiki nahi izan ditu artikulu horren zenbait pasarte, zinez interesgarriak iduritu baitzaizkio esku artean duen eginbiderako (ikus azken oharra, behean).

Eta blogeko sail luze hau bururatu eta balizko irakurtzaileei bake apur bat ematera zihoala, galdez hurbildu zaio bizikletaria itzultzaileari:

—Ba al dakik noiz eta nola asmatu zuten draisina1, egungo bizikletaren aitzindaria?

—Ideia izpirik ere ez —itzultzaileak, erdi ahalketurik—. Zer da, ba, draisina?

—Hara: Draisina XIX. mendearen hasieran Karl Christian Ludwig Drais von Sauerbronn baroi alemanak asmatu ibilgailu bat duk, egungo bizikletaren idurikoa, baina pedalik gabekoa; bi errota edo gurpil, beraz, bata bertzearen gibelean lerrokaturik, eskulekua, eta aitzineko gurpilari estekaturiko altxaprima edo palanka bat, ibilgailua nahi den alderat gidatu ahal izateko. Pedalik ezean, oinekin lurrean indar eginez eragin behar zitzaioan, aitzinerat joanen bazen.

—Eta noizkoa dugu asmakizun hori?

—Ba udarik gabeko urte horren hurrengokoa, hain xuxen, 1817koa. Udako arorik ezean, uztak izugarri urriak eta bakanak izan zituan, nonbait, 1816 ilun hartan, eta zaldiak eta zama abereak, oro har, milaka hil omen zituan (gosez, edo, bertzela, haien haragia jateko akabaturik). Zaldien ordeko sortu zuan, bada, draisina; mende erdi falta zuan oraino bizikletatzat hartzen dugun lehen tresna (pedalduna) asmatu arte.

Kontatzen gozatzen huen, bahuen kontalari sena.
Bihoa hiretzat hau, Tx. Bidaia on!

Azken oharra

Testu klasiko baten itzulpenak planteatzen dituen arazoak direla-eta, hona hemen Joxeme López de Aranak El Correo egunkarian 2022ko abuztuaren 27an argitaratu duen

[…] testu klasiko/zahar bat euskaratzen denean, nola ematen zaio itzulpenari jatorrizkoaren klasiko/zahar kutsua?

[…] Alegia, jo dezagun XVI. mendeko idazlan bat itzuli behar dugula. Kasu horretan, berritu beharko genuke XVI. mendeko irakurlearen harrera (zeinarentzat idatzi baitzen idazlana)? Edo gaur eguneko irakurleak testu jakin hartaz duen zahar/klasiko pertzepziora ekarri beharko genuke itzulpena?

Itxuraz aurkakoak diren bi norabide lotuz

Lehen kasuan, irakurketa garaikide baten aurrean geundeke, eta beraz gaur eguneko testua balitz bezala itzuli beharko litzateke, beharbada garaiko kontu berezi eta arrotz asko nola edo hala egokituz.

Bigarren kasuan, berriz, baliabideren bat bilatu beharko litzateke irakurleak klasikotasunaren hautsa sumatu ahal izateko. Zer baliabide, ordea? Pablo Ingberg argentinar itzultzaileak oso gogoeta interesgarria egiten du gai honetaz, nolabait bi bideak uztartuz, George Steiner itzulpen-teorialariak After Babel saiakeran esandako hitz hauek oinarri hartuta: «Itzulpen bikainek etxekotu egiten dute kanpoko obra jatorrizkoa, distantzia linguistiko-geografiko nabarmenaren ordez denbora-distantzia sotil eta barneratua ezarriz». Hala, Ingberg-en arabera, «lotu egiten dira bi norabide itxuraz aurkakoak: irakurlea denboran idazlearengana eramatea, historizatzea; idazlea espazioan irakurlearengana ekartzea da, etxekotzea». Eta hori lortzeko, Steiner-ek berak iradokitzen zuen bezala, itzulpena arkaismo-dosi doi batez janztea izan daiteke bidea.

Gaia euskal itzulpengintzara ekarriz, badirudi Steiner-ek proposatutako bide hori ez dela gehiegi jorratu eta, aldiz, lehen bidearen alde egin dela. Balirudike arkaismo dosi hori toki berera daramaten bi bidetatik etor litekeela, teorian behintzat: euskalkiarenetik eta klasikotasunarenetik. Bien topalekua, beharbada, «lapurtera klasikoa» litzateke, itzultzaile bakoitzaren era eta neurrira erabilia. Gabriel Arestik hala jokatu zuen hainbat itzulpenetan, eta beste hainbeste egin du Jean Baptiste Orpustanek Aro galduaren bila Marcel Proust-en obraren itzulpenean, besteak beste. Ez da izan, ordea, joera nagusi bat. Esaterako, Literatura Unibertsala bildumako testu zaharrenen itzulpenetan hizkera eta sintaxi nolabait “jasoak” baliatu dira, baina ez hurbilagoko testuetan baino gehiago, esan bezala testu garaikideak balira bezala irakurriak izateko. Hortxe daude, adibidez, Urrezko astoa, Hamlet, Hautapen ahaidetasunak, Pertsiar gutunak, Gulliverren bidaiak, Hau ez da ipuina edo Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar, zaharrenetariko batzuk aipatzearren.

  1. Alemanezko Draisine-tik (edo Laufmaschine); draisiana (es); draisienne (fr); dandy horse (en).