Hemezortzi

Hamabi urte zituela, zahartxoa iritziko zion, noski, 18 urteko lehengusinari. Hamasei bete zituen, eta xehetasun guztiz asmatuko zuen 18ko neska katxarroarekin muxuka eta zirrika ibili zenekoa, ikastolako lagunen aurrean gixon. Hogeita seirekin, berriz, gustura asko oheratuko zen 18 urteko lankide berriarekin, jainkosa hark nahi izan balu. Hogeita hamasei bete zituela, 18ko ikaslea nola liluratuko ibiliko zen oraindik, inozo hura. Urte askotan, gero, pikondoan altutxo den ale umoari nola, halaxe erreparatuko zien 18 urteko umeei, noiz jalkiko, alabaren adinkide zituela ohartu ere gabe. Laurogeita sei xahutu dituen honetan, 18 urteko erizainak igurtzi dizkio, atzenean, koskabilo dagoeneko zimurtuak, goiz aldera pixoihala aldatzera etorri zaiolarik.