Lehen egunak, lehen patarrak

Dunbarriak egunsentian

Hendaian hasi (Pirinioen hasiera edo bukaeratzat jotzen den Higer lurmuturra bistan dela) eta Pirinioen bukaera edo hasieratzat jotzen den Cap de Creus lurmuturrean bukatu, horra asmoa. Hendaian hasi, egin haiz; noraino iritsiko haizen, batek zekik! Izan ere, hire asmoa hobeto entrenatuta abiatzea zuan, eta ez 2.000 km eskas eginda. Baina seko moztu –eta aldarazi– ditik hire –eta denon– planak ditxosozko itxialdiak, eta, ikusita gauzak nola dauden, edo orain egin edo auskalo noiz.

Ander Izagirrek dio, bere Pirenaica. Catorce crónicas de la cordillera-n1, bizikleta bidaiak bere etxeko atetik hastea gustatzen zaiola, zapatilla pedalean ahokatzea bezalako keinu ohiko batek –klak– abentura baten agindu hotsa dakarkiola edo.

Uztailak 5, igandea. Urduritasunagatik-edo, sei eta erdietarako esna hintzen gaur goizean. Gosaldu aurretik bainua hartu duk Hondarraizko plaia luzean (gauza batzuk gero kontatu ahal izateko egiten ditinagu… ala?): ordu horretan ez zegon arazorik segurtasun distantzia gordetzeko, 1,5 km-koa ere aise utz liteken pertsona batetik bestera, gaur goizean uretan zebiltzan surflariak gorabehera. Ura epela zegonan, eguzkia abiatua zunan dagoeneko Dunbarrien gainetik.

Gosaldu, puskak prestatu eta klakaren bila hasi haiz, irrikaz eta urduri: kaka zaharra!, zapatillak falta dituk… eta zapatillarik gabe, klakik ez. Abentura ederra, hirea, hasiera behintzat ez duk oso itxurosoa izan oraingoan ere (gauza batzuk hobe dituk ez kontatzeko, kontatzeko baino). Atzerapen handiarekin, zapatillen kontu hori dela-eta, baina hamaikak baino lehen bidean jarri haiz, halere. Atzerapena eta, harekin batera, baita aitzakia polita ere: lehen egunerako pentsatuta hituen bi aukeren artean, errazena hartuko duk.

Udatiarren Hendaia atzean utzi, eta Ibardinen gora abiatu haiz, bentadiktoen artean: edozein igandetan handia izaten duk hemen autoen emana, baina uda partean izugarria duk. Bazter batean geratu, eta azken behakoa eman diok paisaiari, itsasoari. Gaina pasatu, zerbait jan, eta behera abiatu haiz, Bera aldera: askoz ere trafiko gutxiago hemen. Beherakoan, bi lagun bizikletan, behetik gora haiek: hondartzara omen zoazak (hauek ere ez ditek, alajaina, biderik zuzenena eta laburrena hartu, hondartzara joateko: bejondeiela!). Tarte batez berriketan aritu haiekin, eta aurrera, ez muxu eta ez ezer (ohiturak aldaraziko zizkigutek azkenean, larri ibili!).

Gaurkoz, Ibardinek zuritu beharko dik “Pirinioetako Zeharkaldi” izena izan nahi duen bidaia hau: Beratik aurrera biderik zuzenena hartuko duk, gaurko helmuga den Arizkuneraino, ez Lizarieta eta ez Otsondo: Lesakako bidegurutzea, Igantzikoa, Sunbilla, Doneztebe… Bidasoaren freskuran-edo denbora guztian, hura behera eta hi gora. Elizondora berotuta iritsi haiz, hala ere, 30 gradutik gora markatzen dik termometroak. Ogitarteko bat jan, hidratatu –bi kaña limoiarekin: ederki sartu dituk, bata bestearen atzetik–, kafetxoa eta aurrera. Hiru eta erdietarako Arizkunen hintzen; baduk astia atseden hartu eta indarberritzeko, biharkoa gogorragoa izango duk eta.

Azpilkueta Arizkundik

Uztailak 6, astelehena. Eguna ez dik atzo bezala zabaldu, ilun eta goibel zegok gaur. Izpegi aldera begiratu, eta lanbrotzarra ageri duk nonahi. Hala ere, goiz abiatu haiz, Erratzun gosaldu, eta lehor samar heldu haiz Izpegi gainera. Lanbroak busti egiten dik han, ez duk ezer asko ikusten inguruan. Horrela, bada, Baigorrira dezente bustita iritsi haiz, eta txokolate beroa hartzea pentsatu duk: Laia itxita zegoenez, plazako tabernan hartuko duk. Giroa umel zegok, eta hoztu egin haiz terrazan eserita.

Arizkundik
Baigorri goizean

Donibane Garazin egon ohi den lagun bati idatzi diok, ea elkar ikusteko paradarik ba ote zen jakitearren: ez, Donostian omen zebilek egun hauetan. Irulegin barrena joan haiz Garaziraino, patarrak izanagatik laburragoa duk eta. Goiz duk bazkaltzeko, baita hemengo nafarrentzat ere: aurrera, Donazaharreraino, eta han jango duk zerbait. Arratsalderako hobetuko duela zegok iragarrita, ateri zegok… Segi, ba, gaurko mendaterik gogorrenerantz.

Lekunberri, Mendibe, Beorlegi

Metropolitik heldutako ingeniariak, Frantziako bazter hauetan errepideak trazatu zituztenak, hilda egongo dira dagoeneko denak. Bestela, Garaziko edo Mauleko epaitegira jo eta demanda bat jartzea merezi lukete. Ba ote da munduan beste inon horrelako maldatzarrik, horrelako patar gaiztorik, horrelako aldapa puska zitalik? Ezetz esango nuke. Kilometro oso batez % 14ko pendiza sufritu eta gero –tarte batez % 17 ere ikusita!–, gustura hartzen dira gero % 11tik jaisten ez diren kilometroak, errebueltarik batere gabe borturantz “gora eta gora beti” egiten dutela…, jakin gabe azken kilometro osoak, ia hamaika egin eta gero, % 13,5eko malda asesinoa duela. Demanda baino gehiago ere bai, ongi merezia.

Ahuzki gainean

Gauza batzuk hobe dituk ez kontatzeko –ez al ginen horretan gelditu?–, eta oraingoan ere gorakoaz paso egin eta aldapa behera Atharratzeraino zer gustura jaitsi haizen kontatuko duk. Atharratzen, hire Piellienia duk zain, nola ez. A zer dutxa ederra gaurkoa!

Biharko eguna ere gogorra zetorrek: zer nahi huen, ba, Pirinioetan!

  1. Geoplaneta. Barcelona, 2018.