Iluntzeko hamarrak laurden gutxi dira, jendez gainezka dago nasa, hiriburuko tren geltokian. Gazte jendea da nagusi, hondartzan eguna emanda datoz, itxuraz. Ekialdetik iritsi behar duen aldiriko trena berandutu egin da minutu batzuk; nasa nola, halaxe etorri da trena ere, azkenean: elkarren gainka jendea, segurtasun distantziak barregarri.
Kaka esplikatzea litzateke argazkiotan ikusten dena deskribatzen hastea, itsuak ere ikusiko luke. Airean birusik dabilenetz ez da sumatzen; musukoen ertzetik ageri diren begietan nabariak dira, ordea, kezka eta ezinegona. Eta aldamenekoen elkarrizketetan entzuten direnetan ere bai: “Ez zegok eskubiderik!”, “Errua, gero, gurea da beti.”, “Hona ez ditizten, ez, ertzainak bidaliko!”, “Honelako egunetan tren gehiago jarri beharko lituzkete, badakite jendetza pilatuko dela ordu honetan.”, “Bada aurrekoa beteago joan da, oraindik, hau baino!”… Neska kuadrila batekoen artean badira musuko bat bestearen gainean jantzita daramatenak. Aurrerago, berriz, badira berriketan ari diren beste gazte batzuk, maskara zaldiaren ahokoa bezala jantzita, kokotsaren azpitik tenk; ondo jartzeko eskatu die emakume batek, eta txintik esan gabe goratu dute sudurretik gora. Haien ondoan adineko bikote bat dago eserita, burumakur, zutik daudenak gainean dituztela, hamaika beso arku: estu eusten diote musukoari musuaren kontra, germenei sarbidea galaraziko dietelakoan edo.
Supituki, Ahots zerutar bat entzuten hasi da goitik, goi-goitik; isilik bidaiatzeko agindu du aurrena, eta hitz potoloak botatzen hasi da gero: “Autoerantzukizunerako garaia da, autoisolamendua dugu helburu; auzolana gidari, birusaren aurkako gerrate honetan”. Hitzon ondotik, konkretura jo du: “Gauerditik aurrera hobe denok etxean geratzen bagara”, eta, berriro ere, “birus gaizto honi aurre egin behar diogu denon artean”. Pulpitutik bailetorren, berbaldia luzatu egin da eta errieta bihurtu azkenerako: denon hobe beharrez ezarritako neurriak ez ditugula behar bezala betetzen, musukorik gabe gabiltzala alberdanian hara eta hona, horregatik gaudela gauden bezala; herritar xeheona dela gertatzen ari denaren errua, hein handi batean; gazteona, bereziki, ea zer den etengabe elkarrekin egon nahi hori… Kaleko edana dela-eta ere berealdikoak eta bi bota ditu Ahotsak, behin baino gehiagotan polizia bidali behar izan dutela azpimarratuz (horrek duen kostuarekin), eta garbi utzi du guztiz debekatuta dagoela kale zurruta; eta ikasketa bidaian joandako mukizu horiek, berriz, museoak ikusi gabe parrandan ibili direla neurrigabe, gehiegikerian… horregatik itzuli direla itzuli diren bezala. Agintariak gauzak zuzen egiten ari direla esan du Ahotsak –musika goxo batez lagundua, orain–, ez dagoela gehiago egiterik.
“Trenetik ateratakoan –jarraitu du Ahotsak, aho betez–, ez erantzi maskarak (aire librean ere derrigor erabili behar dira), eta metro eta erdi edo bi metroko segurtasun distantzia gorde; gogoratu aretoen edukiera mugatuta dagoela, eta mahai baten inguruan eser daitezkeenena ere bai (eta musukoak jakiak eta edariak ahoratzeko baino ezin direla kendu); eta ahal bezain laster erretiratu denok, gaueko hamarrak jota daude eta ez da unea orain gaztetxera, txokora edo tabernara joateko.” Azkenean, ziurtatu du oraingoan ere jarriko dituztela isunak –eta polizia ere prest dutela, behar izanez gero–, eta txintxo ibiltzeko.
Aldamenekoak, isilik Ahotsak bere jarioa isuri duen bitartean, artega mugitu dira beren eserlekuetan: “Botalarrigarria, neska, nora goaz jende honekin. Utikan mehatxuak eta sermoiak, utz gaitzatela bakean!”.
Trena geltoki batera iritsi berria da, eta bidaiari gutxi batzuk jaisten hasi dira. Kanpotik, poliziaren kontrako oihu batzuk aditu dira, pilotakada hotsekin nahasian.