Bizitza efimeroa: Koldobika Jauregiren bizialdia ospatuz

 
Bideoa eta diseinua: Mirari Errondosoro.
Musika: Susana Cencillo.


Joan den ekainean utzi gintuen Koldobika Jauregi artista eta lagunak. Orduan ez zen inolako jendaurreko ekitaldirik egin, baina uda ondoren zerbait egin nahi izan dugu herrian —Alkizan—, haren bizialdia ospatzeko.

Urriaren 4an, 19:00etan, prentsaurreko bat egingo da, eta artistaren gertukoek prestatutako erakusketa bat (eskultura, pintura, argazkiak…) inauguratuko da Alkizako Fagusen, hurrengo astean zehar izango diren ekitaldiei hasiera emanez.

Hurrengo ostegunean, hilak 10, Telmo Esnalen Dantza proiektatuko da, 18:30ean (zuzendaria bertan izango denez, filma ikusi ondoren solasaldirako beta izango dugu); eta ostiralean, 19:00etan, Antonio Casado de Rochak hitzaldi bat emango du, Koldobika gogoan hartuz. Bi ekitaldi horiek ere Fagusen izango dira; bestalde, erakusketa zabalik den bitartean (hilaren 18ra arte), argazki proiekzio etengabe bat ere ikusi ahal izango da bertan.

Koldobika Jauregi

Urriaren 12an egingo da ekitaldi nagusia, Alkizako plazan (eguraldiak galaraziko balu, eliza barruan izan beharko du), eguerdiko 12:00etan hasita. Hura amaitutakoan, herri bazkaria egingo da frontoian (14:30). Bazkarian parte hartu nahi izanez gero, erreserba egin behar da, honako email helbide honetara idatziz: bizitzaefimeroa@gmail.com.

Eta bukatzeko, Koldobika hil berritan idatzi nuen kanta ekarri dizuet gaur hona (doinua Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean kantarena da, noski):

Non habil, Koldobika?

Adiskide bat bazen
biziki langilea,
eskulanaren aria
zen harentzat janaria,
nirvanara bidea.

Mailu, trintxa ta ezten,
harri, zur ta burdina,
urre, ikatz eta kare,
haiekin jaun eta jabe,
sormenez guztiz fina,
guztiz fina.

Non habil, zein ortzitan,
Alkizako eskultore,
harriak hemen lagarik
hodeietan ote habil,
haiek orain hire ore? (bis)

Ameslari handia,
erronkarik erronka
proiektuak bor-bor beti,
bai bete ere temati,
txikira hordagoka.

Herriak bizi zuen,
hura haren afana,
artea eta kultura,
sorkuntza eta natura,
lagunak, elkarlana,
elkarlana.

Non habil, zein ortzitan,
Alkizako eskultore,
harriak hemen lagarik
hodeietan ote habil,
haiek orain hire ore? (bis)

 
Oharra: Jarduera guztien berri eguneratua izateko, jo hona: www.alkiza.eus.