Errepide luze bat, 900 km eta gehiago zulo dezenterekin, St. John’s hiriburu koloretsutik Port-aux-Basques-eraino: Trans-Canada autobidearen lehen –edo azken– atala. Berde erabat, ikusterre guztian; mendiak bai, baina ez handiak; ura edonon, errepidearen alde bietara: lakuak, ibaiak, fiordoak…; eta Ipar Atlantiko gaiztoa inguruan, askotan ikusten ez bada ere beti presente –apirilera arte hormatua, uhartearen ipar-ekialde osoan; icebergak herrari, udaberri-udetan–. Herrixka sakabanatuak; gasolindegiak noizbehinka; Tim Hortons bat (ahoska bedi tmrtns!) herrioro. Oso bizilagun gutxi halako lurralde zabalean: kilometro koadro ia, pertsonako. Altzeren bat edo beste tarteka, errepide bazterrean; haiekin kontuz ibiltzeko seinaleak nonahi.
Eta latitude hauetan ohikoa den argia, eguraldia bezain mudakorra.
Ohar historikoa (bakarra), gure-esku-dagotarrontzat: Ia 80 urte erdi-independente izan eta gero, bi erreferendum behar izan ziren, 1948an, Kanadaren menpe geratzea erabakitzeko: 52/48 izan zen bigarrenaren emaitza.