Cartagenan dabil bidaiaria, eta idazteko denboraz urri (bai, ez zaio iruditzen alferkeria denik, baina kontua da hiruzpalau egun joan direla jada ezertxo ere argitaratu gabe). Karibeko sargoriak ere ez du asko laguntzen, egia esan. Baina ez denez hondartza kontuak kontatzen hasiko, hona hemen atentzioa eman dion pasadizo bat.
Cartagenak 1811-11-11n, eguarteko 11etan (hala kontatzen dute museoetako gidariek behintzat) aldarrikatu zuen bere independentzia Espainiatik. Kolonbiako lehen hiria izan zen horretan, eta Hego Amerikako bigarrena, Caracasen ondoren. Gero etorriko zen espainolen birkonkistatzea, Pablo Morillo Bakegilearen (sic) eskutik: 1815ean hiria setiatu zuen, eta izugarrizko gosetearen eta gaixotasunen ondorioz 6.000 pertsona inguru hil ziren barruan, populazioaren heren bat, gutxi gorabehera; setioak 105 egun iraun zuen. Errepresioa ere izugarria izan zen gero: erbesteratuak, espetxeratuak, fusilatuak…
Kolonbiaren independentziarekin batera eskuratu zuen Cartagenak ostera askatasuna, 1821ean, baina beste mende oso bat joan zen 1815ean zuen populazioa berreskuratu arte.
Edonola ere, bidaiariari atentzioa eman diona 1811ko Cartagenaren Independentzia Akta da, irakurgai interesgarria zinez (ez da oso luzea). Hona hemen azken paragrafoaren hasiera:
Agotados ya todos los medios de una decorosa conciliación, y no teniendo nada que esperar de la Nación española, supuesto que el gobierno más ilustrado que puede tener desconoce nuestros derechos y no corresponde a los fines para que han sido instituídos los gobiernos, que es el bien y la felicidad de los miembros de la sociedad civil: …
Aspaldikoa izanagatik ezaguna egin zaio bidaiariari… eta behar denerako kontuan izatekoa iruditu!