Kolonbia, Kolonbia: lehen inpresioak (2)

Hasteko, esan beharra dago bidaiariak ez duela Kolonbiaren azken mende erdiko historiaren berri ez freskorik, ez sakonik, eta, beraz, litekeena da zehaztasunik gabe aritzea blogoeta hauetan; barkatuko ahal zaio. Sarreron izenburuak dioen bezala, inpresioak besterik ez dira hauek. Gora eta behera dabilenaren inpresioak, jendearekin gaia ateratzen saiatuz jasotakoak. Aipatu historia horren berri zertxobait ikasten –eta ulertzen– ahalegin berezia egiten ari denak bildutakoak. Medellineko Memoriaren Etxean birritan egon, ordu batzuk eman, eta hitzaldi pare batetik ateratako ondorioetatik eratorritakoak. Bake Akordioen ia 300 orrialdeko txosten osoa irakurri ez arren, duela lau urte negoziazioei hasiera emateko sinatu zuten 6 orrialdekoa irakurri eta gero oldoztutakoak. Eta Medellineko Candelariako Amek, desagerrarazitakoak ager daitezen eskatuz, duela hamasei urtetik hona ostiralero egiten duten “plantoian” (kontzentrazioan) egon eta gero hausnartutakoak –eguzkipe gogorrean egin ohi dute hemen, arratsaldeko ordu bietan; eta ostiralarekin hemen ere!

Kolonbiako gatazkaz hitz egiten denean, azken 50 urteetako gatazkaz hitz egiten da, batez ere, zenbaitek azken aldi gatazkatsu honen sustraiak zaharragoak direla badiote ere. Mende erdi honetako biktima kopuruak izugarriak dira: 220.000 hildako, 26.000 desagertu (desagerraraziak, kasu gehienetan), 5.000.000 pertsona lekualdatzera behartuak… Sei milioi biktima aipatzen dira, guztira (joan den asteko Berriako artikulu batean beste kopuru batzuk aipatzen ziren, handiagoak, batez ere desagertuei dagokienez). Gerran jardun dira Estatua, bere mende dituen indar armatu guztiekin (paramilitarrak barne: AUC, batez ere), ezkerreko erakunde armatuak (azken urteetan FARC eta ELN, batez ere), narkoindustriaren munduan mugitzen diren taldeak… Gerra, hala esaten baitiote denek, landa eremuan gauzatu da gehienbat, hirietatik urrun.

Aipagarria da Unión Patriótica (UP) alderdi politikoaren kideek jasandako jazarpena, alderdi horretako 5.000 edo 6.000 kide garbitu baitzituzten 80ko eta 90eko hamarkadetan paramilitarrek; genozidioaz hitz egiten dute askok, nahiz eta epaileek oraindik halakorik onartu ez. Uribe presidente ohiaren aurkako susmo handiak daude, gainera, paramilitar horien antolaketa eta finantziazioaren atzean legokeen X jauna bera litzatekeela, alegia; narkoek ere laguntza polita eman zuten hilketa haietan, FARCekoek haien koka sailen aurka egiten zituzten erasoak aitzakia hartuta. Egungo presidente Santosek, berriz, egun hauetan adierazi berri du Estatuaren aldetik lotsatuta dagoela UPrekin gertatu zenaz; ez du aitortu Estatuaren erantzukizun zuzena hilketetan, baina bai ez zuela nahikoa egin genozidio hura galarazteko. UP FARCek eta Kolonbiako Alderdi Komunistak sortu zuten, 1985ean, borroka armarik gabe jarraitzeko helburuarekin.

Han eta hemen irakurritakoetatik beste gauza asko konta litezke, baina luze joko luke. Bidaiariak ahaztu nahi ez dituen batzuk utziko ditu hemen idatzita, apunte moduan (oso kontu desberdinak dira, lotura handirik gabe aipatuak):

  • Hilketak, bahiketak (oso luzeak, batzuk), masakreak, bortxaketak; desagerrarazteak; haur eta nerabeen errekrutatze behartua (bi aldeek egina); komunitate osoen lekualdatze behartuak; narkoen parte hartzea estatuaren eta talde armatu iraultzaileen arteko gerran; paramilitarrak eta estatu terrorismoa… Gerra, finean.
  • Gerra, eta zikina, gainera –gerra garbirik baldin badago!–:
    • positibo faltsuak: zibilak erail, uniformez jantzi, eta borrokan hildako gerrillaritzat aurkeztu prentsaren aurrean;
    • kanibalismo kasuak, paramilitarren aldetik, batik bat, soldadu gaztetxoen iniziazio gisa erabiliak;
    • gorpuen zatikatzea, motozerrak erabiliz;
    • suge pozoitsuen erabilera, hilketa masiboak masakretzat kalifikatuak izan ez zitezen;
  • Mampuján izeneko herriko emakumeek bizi izan dituzten izugarrikeriak ahoz kontatzeko gai ez, eta josten dituzten mantetan irudikatu dituzte gertatutakoak: artea, ez ahanzteko bide.
  • Biktimen kontura bizitzen ikasi duten putreak ere ba omen dira hainbat, kasuen jarraipenagatik direnak eta bi eskatzen dituztenak.
  • Terrorismo hitza ez da agertzen Habanan sinatutako akordioan. Tortura zazpi aldiz ageri da 297 orrialdeko txostenean, gizateriaren aurkako beste krimen guztiekin batera beti (genozidioa, bortxaketak, gerra krimen larriak eta abar).
  • Bake prozesua aurrera badoa, estatuaren aurrekontuen parte handi bat (bidaiariak % 18tik % 70era bitarteko kopuruak ikusi ditu, asko edonola ere) gerrarako erabiltzetik, azpiegituretan, hezkuntzan eta osasungintzan erabiltzera pasatuko litzateke –edo pasatzen ahal da, behintzat–; ahaztu gabe, noski, akordioa bera inplementatzeko ere diru asko beharko dela.

Horiek horrela… zerk ekarri du, bada, bidaiaria, lehen inpresio ezkor hartatik baikorrago batera pasatzera? Hainbat gauzak.

Batetik, Uribe presidente ohia bake prozesuaren kontra egoteak iritziak polarizatu egin dituela ematen du. Batzuek diote egungo presidenteak, Santosek, jarri dion tranpan erori dela Uribe, ezezkoaren alde hain nabarmen lerratuz; azken batean, joko horren ondorioz, eta baiezkoaren aldekoek garbi ikusten dutenez garaipena, arerio politikoa baztertuta utziko luke. Egun hauetan baiezkoaren aldekoak komunikabideetan lortzen ari diren presentzia handia –Santos NBEren Asanblearen aurrean mintzatzen edo Obamarekin bilduta erakutsiz, adibidez– itzal egiten ari zaie ezezkoa bultzatzen ari direnei. Bestalde, bakea nahi ez duenak gerra nahi du; ezezkoaren aldekoak jendaurrean horrela geratzen ari direla lirudike, behintzat.

Mompoxeko lau filigrana-egile gazteekin izandako elkarrizketa polita ere gogoan geratu zaio bidaiariari: ezezkoa garbi zuen neskaren ondoan (aurreko blogoetan aipatutako arrazoiak aipatzen zituen), baiezkoari % 75eko portzentajea pronostikatzen zion mutila zegoen, oso argi zuena baiezkoa bozkatu behar dela Kolonbiak bizi duen gerra egoerarekin amaitzeko; eta beste bi mutilak, baiezkoak irabaziko zuela ziotenak, nahiz eta gauzak hain argi izan ez. Beren herriaren etorkizunaz kezkatutako gazteak iruditu zitzaizkion behintzat.

Eta bukatzeko: Cartagenan eta Mompoxen ibili eta gero, Medellinera itzuli da bidaiaria, eta bigarren aldi honetan jaso duen inpresioa, oro har, bestelakoa izan da.

Ostatu hartu duen etxearen jabeak, esaterako, prozesuaren alde daude, inolako zalantzarik gabe. Lucho eta Margarita senar-emazteak: irekiak, ezkertiarrak, erdi-goi mailako klasekoak, erretiratuak (70 urte inguru). Luze hitz egin du haiekin, eta nahiko ados etorri da gauza gehienetan. Euskal Herriaz ere badakite zertxobait, bidaiariak Kolonbiaz etorri aurretik zekienaren pare bai behintzat. Eta azaltzen zaizkien gauzak ulertzeko buru irekitasuna eta prestutasuna antzematen zaie. Luchok eta Margaritak ez dute zalantzarik, plebiszitua aurrera aterako da. Luchok dioenez, gerra batean alde batekoen erabateko garaipenik ez badago, negoziazio bidez egin behar da bakea (batzuen garaipena dagoenean, aldiz, ez dago negoziaziorik).

Giroa beroago sumatzen da, azken batean, eta baiezkoaren aldeko giroa nagusitzen ari dela iruditzen zaio orain bidaiariari.

  • Pedro Claver misiolari "ona" eta "indioa". Cartagena de Indias.
    Pedro Claver misiolari "ona" eta "indioa". Cartagena de Indias.

 

Oharra: Gai honi buruzko hurrengo (eta azken) sarreran, Medellinen izandako mahai inguru batean entzundakoak laburbilduko dira.